Itziar Insaustik (Iruñea, 1977) antropologia ikasketak egin zituen Londresen, hezkuntzan egin izan du lan, unibertsitateko irakasle, eta artearen munduan ere egin ditu hainbat lan. Urte eta erdi Himalaian, Pamirren, Kirgizistanen eta beste leku batzuetan bidaiatzen ibili eta gero, naturarekiko konexioari buruz, herri indigenen jakintzari buruz eta herri horiek mendi sakratuekin duten harremanari buruz ikertzen dihardu gaur egun. Dokumentalean ere ikerketa horretan jasotakoak jariatzen dira.
Dolpora eginiko bidaia bat dago Amaatte: Mendien ahotsa dokumentalaren oinarrian. Zergatik Dolpo?
Londresen antropologia ikasten ari nintzela, Eric Valliren Himalaya Caravan film frantsesa ikusi nuen, eta dokumentalak, nolabait, bizitza aldatu zidan. Nire baitarako esan nuen: egunen batean hara joanen naiz, Dolpora. Duela sei urte, Annapurnako eskualdera joan nintzen, eta han Lubra herria ezagutu nuen. Herri horretako biztanleak dira Nepaleko azken Bon komunitateko kideak. Haien bidez, duela hiru urte erabaki nuen Dolpora joatea. Caravan filma ikusi nuenetik, hogei urtez nire baitan nuen amets hori gauzatzeko unea iritsi zen.
Bizitza aldatu zizun filmak? Nola?
Orduan Londresen nengoen, zementuan bizi nintzen. Urte batzuk neramatzan hirian, menditik urrun, eta agian deskonexio hori agerrarazi zidan filmak. Eta hogei urteren buruan, bizitzak egokiera hori eskaini zidan, Dolpora joatekoa, eta ez nuen zalantzarik izan.
'Amaatte: Mendien ahotsa' da dokumentalaren izenburua. Amaatte?
Batetik, teoria dene-kaukasoarraren arabera, munduko hainbat lekutan —Kaukason, Kanadan, Tibeten, Mexikon, Euskal Herrian...— badira, nolabait, elkarrekin loturik dauden kultura zahar batzuk, sorburu beretik datozenak. Dolpon, nomadek ama esaten diote amari, eta atte aitari. Emakume nomada haien kanpadendan nengoela haien ahotik ama eta atte entzuteak sortu zidan zirrarak gure sustraiak gogorarazi zizkidan. Teoria bat baino ez da, baina, egia balitz? Munduko hainbat mendigunetako gizakiak erro beretik etorriko bagina? Bestetik, berriz, Dolpon nenbilela aita hil zitzaidan. Caravan pelikulan ere aitona hil egiten da, justu nik aitaren heriotzaren albistea jaso nuen leku berean, Pawo Drungnga mendi sakratua parez pare nuela.
«Iruditzen zait nomadak direla gure gidariak, ChatGPT edo AA baino gehiago; ur gutxiago gastatuz, gainera»
Eta horrek eraman zintuen mendien ahotsera.
Hala da. Dokumentala ez da profesionala, mugikor batekin egina dago, baina adierazi nahi izan dut gaur egun posible dela denok gure istorioak kontatzea modu xume batean. Dokumentalean ez naiz ari mendien konkistei edo igoerei buruz, baizik eta mendiek esaten digutena entzuteari buruz. Euskal Herrian ere badira gutxi batzuk, baserri giroan, menditik bizi direnak. Mendian bizi direnen ahots eta oihartzun hori ekarri nahi izan dut.
Zer bide egin zenuen Dolpon?
Bide historiko bati jarraitu nahi nion, Mustang eskualdeko Lubra herritik abiatu eta nomada tibetarrek Dolpon barna mendetan egindako bideari. Nepaleko agentzia bateko arduradunek esan zidaten ezin nuela handik joan, arriskutsuegia zela, negua zela. Aintzat hartu nuen, baina bertako jendearekin hitz eginda, bideari jarraitzea erabaki nuen. Dolpon, berez, ezin da bakarrik ibili, baina bertan nituen kontaktuei esker, nik hala egin nuen, motxila txiki batekin. Batzuetan iruditzen zitzaidan elurretako lehoinabarra nirekin zebilela hor barna. Une bereziak bizi izan nituen. Sangdala Pass lepotik Dhaulagiri mendigunea parez pare nuela, adibidez, nire bihotza mendiekin bat zela sentitu nuen.
Dolpoko bidaia hartan hiru emakume belaunaldirekin izan zenuen harremana. Zer jaso zenuen haiengandik?
Herri nomadek lilura berezia pizten didate. Iruditzen zait nomadak direla gaur egun entzungor egiten diogun jakinduria horren guztiaren azken zaindariak. Uste dut berreskuratu egin behar dugula jakinduria hori, gizaki gisa desagertu ez gaitezen. Zer irakatsi asko dute naturarekin bat bizi diren herri nomadek. GKEak sortzen ditugu haiei laguntzeko, baina haiek ere asko dute guri irakasteko. Beste leku askotan bezala, Dolpon ere nomaden errealitatea aldatzen ari da. Far away, erresuma ezkutua, leku hertsia... Dolpori buruzko narratiba hori dena barneratua nuen, eta egun batean bertakoek motorrean ibiltzea eskaini zidaten, eta hor beste ikuspegi bat zabaldu zitzaidan. Baina bai, iruditzen zait nomadak direla gure gidariak, ChatGPT edo AA baino gehiago; ur gutxiago gastatuz, gainera. Asko daukagu haiengandik ikasteko. Hori ere aldarrikatu nahi dut dokumentalaren bidez.

Aipatzen duzu Dolpon paisaia jendearen bizimoduaren parte dela, ez dela miresteko zerbait; alegia, hangoak ez direla mendizaleak, menditarrak baizik.
Uste dut denok garela menditarrak, baina ahaztu egin zaigu. Mendiak izaki bizidunak dira, eta, komunitate indigena askorentzat, sakratuak. Europan, aldiz, mendira goaz, baina mendiak banandurik ikusten ditugu, muga bat izango balitz bezala mendiaren eta gure artean. Mendian edo naturan bizi direnek, aldiz, haien parte direla sentitzen dute. Ikerketa egitean, batek esan zidan beretzat mendia herria zela. Agian hori da mendiaren ahots horiek helarazi didatena, dokumentalaren bidez partekatu nahi izan dudana: zer izango zen mundu hau mendiak herritzat hartuko bagenitu?
«Batzuetan iruditzen zitzaidan elurretako lehoinabarra nirekin zebilela hor barna. Dhaulagiri mendigunea parez pare nuela, nire bihotza mendiekin bat zela sentitu nuen»
Nola laburtzen da hori guztia zortzi minutuko dokumental batean?
Mezu nagusietako bat da badirela mendian ibiltzeko beste modu batzuk, mendia ez dela konkistarako eremu bat, elkarbizitzarako ingurune bat ere izan daitekeela. Xerpak, adibidez, asko miresten ditut, eta haiengandik asko ikasi dut, baina Nepalen, hango ekonomia mugatua dela eta, oso hedatua dago mendia kontsumitzeko modu jakin bat —espedizioak, kanpalekuak eta abar—, baina han ere beste era batera mugitu daiteke, bertako jendearekin, jak behien unaiekin, mendiaren orekari eutsiz... sei mila metrora arte gutxienez. Beste mezu bat isiltasunaren aldarria da; iruditzen zait badugula horren beharra. Isiltasunaren bidez gauza asko konta daitezke. Eta beste harietako bat belaunaldiz belaunaldi transmititzen den jakintza hori da.
Esan duzu entzuteko gonbidapen bat dela dokumentala, desagertu ez gaitezen.
Batzuetan, ematen du giza espeziea desagertzea beste aukerarik ez dagoela, areago gaur egun gertatzen ari den guztia aintzat hartuta. Hala ere, Dolpon ikusten nuenean nola eusten dioten beren hezkuntzari, gazteak nola itzultzen diren hiritik ikasketak eginda beren kulturari eta naturari buruzko ikuspegi horri eusteko... horrek esperantza sortzen du. Herri indigenak, oro har, lagungarri izan daitezke mundu honetatik desagertu ez gaitezen, hain errotua duten jakinduria horri esker. Azken batean, haiek, gu, ama, atte, elkarturik gaude nolabait, lauburuak bezala; energia bat gara, eta elkarbizitzaren bidez bizirik eutsi dakioke energia horri.
Oraindik ere egiten dituzu baso terapiak?
Duela hiru urteko Dolpoko bidaia hark asko eragin zidan. Hurrengo urtean berriro itzuli nintzen ikerketarekin aurrera jarraitzeko, eta Mustang eskualdean geratu nintzen, Lubrako herritarrekin. Eta hurrengo urteetan hainbat herri indigenatara joan naiz, mendi sakratuak haientzat zer diren ulertzen saiatzeko. Mexiko Berrian egon nintzen hiru hilabetez, hango Taos indigenekin; gero Costa Rican hango indigenekin, naturaren sakratutasun hori nola bizi duten jakiteko. Iaz Tanzanian izan nintzen hango mendi sakratuetan, baita Georgian ere, Svaneti inguruan, han ere ikuspegi hori arakatzen. Hortaz, baso bainurik ez naiz eskaintzen ari. Ikerketan murgilduta nago, baina azken batean gauza bera da: gizarteari transmititzea barnean dugun hori, ahaztua dugun hori, berreskuratu behar dugula.