Mendia. Benantxio Irureta. Iritzia

Mendizaleentzako erreferente bat joan da

2013ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Benantxio Iruretarekin mendiaz gozatzeko aukera izan dugun guztion buruan gauza bera egongo da, ziurrenik, orain bi aste ustekabean utzi gintuenetik: gizon handi bat joan da, erreferentea. Urola aldeko mendizaleontzat eredu izan den bat. Eta eredu, ez soilik 1988an Yalung Kang (8.505 metro) zapaltzeagatik, edo 1991n Everesten gailurretik oso-oso gertu geratzeagatik. Guretzat ere, hasieran hori bera zen Benantxio: Martin Zabaleta eta hauek guztiekin batera, Euskal Mendizaletasunaren aitzindari horietako bat; «eguzkiaren irudia zuen kamisetaren» espedizioko burua. Gailurrera iritsi zena. Idolo bat. Benetako eredu, ordea, balentria horiengatik baino gehiago, bere izaeragatik zela ikusiko genuen gerora. Lagun artean mendiaz gozatzea bizimodu zuen tipo natuala zen Benantxio. Eta bizimodu horretan, oinarrietako bat heziketa zuen. Mendia gauza serioa dela argi zuen, besteak beste, mendiak berak emandako kolpe latzek horrela erakutsia ziotelako (Beñat, Iñaki eta hauen Pumoriko tragedia hura, edo kuadrillako lagun zuen Haritz Odriozola Zabaletxe-ren Orhiko ezbeharrabertatik bertara bizi izanak, kasu). Horregatik ematen zion garrantzia mendizaleen etengabeko heziketari. Irteera bakoitzean, dena erakusteko prest; kranpoiak eta pioleta nola erabili behar ziren esatetik hasi, gaua pasatzeko libre izango ziren Pirineoetako txabola edo eliz-atarien mapa erakusteraino.

Asko eta asko gara berarekin mendian ibiliaz ikasteko aukera izan dugunak. Mendian behar bezala ibiltzen baina baita ere mendiaz gozatzen erakusten duten horietakoa zelako, naturalki eta lagunarte jatorrean. Xoxoten izan zitekeen, Aizkorrin, Euskal Herriko edozein mendi martxatan, Pirinioetan, Alpeetan, Andeetan edo Himalaian. Ikaragarri eman dio Benantxio Iruretak mendizaletasunari. Lagun Onak MBri egindako ekarpena zenbaterainokoa den, ezin da neurtu. Zenbat astelehenetan joan ote da Azpeitiko Eliz-Kaleko egoitzara Pirinioetarako irteerak antolatzera? Zenbat mendi irteeratan nahi gabeko «gidari»? Eta, nola ez, urte hauetan guztietan berarekin mendian ibiltzeko zortea izan dugunoi emandako guztiak ere ez du preziorik. Hutsune handia utzi du hainbat eta hainbat lekutan, baina berak ereindako guztia ez da alferrik izango. Eredua hor gelditu da, betirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.