Nire mugen gainetik

Josu Merino elgoibartarrak eta David Lopez ‘Troner’ errioxarrak 'dry tooling'-eko eta izotzezko hainbat bide gogor eskalatu zituzten Dolomitetan urtearen hasieran, eta FEDMEren saria jaso dute berriki. Merinok jardueraren kontakizuna bidali du BERRIAra.

Josu Merino eta David Lopez 'Troner', Dolomitetako izotz jauziak eskalatzen
David Lopez 'Troner', 'Wild Grisenche’ bideko (M9) burruntzietan. JOSU MERINO
Josu Merino
2025eko abenduaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Niretzat, mendian egiten ditudan ekintzak askatasunarekin, errespetuarekin eta enpatiarekin loturik daude. Gaur egun, Palestinako egoera ikusita, non gaude gizakiok? Gizatasuna, balioak eta etika galdu al ditugu? Beste aldera begiratuko dugu? Kirolaren bitartez hitza dugunok ere gure ahotsetik zeresana dugu. Nire aldetik: Aski da! Jasanezina da!

Lerro hauen bidez aurtengo neguko nire irteera eta izotzean eginiko eskaladak ekarri nahi ditut gogora. Urtarrilean eta otsailean Dolomitetan izan nintzen, denbora puska joan da geroztik, baina oraindik orain Espainiako Federazioak izotzean eta dry tooling-ean eginiko jarduera onenaren saria eman digu, eta hortik han bizitakoak zuekin konpartitzea.

Hainbat egunez ezbaian egon ginen, Dolomitetan izotz bideen baldintzak ez baitziren egoki-egokiak, baina azkeneko momentuan erabaki genuen bidaia egitea.

Osatuta zeuden bide apurren artean Paso Gardenako Hybrid jauzia (M8+/W16) zen gure bidaiako helburu garrantzitsuena. Bide horrek 100 metro besterik ez dituen arren, egun oso bat behar izan genuen eskalatzeko. Duen berezitasun handiena da ez duela apenas heldulekurik pioleta iltzatzeko. Hori dela eta, ez da batere samurra friend-en bitartez nork bere burua aseguratzea. Horrez gain, beste hiru erronka ere izan genituen: lasaitasunari eustea, hotz handia mentalki baztertzea eta fisikoki ondo erantzutea.

Josu Merino eta David Lopez 'Troner' Dolomitetan
Josu Merino eta David Lopez 'Troner', bi sokakideak. JOSU MERINO

Egun batzuk lehenago, sare sozialen bitartez ezagun batzuek jakinarazi ziguten bertan behera laga behar izan zutela saiakera, izotz faltagatik. Guk, ordea, lortu genuen bidea eskalatzea.

David Lopez, Troner lagunentzat, Logroñokoa da, eta nire sokalaguna izan zen bidaia honetan. Dry-tooling estilo honetan aditua da; areago, jendarte zabalean ezezaguna izan arren, munduko onenetarikoa da. Hybrid bidean, Tronerrek di-da batean eskalatu zuen eremu gogorreneraino, eta azkar gainditu zuen zati hori. Hori ikusita, niretzat ere hain zaila ez zela izango pentsatu nuen. Ene, zer-nolako hutsegitea! Usteak ustel berriro ere. Bide eta pasarte horrek baieztatu zidan, beste behin, zer maila duen Tronerrek. Biok zati hori eskalatu ondoren, beste izotzezko kandela batzuk eskalatu genituen, eta gora heldu ginen. Azkeneko argi izpiekin batera jaitsi ginen paretaren oinarrira.

«Eta orain zer?», galdetu genion geure buruari. Zazpi egun genituen aurretik eta lehenetsitako erronka handi hura egina genuen jada. Egunean egunekoa egitea erabaki genuen, gogoaren eta gorputzaren arabera.

Bigarren egunean Paso Gardenera bueltatu ginen, eta beste bide bat eskalatu genuen han, Hybrid baino errazagoa eta motzagoa. Hurrengo egunean, eztabaida izan genuen: nik atseden hartzea proposatu nuen, baina Tronerrek eskalatu egin nahi zuen, bai ala bai. Eta azkenean, berea egin genuen. Fannnes bidea (M8) igo genuen egun horretan. Hori bai, bidea egin aurretik abentura izan genuen: hara heltzeko galdu egin ginen, bai kotxez eta bai oinez. Horregatik, 14:00etan hasi ginen eskalatzen. Negu mineko egun laburretan, oso berandu zen hori, eta aurreikusi bezala gauez jaitsi ginen.

Josu Merino eta David Lopez 'Troner' Dolomitetako izotz jauziak eskalatzen
'Dry tooling'-eko jauzi gogorrak kateatu zituzten bi eskalatzaileek. Irudian, 'Jedi Master' bidean. JOSU MERINO

Laugarren egunean beste bailara batera joan ginen, Bolzanotik ekialdera, Val de Gares-era. Valbone Ice Fall jauzia (M11+) zen han gure jomuga, klasiko bat, zailtasun horretan munduko lehen bidea. Nik nirean jarraitzen nuen, atseden hartu nahian, eta egun horretan, berez, Troner aseguratzeko asmoa besterik ez nuen, baina azkenean bere atzetik igo nintzen, eta ez naiz damutzen, bigarren zatia, Ringo M8, oso ederra baitzen. Merezi izan zuen. Bide hori ez da arriskutsua parabolt-ak daudelako iltzatuta, baina fisikoki exijentea da. Tronerren igoeran ertz bat apurtu zen, eta, beraz, ezin dugu esan bistaz –aurrez landu gabe alegia– eskalatu zuenik.

Izotz baldintza kaskarrak zirela eta, gure etxerako buelta eta hegazkin txartela aurreratzea erabaki genuen. Beraz, bosgarren eta azkeneko eguna geneukan aurretik, eta ez ginen alferrik pasatzen uzteko prest. Paso Gardenera bueltatu ginen, Space Shuttle  bidera (M9-). Paretara iritsi orduko ikusi genuen beste bikote bat ari zela izotz jauzi hori eskalatzen. Gu prestatu orduko, haiek luzearen goiko aldera iritsiak ziren. M9- luze hori eskalatu ondoren, bikote horren parera heldu ginen. Une horretan, Tronerrek proposatu zidan haien zain egon ordez bideari amaiera beste beste toki batetik ematea. Zailtasun gehiago zuen aldaera horrek, eta itxura erakargarriagoa. Aho zapore gozoa utzi zigun azken eskaladak.

Traste denak jaso ondoren, Milan aldera abiatu ginen, aireportu aldera. Oso pozik eta oso nekatuta.

Bigarren bidaia

Aste batzuen buruan, nekeari etxean nola edo hala buelta emanda, artean negu bete-betean ginela aprobetxatuz, izotzetara beste txango bat egitea erabaki genuen. Oraingoan, Cogne aldera, Dolomitetako mendebaldera. Han, Empire Strike bidea (M11) zen helburu nagusia. Heldu bezain pronto, goiz zenez, tokia ikustera hurbildu ginen, eta segituan konturatu ginen inguru hartan beroa egin zuela aurreko asteetan. Tenperatura epel horiek puskatu egin zituen ur-jauzi hormatuak.

Josu Merino eta David Lopez 'Troner' Dolomitetako izotz jauziak eskalatzen
Kanderstegeko hormak, izotzez biluzi samar. JOSU MERINO

Hala ere, hurrengo egunean han ginen, zerbait egiteko gogoz. Lehen luzeak oso izotz gutxi zuen. Ez zen hori zati gogorrena, baina izotzez biluzi egoteak zaildu egin zuen igoera, eta oso tentuz ibili behar izan genuen. Bidearen gakoa bigarren zatia da, M11 zailtasuneko tartea. Tronerrek berak ere denbora asko behar izan zuen, ia ordubete, desplome handi hura gainditu eta gora heltzeko. Txundituta geratu nintzen lagunaren gaitasunarekin. Bistaz egitea lortu zuen, eta, guk dakigula, ez du beste inork halakorik lortu jauzi horretan. Inondik ere, bera izan da lehena. Bejondeizula, Troner!

Aurreko bidaian bezala, gure erronka eta helburu nagusia lehenengo egunean bertan lortu genuen. Ondotik, ohiko eztabaida saioaren ondoren, Suitzako Kandersteg herrira jo genuen. Berriro ere Tronerren proposamenak egin zuen aurrera. Lagun ezin hobea eta eskalatzaile miresgarria izan arren, burugogorretan burugogorrena da David. Ez nuen irabazi eztabaida bakar bat ere bi bidaietan.

Suitza zeharkatzeko nahiko lan izan genuen. Herrialdea Europako Batasunetik kanpo dagoenez, mugikorreko daturik ez genuen. Azken momentuko erabakia izan zen hara joatea, eta ezin izan genuen kontu hori bideratu. Mugikorrean eskalada bideen «pantaila irudi» batzuk egin, bidea buruz ikasi eta han joan ginen. Eskerrak lo egiteko tokian wifia genuela. Thunersee lakuan, Interlaken baino zertxobait lehenago, hartu genuen ostatua.

Oztopoak oztopo, heldu ginen Kandersteg-eko Max 3 bidera. Chamonixeko mendiko denda batean lan egiten duen lagun batek aurreratu zigun izotzezko burruntzi horrek apurtua zuela goi parteko azkeneko izotz zatia. Hori entzunda, Troner are gehiago motibatu zen. Iluntzean heldu ginenez, oinez ordubeteko bidea genuen materiala goian lagatzeko. Egia esan, horrek ekarri zuen bere bidesaria; izan ere, berandu jaitsi ginen egun hartan, eta biharamunean oso goiz abiatu ginen, bidea egun argiz eskalatzeko asmoz. Pisuz arinago, baina atseden gutxirekin gindoazen Max 3 jauzira.

Egunsentian, hormaren oinean geunden. Zuzen zegoen gure laguna: zati handia falta zen goiko aldean. Lehen luzea ere oso zaila zegoen izotz faltagatik. Astiro-astiro, azkeneko luzeetara heldu ginen. Eta txundituta geratu ginen paretako desplome ikaragarriekin eta harrian zeuden marka gorriekin. Pioletak non jarri erakusteko markak ziren. Horrelako marka gorriak onartezinak dira mendian, abentura kutsua kentzen baitiote eskaladari. Kirol izaerako dry tooling sektore batean topatzea, rokodromo gisa, tira, baina mendia ez da rokodromo bat. Zailtasuna kentzen zaio eskalada bide horri. Areago, xarma dena ere galtzen du bide horrek.

Marka gorri horiek erabiliz, parabolt-etan aseguratuta, Troner segituan iritsi zen puskatutako azken zatira. Posible izango ote genuen azken tarte apurtu hori gainditzea?

Josu Merino eta David Lopez 'Troner' Dolomitetako izotz jauziak eskalatzen
'Max 3' bidean. JOSU MERINO

Izotzik ez egoteak lana gehitu zigun. Gehiegizko arriskurik ez hartzeko, lehenengo parabolt-etara jo genuen, eta gero, horietan aseguratuta, beste bide bat asmatu behar izan genuen aurrera egiteko. Troner aseguratzen nuen bitartean, desplome handi horri aurre egiteko zer estrategia hartu hausnartzen aritu nintzen. Nik ezin nezakeen egin Daviden modura, ez nuen neure burua gai ikusten, eta erotzea eta, bide batez, zintzilik geratzea ez zegoen aukeren artean. Ataka hartatik ateratzeko, polea-trakzio mugimenduren bat egitea pentsatu nuen, eta lan ikaragarria eskatuko zidan. Pentsatu nuen arrisku gutxien eta segurtasun handien bidea zatika egiteak emango zidala. Eta hala izan zen. Biok gailurrean topo egin genuenean, pozez zoratzen besarkatu genuen elkar, batak bestea zorionduz. Lan handia eskatu zigun erronka bete genuen, eta harro geunden.

Handik jaistea ere ez zen izan ahuntzaren gauerdiko eztula. Izotza puskatutako tokian, sabai hartan, bi torloju sartu behar izan genituen paretara hurbiltzeko. Sokak ez zion paretari jarraitzen, eta sabaian ibilbideari jarraitzea derrigorrezkoa zen rappela egiteko. Hala ere, nola edo hala, heldu ginen behera. Bertan laga genuen material guztia hurrengo egunerako; izan ere, inguru hartan bertan Elementarteilchen bidea (IV M8) egitera bueltatzeko asmotan ginen.

Azken hori askoz errazago egin genuen, traba handirik gabe, eta iluntze hartan bertan Italia aldera jo genuen, hurrengo eguerdian han hegazkina hartzeko.

Neguko bi txango zoragarri izan ziren, toki paregabeetan eskalatuz, erronkak betez eta gure arteko adiskidetasuna estutuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.