Mendiak, bere luze-zabalean, jarduera, diziplina eta kirol askori egiten die lekua, eta horrela erakutsi zuten atzo iluntzean Tolosan bildutako solaskideek. Mendiak zer eman dien galdetuta, Malen Osak familia aipatu zuen aurrena, umetatik jasotako mendizaletasuna. «Orain, agian, lehiakorragoa bihurtu da mendia, baina betiko maitasun horrek hor jarraitzen du». Iñaki Antiguedadek garbi utzi nahi izan zuen berak mendiari horizontalean begiratu izan diola batez ere, kirol ikuspegitik aldenduago. «Ni beti izan naiz haranen zaleagoa, basozaleagoa edo errekazaleagoa, jende gutxiko espazio zabalen zaleagoa».
Ikusi gehiago
Kontxi Franco Montes Solidarios elkarteko kideak poliomielitisa izan zuen bederatzi hilabeterekin, eta gaitzak mugimendua murriztu zion. «Horregatik, mendia urrun ikusten nuen lehen. Orain, aldiz, Montes Solidarios taldeari esker, aukera daukagu mendira gerturatzeko, eta azken sei urte hauetan mendiaz gozatzeko aukera izan dut».
«Mendia urrun ikusten nuen lehen, baina, Montes Solidarios taldeari esker, azken sei urte hauetan mendiaz gozatzeko aukera izan dut»
KONTXI FRANCO Montes Solidarios elkarteko kidea
Mattin Iñiguezek hitz mardul bat aipatu zuen: zoriontasuna. «Niri zoriontasuna ematen dit mendiak. Kirol asko egin izan ditut mendian: eskalada, bizikleta, arroila jaitsierak, eta gaur egun, parapentea. Lehen lurretik ikusten nuena orain zerutik ikusten dut. Baina guztietan asko gozatu izan dut».
Mendia eta lehia hizpide hartuta, Osak biak uztartzea lortu duela dio. «Batzuek esaten dute lehia sartzen denean ez dela mendiaz gozatzen, baina hori ez da egia». Iñiguez aurten barneratu da lehiaren mundu horretan, parapenteko Red Bul x-Alps proban, eta, haren iritziz ere, «sufrimendua jasotzen duzun gozamenarekiko proportzionala bada, merezi du».
Antiguedadek, aldiz, ez du ulertzen lehia mendian. «Oso urrun geratzen zait. Zaila egiten zait ulertzea, adibidez, alpinistak zortzimilakoetara nola joaten diren arropa guztia propagandaz josita».

Masifikazioa, argazkia...
Mendian azken urteotan ―batez ere pandemiatik hona― gertatzen ari den masifikazioaren harira, Osak adierazi zuen «gorakada nabarmena» gertatu dela, baina berak ez duela, oraingoz behintzat, arazotzat hartzen. «Mendi lasterketen munduan garrantzi handia ematen zaio gai honi, eta neurriak hartzen dira. Balantzan jarrita trailen munduaren profesionalizazioa eta mendiaren zaintza, nik uste dut bide onetik goazela».
Antiguedadek kulturaren kontzeptuarekin lotu zuen masifikazioaren edo turistifikazioaren arazoa. «Masifikazioa, agian, leku jakinetan gertatzen da. Jendearentzat leku horretako argazkia da inportantea, eta beste guztia igarobide modukoa da, hurrengo fokura arte, eta han beste argazki bat, eta segituan lagunei whatsapp mezua, ‘hemen nago’. Hortaz, badugu halako kultura fokuzale bat, eta zabaltasuna ez da hainbeste estimatzen».
«Masifikazioa, agian, leku jakinetan gertatzen da. Jendearentzat leku horretako argazkia da inportantea, eta segituan lagunei whatsapp mezua, ‘hemen nago’. Badugu halako kultura fokuzale bat, eta zabaltasuna ez da hainbeste estimatzen»
IÑAKI ANTIGUEDAD Hidrogeologoa
Francok adierazi zuen «aniztasun funtzionala» dutenek orain arte ez dutela aukera aukera askorik izan mendira joateko, eta orain bide berriak ireki zaizkiela. «Gu ere masifikazio horren parte gara, baina beti azpimarratzen dugu zaindu egin behar dugula igarotzen garen ingurunea».
Iñiguezen esanetan, mendian bakarrik egoteko sentsazio hori desagertzen ari da. «Orain bi urte, Karakorumen izan nintzen [Pakistan], eta izututa itzuli nintzen: jendea 70.000 euro ordaindu, kanpaleku nagusira helikopteroz igo, Broad Peak gailurra zapaldu, eta berriro ere helikopteroz itzultzen zen. Nik han ez nuen mendizalerik ikusi. Masifikazioak debekua baino ez du ekarri. Mendia arautzen hasten bagara, dena amaituko da».
«Zaila egin zait sare sozialena onartzea, baina kontziente naiz profesional izatearen alde bat dela. Asko erakusten dugula ematen du, baina gorde ere asko gordetzen dugu guretzat»
MALEN OSA Mendi korrikalaria
Osak berretsi egin zuen fokuen kontu hori. «Ni Dolomitetan egon naiz lau astez udan, eta ez dut bizi izan masifikazio handirik. Jendeak nahiago du argazkiaren bila joan, naturan ibili baino. Alde horretatik, uste dut sare sozialak sekulako mina ari direla egiten, eta gizartea bera ere hori bultzatzen ari dela, erraztasun pila bat jartzen delako lehen dohain batzuk edukita iritsi zintezkeen lekuetara orain teleaulki batean irits zaitezkeelako. Eta ez dakit moda hau izan den bultzatu duena gizartea erraztasun horiek jartzera, edo erraztasun horiengatik etorri den moda hau».
Eta hor zabaldu zen sare sozialen gaia, eta argi geratu zen bi belaunaldien arteko arrakala. Antiguedad: «Ni ez naiz sareen batere erabiltzailea. Nik argazki asko ateratzen ditut, baina ez zait batere gustatzen partekatzea, ez bada hitzaldi baten testuinguruan eta hurbilean». Iñiguezek eta Osak batez ere lanbideari edo babesleekiko harremanari loturik erabiltzen dituzte sareak. «Nik gauza pertsonalak ez ditut partekatzen; kontziente naiz horrek duen arriskuaz; parapentearen inguruko gauzak izaten dira», jakinarazi zuen Iñiguezek. Osak, berriz, ogibide du mendia, eta bere «lanaren parte» sentitzen du sare sozialena. «Zaila egin zait hori onartzea, baina kontziente naiz profesional izatearen alde bat dela. Asko erakusten dugula ematen du, baina gorde ere asko gordetzen dugu guretzat. Batzuetan presio moduko bat sentitu izan dut hau edo bestea jartzeko, baina argi daukat ez dudala nire intimitaterik galdu sare sozialengatik. Gezurrik ez dugu esaten, baina egia guztia ere ez dugu kontatzen».
«Ni aurten sartu naiz lehiaren mundu honetan. Sufrimendua jasotzen duzun gozamenarekiko proportzionala bada, merezi du»
MATTIN IÑIGUEZ Parapentelaria
Mendian kristalezko sabai asko dauden apurtzeko galdetuta, Osak onartu zuen mendiko lasterketetan oraindik ere emakumezkoak eta gizonezkoak ez daudela pareko, «baina beste arlo edo kirol batzuetan baino parekatuago bai». Iñiguezek, berriz, parapentearen munduan «sekulako aldea» dagoela nabarmendu zuen. «Parapentea izango da parekotasun gutxien dagoen kiroletako bat. Adibidez, Alpeetako lasterketa honetan, 33 partaideetatik neska bakarra zegoen, eta kuriosoa da, zeren kirol oso mentala da, baina parapentean oso urruti dago berdintasun hori».
Beste hainbat gai ere izan ziren solasgai: ingurumenean sortzen den inpaktua, «munduaren azken muturrean ere plastikoa nonahi», Antiguedadek aipatu zuen moduan, debekuak, «gaur egungo ekologismo faltsu honen atzean dagoen hipokrisia» Iñiguezen hitzetan adierazita, Montes Solidariosek egiten duen lana «aniztasun funtzionala» duen jendeari mendirako leihoa zabaltzeko... Solasaldia osorik ikusi eta entzuteko aukera izango da arratsaldetik aurrera gure edizio digitalean.
 
     
    