Mari Abrego

Mendia beste era batera ulertu zuen

Mari Abrego hil da. Abrego eta Josema Casemiro izan ziren K2ra igo ziren lehen euskal mendizaleak, 1986an. Abrego erreferente bat izan da hainbat belaunaldirentzat.

IÑIGO URIZ /FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Azken asteetan bi erreferente galdu ditu euskal mendizaletasunak. Martxoaren 27an Xabier Erro hil zen, 1980anEverestera igo zen lehen euskal espedizioko kidea. Atzo, berriz, Mari Abrego zendu zen, (Los Arcos, Nafarroa, 1944), Josema Casimirorekin batera, K2ra igo zen lehen euskal herritarra. Erro eta Abrego minbiziak jota hil dira.

Mendiaren inguruan izan zuen ikuskeragatik eta hainbat belaunaldirentzat eredu izateagatik nabarmendu zen Abrego. Gidari moduan, gainera, jende asko eraman zuen mendira. «Bere bizitzeko modua zen», nabarmendu du Casimirok. Libre sentitzen zen bertan, eta gustuko zuen tontorrera igo ondoren Mikel Laboaren Txoria txori entzutea.

Goi mailako mendietan utzitako arrastoa handia izan da. Gutxienez 30 aldiz igo zen Aconcaguara (6.962 metro), eta bost zortzimilako ere egin zituen: Makalu (8.481 m), K2 (8.611 m) Nanga Parbat (8.126 m), Broad Peak (8.051 m) eta Cho Oyu (8.201 m). Lau aldiz saiatu zen Everestera (8.848 m) igotzen. Baina ez zuen lortu. Ez zuen damurik, ordea. Hala aitortu zion BERRIAri, 2009an: «Ez da izan izan nezakeen bertze edozein arantza baino handiagoa. Everest ez zen inoiz izan nire mendirik gogokoena».

Txikitatik zuen ametsa beste zortzimilako bat zen: K2. Igotzea lortu zuen bigarrena izan zen, Makalu izan baitzen lehena. Makalu igo baino urtebete lehenago saiatu zen K2ra igotzen, 1988an, Casimiro eta beste zazpi mendizalerekin batera. Baina eguraldia tarteko, atzera egin behar izan zuten. Etsitzen azkena Abrego izan zen. Hala du gogoan Casimirok:«Tematia, gogorra, eta pazientzia handikoa zen. Tontorretik 161 metrora geratu zen».

Ordutik, berriro igotzea izan zuen buruan: «Azken batean, K2 harrapatu egiten zaituen mendi bat da, parez pare begiratu eta perfektua baita», zioen. 1986an kendu zuen arantza, Casemirorekin batera. Renatto Cassarotok egin zien berriz hara joateko proposamena: «Iruñera proiekzio bat ematera etorri zen aldietako batean esan zigun K2ra joateko gonbidapena zuela, eta ea joan nahi genuen. Baiezkoa esan genion berehala». Abregok argi zuen espedizio hura ezin zela aurrenekoa bezalakoa izan. «Beste modu batera egitea zuen buruan, oxigenorik gabe eta askoz material gutxiagorekin». Hala egin zuten: «Zoragarria izan zen. Oso egokitzapen ona egin genuen, eta hori ere erabakigarria izan zen». San Joan bezperan iritsi ziren tontorrera. «Oso eguraldi ona egin zuen. Goian apenas ateratzen zitzaizkigun hitzak. Elkar besarkatu, eta inguruari so egon ginen».

Jaitsiera gogorra eta zaila izan zen, ordea, eguraldi oso txarra egin zielako. «Ez zen ezer ikusten 20 metro baino urrutirago. Pazientzia izan genuen, eta horrek une bakoitzean erabaki aproposak hartzen lagundu zigun», gogoratu du Abregoren soka lagunak.

Beste batzuek ez zuten zorte bera izan. 1986a urte oso beltza izan zen K2n. Hamahiru mendizale hil ziren bertan, tartean Cassaroto. «Gu bueltatu, eta hura han geratu zen, beste ahalegin bat egiteko, gurekin ez baitzuen lortu. Kolpea izan zen».

Beldurrik ez

Hitz egin al zuten horretaz? «Heriotzaren edo beldurraren gaia ez zen ateratzen gure artean. Ez duzu horretan pentsatzen. Zuk buruan duzuna disfrutatzea da». Abregok hala zioen: «Deus ez gertatzeko adina zuhur bazara, hobe duzu etxean geratu».

Harentzat garrantzitsuena ez zen gailurra edo igotzen zuen mendiaren garaiera. «Urte luzez aritu nintzen Pirinioetan, eta inoiz ez zaizkit txiki geratu». Garbi zuen beretzat zer zen mendia: «Mendi bakoitzak herri eta jende bat du atzetik, eta horiek ezagutzeko aukera ematen dit».

Kritiko agertu zen egungo espedizioekin. «Errespetatzen ditut, garaiak aldatu direlako. Bainanik mendia bizi nuen; orain, gailurra bertzerik ez dute nahi. Trofeo gisa ikusten dut. Atzera goaz. Mendiak dituen gaur egungo gauza gehienak bazter uzten ditut».

Traumarik gabe utzi zuen goi mailako mendia: «Uzteko erabakia mahai gainean jarri gabe utziz joan naiz. Gaitasunak galduz zoaz, bai fisikoak bai burukoak. Erronkari poztasunez eta gogoz egin behar diozu aurre, eta, hori ez dagoenean, hobe da uztea». Baina mendia ez zuen sekula utzi, urteetan gidari lanetan aritu baitzen. «Jende askoren ametsak egia bihurtu zituen».

Azkenaldian, dena den, ez zen asko joaten: «Ez gaixotasunagatik bakarrik, baizik eta aldakan ebakuntza egin ziotelako iaz. Bizikletan ibiltzen zen orain batez ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.