Mendi Film Festival jaialdiak Gasteiztik Bilbora egingo du salto, bosgarren aldia ospatzeko. Abenduaren 14tik 23ra bitartean, hamaika jarduera egongo dira hiru agertokitan banatuta: BBK aretoan, Alondegian eta Euskalduna jauregian.
Ia hamar egunetan, 40 lanetik gora emango dituzte. Horiek izango dira, jaialdiak ematen dituen zortzi sarietarako hautagaiak. Ez dira izango soilik eskalada eta alpinismoaren inguruko ikus-entzunezkoak; abentura, eskia, ekologia, ingurumena eta etnografia ere landuko dituzte.
Ikus-entzunezkoen emanaldiez gain, beste hainbat motatako jarduerak prestatu dituzte, hala nola erakusketak, aurkezpenak, hitzaldiak... Ezusteren bat edo beste ere izango dela adierazi dute jaialdiaren arduradunek. Baina,ekitaldi guztien artean, argazkilaritzaren eta ikus-entzunezko produkzioen inguruko hiru ikastaro azpimarra daitezke. Argazkilaritzan eta ikus-entzunezkoaren munduan esperientzia asko duten profesionalek eskainiko dituzte: esaterako, Santi Yaniz, Euskal Herria: La mirada mágica programako arduraduna, eta Pablo Iraburu eta Migueltxo Molina, Iñaki Ochoa de Olza mendizalearen erreskatea kontatzen duen Pura Vida filmaren zuzendariak.
Lehen ikastaroa, Santi Yaniz bilbotarrak zuzentzen duen Mendi Argazkilaritza tailerra izango da. Urteen poderioz, paisaiak argazkietan nola islatu behar diren ondo ikasi du Yanizek; ikastaroan, bere esperientziaren bidez ikasitakoa transmititzen saiatuko da bilbotarra. Abenduaren 15ean eta 16an emango dute, eta, gehienez, 18 pertsonak hartuko dute parte. Izen emateak 100 euro balioko du.
Bigarrenak, Mendiko historia bat nola kontatu behar den erakustea izango du helburu. Pablo Iraburuk gidatuko du ikastaroa,eta film baten produkzioaren prozesu osoa azaltzen saiatuko da. Abenduaren 17an eta 18an izango da, eta, gehienez, 20 pertsonek hartuko dute parte. Izen emateak 200 euro balioko du.
Hirugarrenean, goi mendiko ikus-entzunezko produkzio baten grabaketa, artxiboen kudeaketa eta editatzea irakatsiko dituzte. Migueltxo Molina eta Jorge Fernandez izango dira arduradunak. Abenduaren 19an eta 20an izango da, eta 20 pertsonak hartuko dute parte, gehienez. Izen emateak 200 euro balioko du.
Ikastaroetan lekua bermatzeko, izena eman daiteke, jada, [email protected] edota [email protected] helbidera idatziz.
Mendia
Mendi Film jaialdia prest
Bilbon izango da Mendi Film jaialdia bosgarrengoz, abenduaren 14tik 23ra bitartean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu