Munduko eskalatzaile onenetako batzuk lehiatuko dira asteburu honetan, martxoaren 14an eta 15ean, II. Klimb Masters Euskadi Basque Country txapelketan. Besteak beste, Sohta Amagasa japoniarra, gaur egun munduko rankingeko laugarrena; Hannes Van Duysen belgikarra, rankingeko zazpigarrena; Laporte Corentin, Sam Richard, Kito Martini, Guille Peinado, Chloe Caulier eta Geila Macia iazko irabazlea izango dira Zarautzen (Gipuzkoa) egingo duten lehian. Eta mundu mailako izen handi horiekin batera, Euskal Herri osoko eta beste hainbat tokitako eskalatzaile amateur ugari ariko dira, gazteak asko eta asko; guztira 105 eskalatzaile (80 gizonezko eta 25 emakumezko). 10.000 euro banatuko dira saritan.
Mundu mailakoak ez dira eskalatzaileak bakarrik izango. Bideen ekipatzaileak ere ez dira edonor. Sergio Verdasco espainiarra izango da ekipatzaileen burua, Olinpiar Jokoetako ekipatzaile izandako; eta harekin batera, Hori Tsukuru japoniarra, Munduko Kopako probetako ekipatzaileen burua, «oraintxe bertan mundu mailako routesetter preziatuena», Ander Gorostizu Klimb Zarautz rokodromoaren arduradunaren esanetan.
Gaur aurkeztu dute proba Klimb Zarautz rokodromoan bertan. Katu-oinak jantzita, antolatzaileak eta erakunde babesleetako ordezkariak elkartu dira agerraldian: Ander Gorostizu, rokodromoaren arduraduna eta probaren antolatzailea; Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordea; Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua; Roberto Ramajo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria eta Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzia.
Ander Gorostizuk nabarmendu du aurten, babesleei esker, «Euskal Herritik Europarako eta mundurako jauzia» eman ahal izan dutela Klimb Mastersean. «Helburu nagusia eskaladari bultzada ematea da. Iaz batek galdetu zidan zertarako egiten genuen hau, baina galdera, niretzat, ez da ‘zertarako’, ‘zergatik’ baizik. Zergatik? Bada, aukera dugulako egiteko, rokodromoa daukagulako, eta nahi dugulako mundu mailako proba bat Euskal Herrira ekarri, gazteak kirol honetara bultzatzeko, eskaladari berari merezi duen bultzada emateko».
Txapelketak hiru fase izango ditu. Larunbatean, sailkapen probak jokatuko dituzte. Partaideek hogei bloke izango dituzte gainditzeko, eta horietatik hamar onenenak hartuko dira aintzat. Igande goizean finalerdiak jokatuko dira, 10:00etatik aurrera, eta arratsaldean, berriz, sei eskalatzaile onenak finalean lehiatuko dira 18:00etatik aurrera. Finala EITBk emango du zuzenean, ETB4, ETB On eta ETBren Youtubeko kanalean.
Jakes Agirrezabal Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak egitasmoaren izaera nabarmendu du, txikitik handira apustu egitekoa. «Erakundeetan, proposamen asko jasotzen ditugu, eta asko atzetik egitura sendoa duten proiektuak izaten dira, eta horiek ondo daude. Baina bestelako egitasmoak ere etortzen zaizkigu, egitura txikia baina lanerako gogo eta ilusio handia dutenak, eta, hain zuzen, horrelako proiektuak babesteak ematen dio zentzua gure lanari. Klimb Masters proiektua horrelakoa da, eta horregatik eman nahi diogu bultzada».
Azahara Dominguezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak antolatzaileen lana eskertu du, «Gipuzkoa nazioarteko mapan kokatzen duelako eskaladaren eta naturako kirolen erreferentziazko helmuga gisa».
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendari Roberto Ramajok, Emakumeok Mugimenduan egitasmoaren bidez, «emakumeen jarduera fisikoa sustatu, babestu eta ikusarazteko borondatea» agertu du, «hasi oinarritik eta eliteraino». Azkenik, Zarauzko Udaleko Kirol zinegotziak, Inaxio Illarramendik, azpimarratu du horrelako ekitaldiak garrantzitsuak direla, kanpoko hainbat bisitari erakartzeko ez ezik, «Zarautz dinamizatzeko eta turismo denboraldi nagusitik kanpo ere jarduerak egiteko».
Txapelketari buruzko informazio guztia, Klimb Zarautz rokodromoaren webgunean.