Mireia Pons eta Julen Calvo kataluniarrak garaile Domusa Teknik 40 MLK proban

Pello Berrizbeitia eta Urko Arizeta euskal korrikalariak igo dira podiumeko bigarren eta hirugarren mailetara. Mayi Mujika laugarren izan da. Proba laburrean (15 MLK), Aritz Egea urretxuarra eta Ikram Rharsalla marokoarra izan dira irabazle.

Julen Calvo kataluniarra Domusa Teknik 40 MLK probaren irabazlea
Julen Calvo kataluniarra helmugako lerroan. DOMUSA TEKNIK
ramon olasagasti
2025eko maiatzaren 11
20:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi kataluniar, Mireia Pons (7.16.49) eta Julen Calvo (6.07.43) gailendu ziren larunbatean Domusa Teknik 40 MLK ultra trailaren laugarren ekitaldian (65 km, 3.700 m+). Espainiako Ultratrail Txapelketa ere izan izan zen Azpeitikoa, eta, beraz, bi-biek jantzi zuten txapela. Eguraldi nahasia zegoen iragarrita, ekaitza ere bai eguerdi partetik aurrera, baina, zaparradaren bat edo beste gorabehera, azkenerako ez zen hain eguraldi gaiztorik izan. Zaparraden ondorioz, ibilbidea dezente lokaztu zen, eta erdi paretik aurrera, dezente ugaritu ziren irristadak, erorikoak eta erretiratuak. Ultratrailaz gain, 15 MLK proba ere egin zen (26 km, 1.400 m+), eta, biak aintzat hartuta, ia 1.000 korrikalari aritu ziren Urola aldeko mendi eta zidorretan barna.

Emakumezkoetan, bizkor atera zen Maria del Mar Pastor Espainiako txapelduna, eta bakarrik ibili zen aurreneko kilometroetan, Mireia Pons kataluniarra eta iazko irabazlea, Gemma Arenas espainiarra, atzetik zituela. Ponsek, ordea, berehala hartu zuen aurrea, eta 30. kilometrorako bi minututik gorako aldea ateratzen zion Arenasi, eta bost minutukoa, Pastorri. Ekaitzarekin batera, Pastorrek behera egin zuen, eta Barbara Ruiz espainiarrak eta Mayi Mujika elgoibartarrak, aldiz, atzetik aurrerako lasterketa egin zuten. Azkenik, Pons izan zen txapeldun; Arenas bigarren, hiru minutura; Ruiz hirugarren eta Mujika laugarren.

Gizonezkoetan, Claudio Diaz madrildarra, iazko irabazlea, zen faborito nagusia, baina larunbatean ez zen bere eguna izan. Hasieran, Pello Berrizbeitia eibartarra ibili zen aurrean, hura izan zen aurrenekoa Gazume gailurrean (11. km), eta haren atzetik, honako hauek ibili ziren: Victor Mier, Joseba Escudero, Ivan Hernandez, Zaid Ait Malek, Pere Aurell eta Claudio Diaz bera. Pixkanaka, taldetxo hori bakantzen joan zen. Hernio gainean, Victor Mier asturiarra jarri zen buruan, baina 40. kilometroan erretiratu egin zen.

Mireia Pons kataluniarra Domusa Teknik 40 MLK probaren irabazlea
Mireia Pons kataluniarra, helmugaratu berritan. DOMUSA TEKNIK

Lasterketaren erdi paretik aurrera, ekaitzak zaildu egin zuen ibilbidea, eta orduan Julen Calvo hasi zen nagusitzen. Pixkanaka, aldea handituz joan zen Calvo, eta helmugaraino joan zen buruan. Pello Berrizbeitia izan zen bigarren, sei minutura, eta Urko Arizeta asteasuarra, hirugarren.

Maila bakoitzeko lehen biek Canfrancen jokatzekoa den Munduko Txapelketarako txartela lortu zuten.

Lokatzaren eta euriaren eraginez, iazko irabazleen marketatik urrun ibili ziren Pons eta Calvo. Iaz, Miguel Heras sei ordu pasatxoan helmugaratu zen (6.01.46) eta Gemma Arenas, berriz, zazpi ordu pasatxoan (7.04.56).

Aritz Egea irabazle 15 MLK proban

Proba laburrean, Aritz Egea urretxuarra nagusitu zen (2.04.34), Pablo Bautista murtziarrari ia minutu eta erdiko aldea aterata, eta Marcos Ramos valentziarrari lau minutu eskasekoa. Proba luzea bi aldiz irabazitakoa da Egea, eta atzo laburrean nagusitu zen. Emakumezkoetan, Ikram Rharsalla marokoarra izan zen irabazle (2.20.38), Onditz Iturbe igorreztarraren (2.22.15) eta Oihana Zubillaga anoetarraren aurretik (2.38.34).

Beste behin, jendetza bildu zen korrikalariak ikusteko eta animatzeko Gazume, Hernio, Iturburu, Murumendi, Mandubi, Izazpi, Pagotxeta, Xoxote eta ibilbideko beste gain eta lepoetan nahiz Azpeitiko kaleetan. Nabarmentzekoa da, halaber, lasterketa antolatzen aritu ziren 500 boluntarioen lana.

Sailkapen guztiak, esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.