Mendiko kontzertuen magia

Urmuga ez dira kontzertu handiak soilik. Herri txikietan egiten diren kontzertuek ere badute xarma; esaterako, asteartean Orbaizetako Kultur Olan egindakoak.

Mendiko kontzertuen magia.
Joxemi Saizar.
2023ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Urmugalariak aurrera doaz, mendiz mendi, Hiru Erregeen Mahairako bidean, baina Urmuga proiektua erronka handia da, hilabete eta jende askoren auzolanaren fruitua. Koordinazio talde txiki baten lana uda baino hilabete batzuk lehenago hasten da. Udal, elkarte eta erakunde askorekin harremanetan jarri behar izaten dute, azpiegiturak eta diru laguntzak bermatzeko. Bi adarretan banatzen dira Urmugaren aurretik egin beharreko lanak: musika emanaldiak eta mendi ibilaldia.

Musikaren alorrean, Et Incarnatus orkestra da oinarria kontzertu handietan. Jatorri askotako musikariek osatzen dute. Harizko tresnez gain, beste familietako musikariak ere bilatu behar dira taldea osatzeko. Abeslariak ere ugari izaten dira emanaldietan, eta gazteen aldeko apustua egiten dute maiz. Kantari eta musikari askori orkestra batekin aritzeko lehen aukera ematen die. Eta ibilbideko herri askotan, orkestra bat zuzenean entzuteko lehen aukera izaten dute. Magia hori sortzen du proiektuak mendiko musika emankizunetan.

Betiko abestien moldaketak egiteko ere, konpositore askoren lana behar da. Ia ehun abesti moldatu dituzte aurtengorako. Jon Esnaola, Bingen Mendizabal, Angel Unzu, Aritz Villodas, Koldo Uriarte, Joxean San Miguel, Alejandro Martinez, Jose Manuel Urrejola, Inhar Sastre, Jagoba Astiazaran, Bixente Martinez,etaJuantxo Zeberio aritu dira lan horretan, besteak beste. Musika ezagun bat hartu, eta, orkestrarako egokitutako itxura berria emanez, jantzi berri bat josten diote.

Kontzertuetarako lekuak bilatzeko eta prestatzeko, bertako boluntarioen laguntza ezinbestekoa da. Baita mendizaleek lo egiteko tokiak eta otorduak prestatzekoak ere. Euskal Herriko lurralde guztietako talde handi bat bildu du alor horretan Urmugak, mendebaldetik ekialdera. Urtez urte ehundu duen saretze lana. Horien lan eskergarik gabe ezinezkoa litzateke Urmuga.

Lan horien guztien ondoren, uztailaren 12a iritsi, eta hasi zen dena martxan. Mendizaleak erromes moduan mendatez mendate, eta musikariak agertokiz agertoki jardunean. Kontzertu handiek dute oihartzunik handiena, baina saio txikiak ere makina bat egiten dituzte: Fraileburun, Garrastatxun, Otzaurten, Lekunberrin... Atzo, Orbaizetan (Nafarroa), haize hirukote bat entzuteko parada izan zen. Et Incarnatus orkestrako zenbait kide aritu ziren Mozarten obrak jotzen: Arturo Goldarazena klarinetearekin, Vicente Elizondo oboearekin, eta Iñaki Elizondo fagotarekin.

Kontzertua bidaia baten zatiekin parekatu zuten musikariek: lehen zatia, prestaketa —ibilaldia, otorduak, lo egiteko tokiak—; ondoren, hasiera —ingurunea eta animaliak—; gero, bidea —atsedena eta naturarekin bat egitea—; eta berriro bidea hartu, eta inguruaz gozatzea. Bukatzeko, berriz, helmuga: esperientziak partekatzea eta etxera itzultzea. Urmugalarien sentipenen antzekoa izan zen, beraz, musikarien emanaldia. Kultur Olako aretoa jendez bete zen, eta Migel Zeberiok eta Felipe Uriartek, harrera eskertzeaz gain, gogorarazi zuten entzuleak eta mendietako herri txikietako biztanleak ere badirela Urmuga.

BIHAR

12:00etan, Orhiko gailurrean, kontzertua. Donostiako Orfeoia eta Et Incarnatus Orkestra.

21:00etan, Irati filmaren proiekzioa. Mariri gorazarre egin ondoren, filma emango dute, Paul Urkijo zuzendariaren eskutik.

00:00an, dantzaldia Otsagabiko plazan. Xutik taldearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.