Inor gutxi uzten du hotzepel Urrielluko mendebaldeko hormak. «Zirrara eragiten du azpialdean jarri eta parean duzunari erreparatzeak», oroitu du Ekaitz Maizek. Euskal Herriko kirol eskalatzailerik indartsuenetako bi dira Maiz eta Ulaiar, baina uda rokodromoetatik eta eskoletatik horma handietara jauzi egiteko baliatu dute. «Haizez aldatzea komeni izaten da, eta non topatuko genuen Urriellukoa baino haize gozoagorik?». Haitzaren kalitateak -kareharria-, bidearen mitikotasunak eta zailtasun, konpromiso eta dotoreziak eraman zituen Urriellura.
Eskarmentuaren garrantzia
Astebeteko lanaren ondoren bidearen luze guztiak era askean eskalatu zituzten, eta jarduera biribiltzeko behetik goraino bidea osotasunean eskalatzea falta izan zuten. Maizek berak azaldu ditu zergatiak: «Arantzarik ez zaigu geratu, arantza hitza baino nahiago izaten dugu eskarmentua erabili. Bai Aitorrek eta bai nik luze guztiak sokaburu joanda kateatu genituen, ez jarraian, baina rokodromotik gatoz eta hurrengo erronka baterako eskarmentua hartu dugu Urriellun. Azpiegitura egokiagoarekin eta eskarmentuarekin, jarraian eskalatu genezakeela uste dut».
Izan ere, bederatzi egunerako joan ziren Urriellura, eta, noski, prestatu beharreko motxila berehala geratu zitzaien txiki. «Soka, eskaladarako materiala, kanpin denda eta traste guztiak, janaria... Hainbeste gauza eramanda, pisua arintzen saiatu ginen, eta ez genuen eraman hamakarik, soka estatikorik eta gindolarik». Gindolen damu txiki bat badute: «Bidea lantzeko hobe genukeen soka estatiko bat eta gindolak eraman izan bagenitu».
Bostehun metro luze ditu bideak, eta lehenengo bost luzeak dira zailenak: 7b+, 8a, 8a+, 7c+ eta 7a+. Bermellako sabai ikusgarria du abiapuntu, eta horrek ere berezi egiten du. Eskalada eskola batean zailtasun horietako bideak gainditzea ez litzateke, akaso, hain zaila, baina kirol eskaladako bide laburretatik Urriellukoaren gisako horma handi batera jauzi egitean erabat aldatzen dira eskaladaren eta zailtasunaren dimentsioa.
Behetik hasita banan-banan joan ziren luzeak lantzen eta kateatzen. Lau egunetan eskalatu zituzten lehenengo lau luzeak, bat eguneko. «Luze guztiak lantzen eta kateatzen joan ginen; beheko luzeak eskalatu genituen aurrena, ondoren goikoak lantzeko». Luze bakoitza biek eskalatu zuten sokaburu, eta bosgarren eta azken eskalada egunerako utzi zituzten gailurrera daramaten gainerako luzeak. «Plaka fin eta teknikoekin topatu genituen, eta ustekaberen bat hartu ere bai: 6c graduko luze bat, adibidez, guretzat 7b-koa litzateke», dio Maizek, 2002an Josune Bereziartuk luze horretan izan zuen 20 metroko jauziari erreferentzia egitearekin batera.
Beroa izan zuten beste aldagai bat eguneroko jarduna oztopatu ziena. Eguzkiak horma bete-betean jotzen duenean, kiskali egiten da eskalatzailea. «Luze guztiak denbora gutxiagoan kateatu genitzakeen, baina arratsaldetan bero egiten zuen horman, eta nahitaez jaitsi behar izaten genuen. Bigarren egunean ez ginen jaitsi, eta azkenerako ia kordea galtzekotan izan ginen», oroitu dute eskalatzaileek.
Garaiak aldatu direla adierazten du bidea eskalatzeko aitzindariek erabili zuten estilo artifizialak eta egungo eskalatzaile askok darabilten era askea. Maizek eta Ulaiarrek eskalatzeko moduen inguruan gogoeta egiteko tartea ere hartu dute. «Duela 30 urte eskalatzaileek garbi zuten: edozein modutara linea edo bide ikusgarrienetik igotzea. Bermellako sabaiko luzeak burilez josita daude, esaterako. Garai hartan zeuzkaten baliabideak eta eskaladan zegoen maila ikusita, oso erronka handia zen Pilar del Cantábrico-ren gisako bide bat eskalatzea. Ez dut uste bide hori gaur zabalduko balitz daukan marra jarraituko lukeenik, beste mentalitate batekin irekiko litzatekeelako egun. Ez dago era askean eskalatzeko prestatua».
Hainbat pasartetan konpromiso eta tentsio handia eragiten du Pilar del Cantábrico-k. «Bide bezala bikaina da, eta atzean duen historia bidean bertan argi ikusten da. Jarraitzen duen lerroa artifizialean eskalatzeko da, eta era askean eskalatzeko orduan datoz komeriak». Komeriak komeria, ikusitakoarekin eta ikasitakoarekin gustura dira Maiz eta Ulaiar, eta hartutako eskarmentua etorkizunean baliatzeko prest.