Apokaliptiko samarra da irudia: mendiak erortzen, lurraren erraiak zabaltzen... Baina horixe ari da gertatzen mendigune askotan, klima aldaketaren eraginez: izotzez eta elurrez soldatutako granitozko edo kareharrizko orratzak eta mendiak hausten ari dira, eta glaziarrak eztarri sakonetan arrailtzen, lurra bera aho haietatik antsika ariko balitz bezala. Horixe gertatu zaie aurten Ekaitz Maiz (Etxauri, Nafarroa, 1979), Joseba Iztueta (Gabiria, Gipuzkoa, 1991), Ibon Mendia (Iruñea, 2002) eta Pablo Eskudero (Bilbo, 1989) euskal eskalatzaileei Karakorumeko Khane haranean (Baltistan, Pakistan). Tenperatura beroen eta euri jasa etengabeen ondorioz, «mendiak puskaka» erori zaizkie gainera, horrek duen arriskuarekin, eta ez dute eskalatzeko baldintza egokirik izan. Hala ere, bi jarduera on eginda itzuli dira, eskalada lerroak gailurreraino ez eramateak sortzen duen «gazi-gozoa» gorabehera.
Karakorum mendigunean ehunka haran eta zain nagusi daude, eta haietatik kapilar txikiagoak sortzen dira. Horietako bat da Khane harana: Husheko haranean (Baltistan, Pakistan), Khane herrian sortzen da haran estu hori, 5.000 metrotik gorako dorre eta orratzez harresitua. Azken urteotan, horrelako mendialde ezezagunetan dabiltza Maiz, Iztueta, Mendia eta konpainia, «jende gutxiago ibilitako haranen bila, mendiak esploratzeko eta bakardade hori sentitzeko gogoz», azaldu dute Maizek, Iztuetak eta Mendiak.

Uztaileko aurreneko astean, Khane herrixkatik kanpaleku nagusia kokatu zuten lekura (4.500 metro) bi egun egin zituzten oinez, izerdi patsetan. «Pare bat ordu ibili, eta gelditu egin behar izaten genuen itzaletan, eguzkitik babesean. 4.000 metrotan 30ºC egiten zituen. Kristoren beroa», oroitu du Mendiak. Leku seguru samarrean kokatu zuten kanpalekua. «Orratz baten babesean jarri genituen dendak, baina aldamenetan, egunez eta gauez, harriak erortzean sortutako burrunba etengabea zen. Harri pila bat erortzen zen leku guztietatik. Beroak eta ondoren euriak dezente baldintzatu zuten espedizioa, bai», onartu dute Maizek eta Iztuetak.
«Harri pila bat erortzen zen leku guztietatik. Beroak eta ondoren euriak dezente baldintzatu zuten espedizioa»
JOSEBA IZTUETA Eskalatzailea
Zerutik jausitako harri erauntsi haiei itzuri eginez, mendi eta lerro ahalik eta seguruenak bilatzen saiatu ziren. Bi taldetan banatuta, Mendia eta Eskudero Hidden Towerrera (5.890 metro) abiatu ziren. Haranera iritsi zirenetik orratz hura jo zuen begiz Mendiak. «Lehen barneraldi hartan, materialaren parte bat garraiatu genuen, eta zer lerrori jarraitu aztertu genuen».
Ekaitz Maiz eta Joseba Iztueta, berriz, beste mendiarte bat esploratzera joan ziren: Tangra Tower, Trident Tower eta Agil Tower dorrek eratutako harantxoa. Bailararen sakon-sakonean, hiru gailurrek koroatutako horma ikusgarria iruditu zitzaien ederrena eta seguruena: Trident Tower. Ekaitzi piztu egiten zaio gogoa paretaren ikuspegia gogora ekartzean: «Gutxi gorabehera 700-800 metroko horma bat da, oso tentea. Sukaldaria eta gidaria Khane herrikoak bertakoak ziren, eta esan ziguten hara ez zela inor igo. Arrakala eta diedro sistema batzuk ikusi genituen, eta iruditu zitzaigun hormak sekulako aukera ematen zuela bide bat zabaltzeko».
Uztailaren 13an, bidearen hasierako lehen lau luzeak eskalatu zituzten Maizek eta Iztuetak, eta 200 metro soka utzi zituzten finkatuta, hurrengo ahaleginerako. Gaixoa ni egunean, uztailaren 14an, halakoxea izan zen hurrengo egunetarako eguraldiaren iragarpena ere: euria, euria, euria zarra-zarra. Hil ala biziko xake partidak, bibotea bera ere jokoan zela, Eskuderoren ukelele arpegioak eguraldiaren aurpegi beltza alaitzeko, etsipenari aurre egiteko beste abesti baten akordeak atera... Harrian ezin denean, egonarria da espedizioen sekretua.
Gogoaren indarra
Kateko txakurra nola, halaxe zeuden lau eskalatzaileak uztailaren 17an duda-mudako eguraldi iragarpen bat jaso zutenean. Balizko leihoa erdizka zabalduko ote den edo brau itxiko ote den jakiteko modu bakarra dago: menturatzea. Maizek ez zuen garbi ikusi: alde batetik, iragarpena ez zen batere fidagarria, eta, bestetik, materiala Tridenten oinarrian zuten —«batek kaskorik gabe joan behar zuen halabeharrez»—, eta, ondorioz, kanpalekuan geratzea hobetsi zuen. Beste hirurek, berriz, motxilatzarrak bizkarreratu eta uztailaren 18an Hidden Towerren saiatzea erabaki zuten. «Eskerrak hiru joan ginen, pisuarekin eskalatzean alde handia baitago bi joan edo hiru joan», zehaztu du Mendiak.

Zama arintze aldera, eskalatzeko oinetako pare bakarra eraman zuten, eta mendiaren beheko murruan Mendiari egokitu zitzaion haiekin dantza egitea. «Iztuk eta Pablok, berriz, eskalatzen eta jumarrarekin sokatik igoz eskalatu zituzten luze horiek, ia 30 kiloko motxila zeramatela. Gogotik egin behar izan zuten lan. Niri egiteko atsegina egokitu zitzaidan», oroitu du Mendiak. Lehen egun horretan eguraldi nahiko txukuna izan zuten, eta harkaitza, beheko parte horretan, «nahiko ona» zela azaldu dute Iztuetak eta Mendiak. «Hala ere, zati batzuetan ez zen erraza babestea. Gogoan dut 7a+ mailako luze batean tarte luze samarrak eskalatu behar zirela friend batetik bestera, eta uf!». Une haietako estualdiaren salatari da Mendiaren hasperena.
«Zati batzuetan ez zen erraza babestea. Gogoan dut 7a+ mailako luze batean tarte luze samarrak eskalatu behar zirela friend batetik bestera, eta uf!»
IBON MENDIA Eskalatzailea
Beheko zati horretan 300-400 metro eskalatu ondoren, hormaren erdi pareko glaziar eskegi bateraino heldu ziren, eta horren goiko aldean jarri zuten kanpalekua, 5.500 metro inguruan.
Hurrengo goiza «gris antzean» esnatu zen. Bazekiten aurrez ere «apustua hala moduzkoa» zela, baina gorantz jarraitzea erabaki zuten. Egunak aurrera egin ahala, haizea zakartzen joan zen, eta goi-goian malo-malo hasi zen elurra. Gailurraren azpiko elur arrapala luzea zeharkatu, eta, gailurretik 80 bat metrora zeudela, «kristoren marroia» sartu zela dio Mendiak. «Horma ikusi ere ez genuen egiten. Laino beltz batek bildu gintuen, elurra gogor hasi zuen...». Karkaba hartan, erabaki bakarra har zitekeen: behera arrapaladan. Rappela rappelaren ondotik, «mela-mela eginda» iritsi ziren glaziar eskegiaren gaineko kanpalekura.
Gogoaren indarra. Bideari emandako izenak ez du soberako azalpenik behar. Mendia: «Bagenekien aurrez eguraldi on-ona ez genuela izango saiakera hartan, eta horrelakoetan, gogoa behar da gora egiteko, saiatzeko... Gogoaren indarrak bultza gintuen gorantz, eta gailurrera iristeko zorian izan ginen». Bideak 1.300 metro ditu. Zailtasuna: 7a, 70º.

Ondoko egunetan zarra-zarra egin zien euria. Uztailaren 23-24an, uholdeak izan zituzten kanpaleku nagusian, eta gorago mugitu behar izan zituzten dendak. Beheko herrietan ere zubiak eraitsi eta triskantza handia eragin zuten euriteek.
Trident-eko azken ahalegina
Uztailaren hondarrean, bi egun eta erdirako onaldia emana zuen eguraldi iragarpenak. Mendiak eta Eskuderok Hasho Peak mendirantz jo zuten, baina ezin izan zuten hormaren azpira iritsi ere egin. «Glaziarra erabat irekia zegoen. Irudi bat daukat buruan iltzatuta: Pablo 30 metroko serac bat eskalatzen, haren gainera igotzen, 50 metroko beste serac bat rappel eginez jaisten, beste serac bat eskalatzen... ‘Nora goaz, hemen akabatu egingo gara’ esaten genuen geure artean. Egoera ikusita, uztea erabaki genuen. Espedizio honetan arriskua goitik eta behetik izan dugu une oro», azaldu du Mendiak.
«Bustitako sokak kateatuta geratu zitzaizkigun tarte batean, eta, haiek berreskuratzen ari ginela, sekulako harri jausia gertatu zen, sekulakoa»
EKAITZ MAIZ Eskalatzailea
Maizek eta Iztuetak, berriz, Trident Towerrera jo zuten, hasitako lanak bukatzera. Uztailaren 27an igo ziren hormapera, eta biharamunean, goizeko 4:00ak aldera hasi ziren eskalatzen. «Mantso joan ginen, halabeharrez. Tarte asko eta arrakala guztiak bustita zeuden barrutik, eta luzeak ere uste baino zailagoak izan ziren». Hamar-hamaika luze eta 600 bat metro eskalatuak zituztenean, argi ikusi zuten ez zirela egunez helduko gailurrera. «Azken puntu horretara ni lehertuta iritsi nintzen, goiko aldean harkaitza ustel samarra ikusten zen, eta inguruan harriak etengabe ari ziren erortzen. Hori guztia kontuan hartuta, jaistea erabaki genuen», azaldu dute Maizek eta Iztuetak. Rappel egiten ari zirela, bonbardaketa areagotu egin zen. «Bustitako sokak kateatuta geratu zitzaizkigun tarte batean, eta, haiek berreskuratzen ari ginela, sekulako harri jausia gertatu zen, sekulakoa. Ez gintuen harrapatu, baina tentsio handiko jaitsiera izan zen», Maizen eta Iztuetaren esanetan.

Ahalegin hori eginda bukatu zen Khane haraneko espedizioa. Mendiak erortzen, glaziarrak arrailtzen, euria etenik gabe, uholdeak, hormak bustita... baldintzak ez dira egokiak izan aurten, baina esaerak dioen moduan: non gogoa... Itzuliko dira berriro ere Karakorumera, haran galduetan esploratzera, Khane haranera ere bai agian, hasitako lanak bukatzera. Noiz? Hor egon daiteke koska, Maizen arabera: «Aurrekoan Mikel Zabalzarekin hizketan, aipatu zidan azken hamar urteetan izozte maila 1.000 metro igo dela inguru hartan. Orduan, espedizio hauek uztailean egin beharrean, agian ekainean edo irailean egin beharko ditugu aurrerantzean».