Munduko 'skyline' ederrenean, haizearen mende

Tasio Martin urduñarrak eta Rafa Gomez madrildarrak Paineko Dorreen zeharkaldi osoa egin dute Patagonian, duela bi urte Sean Villanueva belgikarrak eginiko jardueraren urratsetan. Haizeak gogor zigortu ditu lau egunetatik azken bietan.

Tasio Martin eta Rafa Gomez eskalatzaileak, Patagoniako Paineko Dorreen zeharkaldian. Argazkian, Erdiko Dorreko 'Kearney-Knight' bidean.
Tasio Martin eta Rafa Gomez, Paineko Erdiko Dorrearen gailurrean, 'Kearney-Knight' bidea eskalatu ondoren. TASIO MARTIN
ramon olasagasti
2026ko martxoaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paineko Dorreak, Txileko Patagonian, hiru estalagmita erraldoi dira, zerua urratzen duten granitozko hiru letagin zorrotz, munduan den skyline ederrenetako bat osatzen duten hiru zutarri zein baino zein lerdenago. Eta haiei itsatsita bada laugarren hortza ere, Peineta, Patagonia mendebaldetik sartzen diren ekaitzak orrazten dituena. Lau dorre ikusgarri dira, haize guztiak batzen diren hego-hegoko mugalde hartan. Sean Villanueva O'Driscoll belgikarrari bururatu zitzaion lau dorre haien skyline-a zeharkatzea, dorreen hego-mendebaldetik sartu eta ipar-ekialdetik ateratzea, eskalada bideak bata bestearekin uztartuz. 2024ko otsailean osatu zuen Villanuevak jarduera harrigarri hori, eta, aurtengo otsailean, Tasio Martin urduñarrak (Bizkaia) eta Rafa Gomez madrildarrak (Espainia) berritu dute zeharkaldia.

Paine Dorreak
Paine Dorreak

«Guretzat Sean [Villanueva] sekulako inspirazioa da, mendian, egiten dituen jardueretan, bizitzan, pertsona moduan... Izugarria iruditu zitzaidan duela bi urte egin zuena. Eromena. Paineko Dorreak ezagutu nituenetik, hor neukan, buruan, zeharkaldi hori noizbait saiatzea», azaldu du Tasio Martinek (Urduña, Bizkaia, 2000). Izan ere, ezagutu bazuen ezagutu, Patagoniak liluratuta dauka. Hirugarren urtea du jarraian Lurraren mutur hartan. Duela bi urte, Cerro Torre eskalatu zuen, eta Patagoniaren laztanak bere larruan probatu zituen. Iaz dardara beteko egunak bizi izan zituzten Ibon Mendiak eta biek Paineko Dorreetan bertan eta Fitz Royn, eta aurten ere hara jo du, bere abentura dosiaren bila.

Zeharkaldiaren ideia kaskezurrean sartuta, Sean Villanuevari idatzi zion iaz Martinek, bideei buruzko informazio eske. «Zeharkaldi horretan badira bi bide nahiko ezezagun: Lugno Sogno, hegoaldeko dorrean, eta Kearney-Knight, Erdiko Dorrean; oso errepikapen gutxiko bideak dira. Seanek sekulako lana egin zuen: bideak zabaldu zituzten eskalatzaile guztiekin harremanetan jarri, krokisak lortu, logistika guztia antolatu... Oso adeitsu erantzun zigun Villanuevak, eta informazio zehatza eta argazki pila bat bidali zizkigun. Izugarri ondo etorri zaizkigu haren zehaztapenak eskalada osoan. Asko eskertu dugu».

«Seanek ohartarazi zigun sekulako bidea zela 'Puro filete', eta halaxe izan zen, sekulako oparia. Lerroa oso ederra da, eta arrokaren kalitatea, itzela, zeharkaldi osoko onena. Sekulako goraldia izan zen»

TASIO MARTIN Eskalatzailea

Txilera iritsi orduko, lurreratzeko astirik gabe, eguraldi on samarreko bolada bat iragarri zuten meteorologoek. Eskalatzaileek leiho deitzen dutena. Otsailaren 1ean abiatu ziren Puerto Natales herritik, arratsaldean. Paineko Hego Dorrearen hego-mendebaldera iristeko, itzulinguru handia egin behar izan zuten. «Haranaren hasierara heltzeko bakarrik, 17 kilometro dira oinez, laku baten ondotik. Eta behin haranean sartuta, beste 20 bat kilometro egin behar dira, sei bat ordu ibilian. Izugarri haran ederra eta berezia da, eta inor gutxi ibiltzen da han». Otsailaren 2an arratsalde hasieran heldu ziren hormaren azpira, eta, arratsalde horretan bertan, Lugno sogno bidean (900 m 60˚ 5.11 A1) lehen bi luzeak finkatu zituzten, hurrengo egunerako hasiera errazteko.

Tasio Martin eta Rafa Gomez eskalatzaileak Patagoniako Paineko Dorreen zeharkaldian
Hego Dorrearen eta Erdiko Dorrearen artean. TASIO MARTIN

Otsailaren 3an ekin zioten bete-betean zeharkaldiari, beren amets luzeari. Lugno sogno bideak Hego Dorrearen hego-mendebaldeko ezproiari jarraitzen dio, eta 1.000 metro inguru ditu. «Lehen 200-300 metroetan, seigarren graduko luzeak eta artifizialeko graduak tartekatu genituen. Ondoren, ertz moduko bati jarraitzen zion bideak, orain jendarme bat, gero bi-hiru luze, hurrena rappel txiki bat, gero ensamble-an joateko moduko V. graduko eremuak, berriro seigarren graduko luzeren bat...». Bigarren zati horretan arinago joan ziren, eta 14:00etarako heldu ziren Hego Dorrearen gailurrera. Jaitsiera kontrako ezproitik egin zuten, Aste bidetik. «Ez genuen bidea ezagutzen, eta hor zailena rappelen kokaguneak topatzea da, nondik jo jakitea. Han ez dago rappel lerro perfekturik txapekin-eta. Zuk bilatu eta sendotu behar dituzu aurreko iltze zaharrak, kordeltxoak, arrakaletakoak... Baina tira, ondo moldatu ginen rappeletan, eta 18:30ean Condor lepoan ginen, Hego Dorrearen eta Erdikoaren arteko atakan».

Arinago joate aldera, ez zuten dendarik eraman bibaketarako, toldo arintxo bat bakarrik, eta bi dorreen arteko lepotxo hartan baliatu behar izan zuten. «Elurra hasi zuen, eta toldoari esker ez ginen busti, eta material guztia ere siku mantendu genuen. Bi orduko elurtea izan zen, eta beldur ginen horma nola geratuko zen elurrez, baina esan genuen: bihar biharkoak».

Otsailaren 4an, 04:00etan jo zuen alarmak, eta 05:30 inguruan heldu zioten Erdiko Dorreko Kearney-Knight bideari (850 m 5.11 A2). Bide luzea hori ere, eta zeharkaldi osoko zailena, «alde handiz gainera», Martinek nabarmendu duenez. «Benetan bertikala iruditu zitzaigun lerroa, eta zaila, artifizialeko hiru luze tartean. Denbora eta lan dezente eskatu ziguten hasierako luze horiek, eta, ondorioz, motelago joan ginen. Bezperan baino hotz handiagoa ere egiten zuen». Behin luze zailenak gaindituta, erritmoa bizkortu ahal izan zuten, eta egunaren hondarrean, eguzki herabeak «bizitzara bueltan» ekarri ondoren, 21:00etan jo zuten Erdiko Dorrearen gailurra.

Ilunbistan, Bonington-Whillans bidetik egin zituzten jaitsierako rappelak. «Iaz Ibonekin [Mendia] eskalatu nuen bide hori, eta rappelak non ziren jakiteak beste lasaitasun bat eman zigun. Haizea, ordea, asko zakartu zen. Gauerdian heldu ginen Col Bich lepora, Erdiko eta Iparreko Dorreen arteko atakara. Oso estua da lekua, V perfektu bat: beso biak luzatuta, dorre bat eta bestea ukitu ditzakezu. Sekulako haizea zebilen han».

Bigarren egunetik aurrera, haize zakarra

Lepoa baino metro batzuk beherago, doi-doi estera bakarra sartzen zen lekuan egin zuten biek bibaka. Elkarri besarkatuta igaro zuten gaua, hotzaren hotzez kizkurtuta. Sobran zeramaten ur apurrarekin, haizeak sua itzali gabe zopatxo bat egitea lortu zuten nola edo hala. Eta urdaiazpiko eta ogi mutur bat ere ahoratu zituzten. «Janari liofilizatuaz, kuskusaz eta zopaz gainera, bizipoz pixka bat», gehitu du barrez Urduñako eskalatzaileak. Hiru-lau orduko lokamutsaren ondoren, 04:30 aldera, haizeak bezperan bezain bortitz jarraitzen zuen. «Kito, goazen hemendik: leihoa itxi da eta hemen ez dago eskalatzerik», esan zuten beren kolkorako. «Eskaladako hirugarren egun hartan rappel batzuk egin genituen Col Bichetik behera, babesean dauden bibak batzuetara. Egun bat han zain geratzea erabaki genuen, hurrengoan eguraldiak zer joera zuen ikusteko».

Otsailaren 6an, haizeak ufaka eta uluka jarraitzen zuen, baina bezperan baino zertxobait otzanago, eta jarraitzea erabaki zuten. Berriro ere Col Bich lepora igo eta Ipar Dorreari heldu zioten, Monzino bide klasikotik (200 m 5.10b). «Aurrekoak baino errazagoa da Monzino, eta, hein batean, horregatik erabaki genuen jarraitzea. Haizeak zakar jotzen bazuen ere, aukeraren bat eduki genezakeela uste genuelako». Luzeari luze, lortu zuten Iparreko Dorrea ere gailurreraino zamalkatzea, baita ertz zorrotzari jarraituz bigarren mailako beste gailurrera iristea ere. «Hor, Seanek Spirito libero bidetik egin zituen rappelak, baina guk, haizetik babeste aldera, mendebalderantz jotzea erabaki genuen, eta Armas y Rosas bidetik rappelatzea. Asmatu genuen».

Peineta geratzen zitzaien, azken dorrea. Haizeak zirimola gaiztoak sortzen jarraitzen zuen, eta zalantzak erasan zien berriro. «Goazen. Monzino bidean bezala, saiatuko gara, eta, ikusten badugu ez duela zentzurik, jaitsiko gara», pentsatu zuten ahots goran. Eta Puro filete bideari heldu zioten (300 m 5.12), eta orduantxe ahaztu ziren neke, zalantza eta beldur guztiak. «Seanek ohartarazi zigun sekulako bidea zela, eta halaxe izan zen, sekulako oparia. Lerroa oso ederra da, eta arrokaren kalitatea, itzela, zeharkaldi osoko onena. Arrakalak, mugimenduak... ikaragarri onak iruditu zitzaizkigun. Sekulako goraldia izan zen». Gainera, behetik goraino erabat librean kateatu zuten bide hori, artifizialeko baliabiderik erabili gabe, eta gerora jakin dute lehen errepikapena izan dela estilo horretan.

Tasio Martin eta Rafa Gomez eskalatzaileak Patagoniako Paineko Dorreen zeharkaldian. Argazkian, Erdiko Dorreko 'Kearney-Knight' bidean.
Tasio Martin, Peineta dorreko 'Puro filete' bidean. TASIO MARTINEK UTZITAKOA

Azken luzeak, ordea, tentsio handiagokoak izan ziren. Haize zakarraz gain, mendebaldetik fronte beltz bat begiztatu zuten, trostan haiengana. Haizeak zamalkatuz sartzen dira Patagonian fronteak, azkar demonio. «Peineta dorrearen goiko alde hartan sumatu genuen une batetik bestera egoera serio jar zitekeela. Tontorrera heltzean, sekulako poza sentitu genuen biok, baina denborarik galdu gabe heldu genion jaitsierari. Zuhur jokatzea eta bide beretik rappel egitea erabaki genuen, eta ez Seaneak bezala, ipar-ekialdetik. Jaitsiera izan zen Sean Villanuevak eginiko zeharkaldiarekiko alderik handiena», azaldu du Martinek. Villanuevak MM bikoitz bat marraztu zuen Paineko skyline-an, eta zeharkaldiari izen hori eman zion. Tasio Martinek eta Rafa Gomezek, erdi txantxetan, MN bat marraztu dutela diote, azken dorrera igo eta eta jaitsi bide beretik egin zirelako.

Sokakidea eta lagun mina

Astebete munduko skyline ederrenetako batean bakar-bakarrik igaro ondoren, Valle del Silenciotik behera trekkinzale guztiak ibiltzen diren bidearekin bat egitea «sekulako talka» izan zela oroitu du Martinek. «Ordubetean, 500 pertsonarekin edo gehiagorekin egin genuen topo». Ospatzeko garaia zen. Puerto Nataleseko Red Point ostatuan arkume jan ederra eginez dastatu zuten Paineko zeharkaldiaren poz betea.

«Zurekin sokara lotuta dagoena lagun mina denean, eta ez bakarrik sokakidea, halako konpromisoko jardueretan askoz hobeto funtzionatzen du guztiak»

ITASIO MARTIN Eskalatzailea

Oinak lurrari itsatsita, Paineko skyline-an haizearen mende ibilitako bi funanbulistek topa zintzoa egin zuten Natalesen. FEDMEko Alpinista Gazteen taldean ezagutu zuten elkar Tasio Martinek eta Rafa Gomezek, ez zuten inoiz «hain gauza seriorik» eskalatu elkarrekin, baina soka sendoa osatu dutela nabarmendu du mendizale urduñarrak. «Oso ondo moldatu gara eskaladan, erabakietan, bibaketan... Zentzuz eta erabateko adostasunez hartu ditugu erabakiak, eta bibaketan, bizitzako beste gai askori buruz sakon hitz egin dugu, sentimenduak eta beldurrak konpartitu ditugu... Hizketaldi horiek, halako lekuetan, asko sendotzen dute harremana. Zurekin sokara lotuta dagoena lagun mina denean, eta ez bakarrik sokakidea, halako konpromisoko jardueretan askoz hobeto funtzionatzen du guztiak».

Puerto Natalesetik Chaltenera (Argentina) jo zuten, eta han Sean Villanuevarekin egin zuten topo. «Patagonian dabil bera ere, eta egunotan elkarrekin ibili gara eskalatzen. Asko poztu da norbaitek zeharkaldi honetan interesa agertu duelako, errepikatu duelako… Hala ere, esaten zigun ez zuela ulertzen nola izan ginen gai zeharkaldia hain leiho kaskarrarekin egiteko. Izan ere, otsailaren 3a eta 4a, hotzak bai, baina onak izan ziren, baina hortik aurrerako egunetan eskalatzeko baldintzak ez ziren egoki-egokiak izan. Egun horietan, motibazioak eman zigun bultzada aurrera jarraitzeko. Eta pausoz pauso joateak». Patagonian, mira oso urrun jartzea baino zuhurragoa da beti hurrengo urratsean jartzea. Modu bakarra da, tarteka, urrunera iristeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.