Mendia. Bandres-Karolo memoriala

Omenaldia, lehia eta giro ona

Nafarroako Pirinioetan 200 eskiatzaile inguru elkartu dira asteburuan, Mendiko Eskiko Euskal Herriko Txapelketan eta Bandres-Karolo oroimenezkoan lehiatzeko.

Antolatzaileak pozik daude lasterketak izandako erantzunarekin. CARLOS ORTIZ DE ZARATE.
2014ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Berezia izan da aurten Bandres-Karolo oroimenezkoaren hasiera, Carlos Imirizaldu Aiesa Karolo eskiatzailea omendu baitute; zaratarekin omendu nahi zuten lagunek, eta suziria botaz hasi zuten lehiaketa.

Eskiatzaileen topagune izan zen Izaba joan den asteburuan (Nafarroa). Euskal Herriko txapelketa jokatu zen han, eta baita Bandres-Karolo oroimenezkoa ere. 200 eskiatzaile bildu ziren txapelketa handian, euskal herritarrak gehienak eta tartean izen handi asko. Bi eguneko lehiaketaren ostean, Iñigo Lariz elgoibartarra eta Lausa Sola iruindarra izan ziren euskal ordezkari onenak, aspaldiko mendiko eski lasterketa alpino eta hunkigarrienean. Manuel Merillas izan zen Bandres-Karolo oroimenezko irabazle nagusia gizonezkoetan; eta emakumezkoetan, berriz, Laura Sola nagusitu zen.

Larunbateko saioa Lakora (1.877 m) mendiaren inguruan diseinatu zuten antolatzaileek: 1.500 metroko desnibel metatua eta zati tekniko ugari. Mendiko eskiko lasterketen ibilbidea zeresan handia ematen ari da azkenaldian, eguraldiarengatik edo elurraren egoerarengatik ibilbideak laburtu eta askotan eski pisten babesean antolatzen ari direlako. Aitor Murua mendiko eskiatzailea da, Euskal Selekzioko hautatzailea eta Bandres-Karolo oroimenezkoaren antolatzaileetako bat. «Eguraldi ona edukiko genuela ikusita, argi geneukan lasterketa alpinoa egin nahi genuela, benetako mendiko eskiatzaileek halakoak dituztelako gustuko», azaldu du.

Oro har, oso lasterketa teknikoa izan da, ibilbidearen ezaugarri alpinoez gain, elurra oso gogor zegoelako leku askotan. Mendiko eskiatzaileak elur mota guztietan moldatu behar omen du, ordea, eta Izabako lasterketan orotariko eremuetan ibili ziren eskiatzaileak. Lakoraren ipar aurpegian egin zuten jaitsiera batean, esaterako, izotza tarteko, antolatzaileek soka bat jarri zuten lasterkariak hari helduta jaits zitezen. Horrez gain, bi igoeratan kranpoiak ere jarri behar izan zituzten eskiatzaileek.

Maila goreneko eskiatzaileak

«Oso pozik gaude ibilbidearekin, eta parte hartzaileak ere pozik geratu direla uste dugu. Mendiko eskiko lasterketa asko eski estazioetatik gertu antolatzen dira azkenaldian. Gurean ez dago halakorik. Horrek badu alde on bat, ibilbidea mendi-mendikoa izan dela, eta eguraldi onak lagunduta, ikuspegi zoragarria izan dugula», esan du Muruak. Arrisku bat ere badu, ordea. Gerta liteke eguraldi txarra egokitzea eta inguruan eski estaziorik ez dagoenez lasterketa bertan behera utzi behar izatea. Aurten eguraldia lagun izan dute, eta «bikain» atera da dena.

Lasterketa azkarra egin zuten eskiatzaileek larunbatean. Puntako eskiatzaileek ez zuten hutsik egin, eta lasterketa hasi orduko buru-buruan ziren. Manuel Merillas izan zen lehen saioko irabazlea. Ordubete eta 39 minutuan gelditu zuen kronometroa aragoiarrak. Haren atzetik Antonio Blanco helmugaratu zen bost minutura, eta minutu bat geroago iritsi zen lehen euskal herritarra, Iñigo Lariz elgoibartarra.

Emakumezkoetan, berriz, lehia estua espero zen Nahia Quincoces lekeitiarraren eta Laura Sola iruindarraren artean, baina nafarra aise gailendu zitzaion bizkaitarrari. 2 ordu eta 4 minutuan burutu zuen ibilbidea lehenengoak; lau minutu gehiago behar izan zituen bigarrengoak. Uxue Fraile donostiarrak osatu zuen emakumezkoen podiuma.

«Aurten izugarri ondo aritu dira eskiatzaileak. Aragoitik [Espainia], Frantziatik eta inguruetatik lasterkari on asko etorri dira eta etxekoak ere gero eta indartsuago daude. Bi izen aipatuko nituzke euskal eskiatzaileen artean: Iñigo Lariz eta Iñigo Martinez de Albornoz. Biak ala biak aurre-aurrean ibili dira. Albornozek gainera, lehen urtea du juniorretan, eta Larizengandik pare bat minutura ibili da», azaldu du Muruak.

Igandean, berriz, Nafarroa eta Aragoi arteko mugan, Linzako aterpetxean hasi zen lasterketa. Bertatik hasi eta erlojuaren aurkako igoera egin zuten Gamueta (2.329 m) gaineraino: mendi igoera piko eta ikusgarria. «Jendeak oso nekatuta amaitu zuen igandean, igoera gogorra prestatu genuelako. Ez zen kronoigoera bat izan, mendiko igoera bat izan zen. Malda pikoan besoekin indar handia egin behar izan zuten», esan du Muruak.

Iñigo Lariz elgoibartarra espezialista da igoera bertikaletan, eta faborito nagusien artean zen igandeko saiorako. Kiko Navarro aragoiarrak erakustaldia eman zuen, ordea, eta harentzat izan zen igandeko saioa. Minutu eta bi segundora helmugaratu zen elgoibartarra. Hirugarren postuan, berriz, Manuel Merillas aragoiarra.

Emakumezkoetan berriz ere Sola izan zen nagusi. Nafarrak hiru minutuko tartea atera zion Nahia Quincocesi. Hirugarren postua, berriz, Maite Maiora mendaroarrarentzat izan zen. Mendiko eskiatzailea iaioa da igoera laburretan eta larunbateko saioan baino hobeto moldatu zen.

Bi probak kontuan hartuta, Manuel Merillas izan zen Bandres-Karolo oroimenezko irabazle nagusia. Haren atzetik Iñigo Lariz eta Antonio Blanco, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, berriz, Laura Sola, Nahia Quincoces eta Uxue Frailek osatu zuten azken sailkapena. Euskal Herriko Txapelketa ere jokoan zen Bandres-Karolo oroimenezkoan, eta Iñigo Larizek eta Laura Solak eraman zuten txapela. Mendiko eskiaz lehiatu gabe gozatu nahi zutenentzat beste ibilbide bat ere izan zen aukeran, eta, guztira, 26 lagunek amaitu zuten proba hori.

«Oso pozik gaude lasterketa biribila atera delako, mendi-mendikoa. Inguru paregabea eta giro ezin hobea eduki ditugu, eta ezin dugu gehiago eskatu», esan du Muruak. Lasterketa igarota lasaiago dauden arren, hurrengo urtekoari begira daude jada. «Baditugu hobetu beharreko gauzak baina aurtengoaren ildotik segitu nahi dugu: Euskal Herriko Pirinioetan mendiko eskiko lasterketa eder bat egitea da gure helburua», esan du eskiatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.