ramon olasagasti

Mendiminez

2025eko abenduaren 30a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elurrak, mendiak, saminezko oldeak sortzen ditu aldian behin; Tablato mendian gertatutako elur urradurak zauri lazgarria sortu die hiru hildakoen senideei, lagunei eta hurbilekoei, eta nahigabezko hondo bat hedatu mendiko eskia, mendia, maite dugunon artean. Lerro hauen bidez jaso dezatela hurbileko guztiek gure dolumina. Albistegietako irudietan, zirrara, are hunkidura, sortzen du Jorge Garcia-Dihinx pediatra eta mendiko eskiatzaile ezaguna mendian behera elurretan irristatzen ikusteak, «maravilloso» esanez, zoragarria alegia. Marabilli esango lukete ondarroarrek, han ere zale handiak baititu kirol horrek. Mendiminaren bi aurpegiak agerian berriro: egutera eta laiotza, bizitza eta heriotza, biziarazten gaituen garra eta guztia itzali osteko hotza.  

Hala esan ohi zuen kirol horren sustatzailerik handienetako batek, Andoni Areizagak: «Gaixotasun bitxi bat pairatzen dut: inguruan elurra ikusten dudanean, ezin diot mendiak igo eta jaisteari utzi. Eskiatzeak zoratu egiten nau, eta mendiaz oso modu berezian gozarazten dit». Hain zuzen, Andoni Areizagari eskaini zion Jorge Garcia-Dihinxek Aragoiko Pirinioetan mendiko eskiekin egiteko ibilbideen bigarren liburua. Txilen hilabetez mendiko eskia egin ondoren hil ziren Areizaga bera, Joxi Hernandez, Iñaki Cuellar eta Bernard Doumerq, Donostiara bueltan zetozela errepidean istripu bat izanda. Aurreko kamioiari ordezko gurpila askatu eta haien furgonetak ezin izan zuen gurpila saihestu. Zer da hori patu makurra ez besterik? Zer da zu parean zoazela Tablatoko haize plaka libratzea, patu krudela ez besterik?

Areizaga bezala, mendiko eskiaren bultzatzaile handietako bat izan da Garcia-Dihinx ere. Aragoiko Pirinioetako ibilbideei buruz argitara eman zituen lau gidak biblia modukoak dira mendiko eskiatzaile askorentzat, La meteo que viene blogean egiten zituen eguraldi iragarpenak zehatzak eta zorrotzak ziren, haien zain egoten zen zale asko, nora jo eta zer egin erabakitzeko, eta elikadurari eta osasunari buruzko artikuluak ere jantziak ziren oso. Haren hitzaldiak eta emanaldiak beti ziren interesgarriak, izan elikadurari buruzkoak, izan mendiko eskiari buruzkoak. Jakintza horren zurtz utzi gaitu orain.

Mendiko eskian eskarmentu handikoak eta adituak ziren Tablato mendiko ezbeharrean hildakoak, ondo baino hobeto ezagutzen zuten elurra, inork baino hobeto ikasiak zituzten segurtasun neurriak, eta neurri horien pedagogia egiten zuten beren blog, liburu eta hitzaldien bidez. Ondo zekiten nora zihoazen, baldintzak zein ziren, elur jausien arriskua bosteko eskalan 2 edo 3koa zela altueraren arabera, haize plakak egoteko arriskua zegoela ere bazekiten seguru asko... Jakako GREIM taldeko buruak eta erreskatearen arduradunak, Bain Gutierrezek, jakinarazi zuen istripua izan zen lekuan ez dela ohikoa elur jausiak izatea, baina halabeharrezko ñabardura egin zuen gero: «elur inguruneetan ez dago batere arriskurik gabeko lekurik».

Formakuntza egokia jaso, ikastaroak egin, prestakuntza fisikoa zaindu, segurtasun neurri guztiak hartu, ARVA, zunda, pala, material guztia beti motxilan eraman, ibilbidearen eta elur baldintzen informazio zehatza eta osoa jaso... Ahalik eta gehien murriztu behar dugu ezbeharrak gertatzeko probabilitatea, baina, hala ere, onartu egin behar dugu batere arriskurik gabeko lekurik ez dela existitzen, eta zorigaiztoak, halabeharrak, gertatu egiten direla tartean-tartean. Mendiminaren alderdirik minena da.

Batere arriskurik ez izatea posible da, berez, inon? Merke-zurreko filosofiarik edo pedagogiarik egiteko asmorik gabe, nork bere buruari erantzuteko galderak dira: Mendiari uko egin beharko genioke? Edo bizikleta hartu eta errepidera ateratzeari? Edo surfari? Edo parapenteari?... Iraute hutsera mugatu beharko genuke bizialdi hau? Arnasa hartu ordez birikak airez betetze hutsera? Eta arnasa ematen digun hori kenduz gero, arnasa kenduz gero, badago bizitzerik? Badago bizitzarik?

Garcia-Dihinxek ondo zioen moduan, marabilli baita mendiko eskia, mendi ederrez inguratuta elur hautsetan irristatzea, sen primitibo bati jarraikiz eta gozamenezko uluak eginez maldan behera sigi-saga jaistea... Duela gutxi bere Instagram kontuan honela zioen, bideo batean: «Jende askok galdetzen digu zergatik joaten garen mendira, zergatik onartzen ditugun arrisku horiek, eta erantzuna ez da arriskua. Honelako momentuengatik joaten gara mendira [ertz eder batean behera doaz oinez Natalia Roman bikotekidea eta biak]: 3.000 metrotan, mundu modernoa hor behean geratzen da, eta gu hemen goian gaude, hurrengo urratsean soilik kontzentratuta. Horrelakoetan, orainean jarrita daukagu arreta osoa, hotzak biziago sentiarazten gaitu, eta, une batez, mendiarenak garela sentitzen dugu...». Mendiko eskiko bere lau gidaliburuen hasieran ere, argazki handi batean, esaldi soil hau dator: «Bizitza laburra da: egin gustuko duzuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.