IRITZIA

Meritu handia, are gehiago garaiotan

2014ko abenduaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herriko alpinismoa motel samar dago, ez aurrera ez atzera. Ikaragarrizko zaletasuna eta punta-puntako jendea dauzkagu, baina espedizio jakin batzuk salbu, irteera eta espedizio gutxi egiten dira egun. Hala ere, alpinismoak eta himalaismoak badute etorkizuna. Hemen, esaterako, Azpeiti-Azkoiti inguruko gazteek maila handia dute, eta haien artean mugimendu handia dago. Pirinioetan bide berriak zabaldu dituzte euskal mendizaleek izotz eskaladan neguan, bide zailak errepikatu dituzte, eta Alpeetan ere gailur asko zapaldu dituzte.

Baina hortik harago, zaila da ezer askorik egitea. Oso garestia da espedizioak antolatzea, eta gero burutu egin behar dira, gainera. Bizi dugun egoerak ere ez du laguntzen, Joxe Takolo beka hor dago, baina ez da nahikoa, baliabide gehiago behar dira. Garestia ez ezik, alpinismoa gogorra ere bada: muturreko egoerak bizitzen dira, hotza, gosea, bidearen gogortasuna... Hori horrela, egungo gazteek mendiko jarduera erosoagoak egin nahi izaten dituzte. Mendi lasterketak, esaterako, modan daude, eskiatzera ere jende asko joaten da… Jarduera horietan guztietan arriskua txikiagoa da.

Hori guztia kontuan hartuta, ikaragarria da Jonatanek [Larrañaga] eta Manuk [Cordova] egin dutena. Jonatan aurretik ezagutzen genuen, eta badakigu punta-puntako alpinista dela. Rolwalling ibarra itxita egon da urte luzez, eta ezezaguna da alpinistentzat. Horregatik, oso zaila da halako leku batean bide berri bat irekitzea, eta horrek balio handiagoa ematen dio alpinista hauek egindakoari: 1.200 metroko eskalada-bidea zabaldu dute, M4, A15 eta M6 zailtasuneko tarteak dauzkana, 6.000 metrotik gorako garaieran, 22 orduan eta estilo alpinoan. Ikaragarria da egin dutena. Poz handia hartu dugu, Joxe Takolo beka irabazi eta lana arrakastaz egin dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.