Lhotse mendian behera zirela gertatutakoekhitz-aspertu luzerako tartea ematen jarraitzen dute, eta Juanito Oiarzabalek asteazkenean Gasteizen esandakoek bide egin diote horri. Gezurretan aritzea leporatu zion Pasabani, «herriaren printzesa» deitu, eta Everest oxigenorik gabe igo ez izanaren ardura erreskate saioaren bizkar uztea egotzi.
Arrazoia nork duen, inork baldin badu, aztertzen hasi gabe, leku txarrean utzi du Oiarzabal asteazkeneko prentsa agerraldiak. Kritikarako erabilitako hitzen eta tonuaren itsusia deigarria egin da. Ez harrigarria, Oiarzabalen izaera ezaguna baita lehendik ere. Urteetan agerian utzi du izaera hori, azken aldian telebistetan indar hartu duten reality saioetan, esaterako.
Baina asteazkenean esan zituenak ez zituen telebistako lehiaketa-ikuskizun horietako baten harira esan. Bizitako gertaera batzuen inguruan aritu zen, eta Edurne Pasabanen kontra bota zituenak ez dira onargarriak Oiarzabalen gisako pertsona publiko baten ahotan — esandakoak egia diren edo ez haiek jakingo dute—. Hitzei darien errespetu falta edonor lotsaraztekoa izan zen, itsusia.
Everest eta Lhotseko beheko kanpalekutik iragan astean iritsitako argazki eta mezuek ere zer pentsatu eta komentatzeko asko eman dezakete, neurri berean. Erraza, errazegia da ordenagailu aurrean jarri eta iritziak botatzea, baina gertatua «Himalayan aurrekaririk ez duen erreskatea» izan zela iradokitzea egiari bizkar ematea da. Zoritxarrez, Pasaban eta beste hainbat espedizio komertzialetako buruen izenek itzalean utzi dituzte erreskatean giltzarri eta ezinbesteko izan ziren sherpa eta alpinistak, Argentinako Benegas anaiak, besteak beste —mendizale talde handi batek parte hartu zuen erreskatean—.
Irrati esatari ezagun batek euskal alpinismoan etena gertatu dela esan zuen atzo. Halakorik ez dago, halakorik egotea ezinezkoa delako. Alpinismoa ez da hautsi daitekeen kristal zati bat. Euskal alpinismoa ere ez. Alpinista onak, erdipurdikoak, txarrak eta alpinista ez diren mendizaleak daude. Eta alpinismotik gutxi dute azken asteetan, eta baita urteetan ere, Himalayako zortzimilako mendietatik iritsi diren gertaeretako askok.
Mendizaletasunaren balore eta balioak goraipatu eta miresteko joera aspaldikoa da, baina mendia ez zaio arrotz gizartearen gainerako alorretan dauden balore eta jokabideei. «Alpinistak ez dira edozein herritar baino hobeak, ezta okerragoak ere. Ez dugu pentsatu behar munduko balio onenak mendian daudenik», esana du alpinista ezagun batek orriotan. Etxean berekoia, zintzoa, harroa edo umila dena, mendian ere berekoia, zintzoa, harroa edo umila izango dela, alegia.
Edurne Pasabanek ez du oraindik Oiarzabalen esanen inguruan iritzirik eman. Gaur iritsiko dira Madrilera, Katmandutik, Everestera joandakoak, eta iragarria duten agerraldian nekez saihestuko dute gaia. Reality-ak atal gehiago izango ditu, zoritxarrez.
Mendia. Iritzia
Menditik sakonunera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu