Pedro Etxeberria. Mendi eta txakur krosetako korrikalaria

«Parte hartzaile guztiok errespetatzen ditugu txakurren legeak»

Korrikalaria da Pedro Etxeberria. Bakarrik edo txakurrarekin. Mendian, betiere. Suko du korrikarako laguna. Bi diziplinatan moldatzen da oso ondo, eta bietan izaten da aurrenetakoa, bai txakur krosetan, bai distantzia luzeetan.

Pedro Etxeberria
Zumaia
2016ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Iragan igandean amaitu zen Euskal Herriko Txakurkros Liga, Tolosan (Gipuzkoa). Aurtengoa ere bikain joan da Pedro Etxeberriarentzat (Zumaia, Gipuzkoa, 1975). Beste behin, txapeldun izan da beteranoen kategorian, Suko txakurrarekin. Txakur kroseko denboraldia bukatu, eta mendi lasterketena hasteko garaia heldu zaio. Ez du atsedenerako denbora askorik izango, ultra distantziako Espainiako Txapelketan lehiatuko baita hamaika egun barru, Ultra Montsenyn, Viladraun (Girona, Herrialde Katalanak).

Nor da Pedro Etxeberria?

Zumaiarra da, 41 urtekoa eta kirola oso gustuko duen pertsona bat.

Noiztik kirolean?

Oso umetatik. Eskubaloian ibilitakoa naiz, herriko Pulpo taldean. Euskal selekzioan ere jokatu nuen. 19 urterekin belauneko lotailu gurutzatua apurtu nuen, eta eskubaloia utzi behar izan nuen. Orduan, eskubaloiko entrenatzaile hasi nintzen. Urte batzuk egin eta gero, uztea erabaki nuen. Urte haietan ez nuen kirolik egiten, kiloak hartu besterik ez [barreak].

Korrika noiz hasi zinen orduan?

Oso berandu, 30 urte nituela. Hasieran, beste askoren moduan, Behobia-Donostia egiteko asmoarekin hasi nintzen. Gerora, lasterketa dezente egin nituen, mendira jauzia egin aurretik.

Eta txakurrarekin?

Txakurra etxera ekarri nuenean. Mendira nirekin eramaten nuen, eta, egun batean, txakur kroseko lasterketa baten iragarki bat ikusi nuen. Pentsatu nuen: «Eta zergatik ez? Nire txakurra beti aurrean joaten da eta!». Ordura arte ezagutu ere ez nituen egiten horrelako probak. Aurreneko urtean ezin izan nuen lasterka egin, txakurrak oraindik ez zuelako urtea bete. Gauza horiek asko zaintzen dira.

Txakurren zaintzarekin oso zorrotzak al dira?

Bai, bai, eta zenbat eta gehiago, hobe. Lasterketaren aurretik txakurraren liburuxka antzeko bat erakutsi behar izaten dugu, txerto guztiak hartuak dituela erakusteko. Txertoa hartu gabe irteten bazara, txakurra bera dago arriskuan. Pentsa, irteeran bertan ia 80 txakur inguru izaten dira. Oso komenigarria da horrelako zorroztasuna.

Lehen lasterketara zure kontura joan al zinen?

Bai, iragarkia ikusi, eta handik urtebetera joan nintzen. Errenterian izan zen [Gipuzkoa]. Orduan, han bakarrik egiten zen mota horretako lasterketa bat. Gogoan dut hasieran nahiko atzean irten ginela. Pixkana-pixkana joan, eta txakurra ez zen lasaitu lehen postuan jarri arte. Ikaragarria izan zen: lehen lasterketa, lehen garaipena. Orduan sartu zitzaidan txakur kroserako harra.

Mikel anaia eta biok aritzen zarete lasterketetan. Zenbat txakur dituzue?

Zazpi txakur ditugu. Guztiekin ibiltzen gara mendian, baina lasterketetarako bakoitzak berea ibiltzen du.

Nola egiten duzue aukeraketa?

Aurretik erabakita izaten dugu. Nireak Suko izena du, eta anaiarenak, berriz, Duke. Alaskarrak dira. Urte dezente ditu anaiarenak, baina beti harekin korrika egiten du. Nireak bi urte besterik ez du. Hasieran, Zura-rekin ibiltzen nintzen, artzain txakur bat. Oraindik etxean dut.

Zein dira txakur batentzat txakur krosean ibiltzeko urterik onenak?

Nireak, esaterako, urte eta erdirekin Espainiako Txapelketa jokatu zuen. Esan daiteke urterik onenak bi urte eta zazpi urte bitartekoak direla. Orduan, zertan ibili den ikusita, bere mugak bistaratzen ditu. Jada ez dira hain azkarrak.

Urtean zenbat lasterketa egiten dituzu?

Aurten diziplina guztietan ibili naiz txakurrarekin. Bizikletan, patinetan, txakur krosean… Denera hemeretzi lasterketa egin ditut. Urrian hasi ginen, eta joan den asteburuan bukatu genuen denboraldia. Badaude lasterketa gehiago, baina nik bukatu dut.

Ez al da lasterketa kopuru handia txakurrarentzat?

Ez. Txakurrak, hotza egiten duen bitartean, korrika ondo egiteko aukera izaten du. Hotzak baldintzatzen du haien denboraldia. Aurtengoa oso txarra izan da txakurrentzat. Esan besterik ez dago lasterketa asko bertan behera utzi egin behar izan dituztela, giroarengatik. Neguko kirol bat da, eta guk ere neguko federazioan izaten dugu federatu txartela.

Lasterketa gehienak Joxe Felipe Larrazabalek, zure anaiak eta zuk zeuk irabazi dituzue. Hainbesteko aldea al dago zuen eta besteen artean?

Baietz esan dezaket. Jon Gonzalez asko gerturatzen da, baina amaierarako indar falta izaten du. Lasterketa motzetan ondo ibiltzen da, baina luzeagoetan gehiago sufritzen du. Gu hirurok arraza bereko txakurrak ditugu, alaskarrak.

Mendi lasterketen moduan, txakur krosen kopurua eta oihartzuna ere handitzen ari da. Zergatik?

Duela zazpi urte Errenterian bakarrik jokatzen zen, eta proba Espainiako Ligaren barruan zegoen. Orduan 50 lagun-edo ibiltzen ginen, eta xarma handia zuen. Oso gauza eskasa zen Euskal Herrian proba bakarra izatea. Batzartzen hasi ginen, eta liga antzeko zerbait sortzea erabaki genuen. Jada badira bost urte liga jokatzen dela. Lasterkari kopurua gora doa etengabe, eta aurten, esaterako, ehun parte hartzailetik gora izan ditugu Zumaian [Gipuzkoa]. Galiziar eta asturiar asko etorri ziren.

Espainiako lasterketetara ere joaten al zarete?

Bai, Espainiako Kopa eta Txapelketa jokatzen ditugu. Anaiak gutxiago egin ditu.

Zer-nolako txakurrak dira Duke eta Suko?

Txakur zintzoak dira, beldurti xamarrak. Ez daude ohituta jendearekin egotera, eta kalera jaistean izutu egiten dira soinuarekin eta burrunbarekin.

Aurtengo Euskal Herriko Ligan bederatzi lasterketa jokatu dira. Nolako giroa izan duzue?

Oso giro ona dugu denon artean. Denek txakurraren babesa bilatzen dugu, denok errespetatzen ditugu txakurren legeak. Aspaldi ez dut inongo arazorik ikusi. Lehen ohikoa izaten zen lasterketa bat irabaztearren txakurrari tiraka ibiltzea. Gauza horiek oso itsusiak izaten dira.

Lasterketetan istilu asko izaten al dituzue?

Gerta daitekeena aintzat hartuta, batere ez. Beti izaten da txakurren bat arazotsuagoa, baina jabea ere konturatzen da, eta arazoak hor amaitzen dira.

Nolakoak izaten dira zuen entrenamenduak?

Nire gorpuzkeragatik ezin ditut luzaroan jasan txakurraren tiraldiak. Mendira eramaten ditut denak, zazpiak, eta ni ere haiekin ibiltzen naiz. Denek ezagutzen naute jada. Bidegurutzeetan itxaroten didate, eta ni iristean jarraitzen dute.

Zein ezaugarri behar ditu txakur on batek?

Egoskorra izatea, jabea bezala [barreak]. Atleta gorputza, indarra eta gutxieneko pisu bat edukitzea.

Eta lasterkari on baten ezaugarriak?

Lehenik, txakurrari beldurrik ez izatea; maldan behera ere beldurrik ez izatea; jaitsieretan teknika pixka bat izatea; eta mendian asko ibiltzea. Txakurra denbora gehienean tiraka joaten da, eta horrek oreka galtzera eraman zaitzake, horregatik behar da teknika pixka bat beherantz joatean.

Zer gabezia ikusten diozu txakur krosari?

Jende gehiago federatzea falta da. Federazioak indar handiagoa behar du, eta, era berean, laguntza gehiago eskaini. Federazioak ez du batere laguntzen. Bere txapelketan izan ezik, besteetan ez du laguntzarik eskaintzen.

Zenbat balio du zuen txakur batek?

Nire bi lehen txakurrak ez nituen ordaindu. Zorte handia izan nuen, zeren urte eta erdirekin jada tiratzen zutela ekarri nituen. Lera gidari batengana joan, eta ea sobera zituen galdetu nion. Lehenik Duke eman zidan, harekin arazoak izan baitzituen. Harentzat ez ziren azkarrak, baina txakur kroserako bikaina zen. Hala ere, 500 euro inguruan ibiltzen dira kumeak. Gero erakutsi egin behar zaie, zaindu, eta zorte pixka batekin, ona atera daiteke. Norvegia aldera greyster arrazako baten bila joanez gero, berriz, mila euro inguru ordaindu behar dira.

Lan handia izaten al da txakurrak ondo prestatuta edukitzea?

Pixka bat bai. Udan aske ibiltzen dira; neguan, berriz,Espainiako txapelketa bat prestatzeko, bizikletan edo patinetan ibili behar dira, giharrak eta atzeko hankak indartzeko. Abiadura ere landu behar izaten da.

Noiz hasten zarete denboraldia prestatzen?

Urrian hasten gara. Guk ez dugu denboraldi-aurrerik egiten, zuzenean lasterketetara joaten gara. Nik, esaterako, mendi lasterketak amaitzean, txakurrarekin hasten naiz, eta alderantziz. Urte osoa pasatzen dut gelditu gabe.

Mendi lasterketak aipatu dituzula, noiz hasi zinen mendi lasterketetan lehiatzen?

Zortzi urte izango dira. Bakarra egin nuen urte hartan, Zarautzen, Pagoetako igoera [Gipuzkoa]. Agonia izan zen. Errepidean korrika egiten nuen, mendia zapaldu ere ez nuen egiten. Aldapan gora joatea oso gogorra egin zitzaidan, eta maldan behera, berriz, baba ikaragarriak atera zitzaizkidan.

Mendiko lasterketetan garaipen handi batzuk lortutakoa zara. Zein duzu oroitzapenik gozoena?

Agian, lehen aldiz Hiru Handiak irabazi nuenean, 2010ean. Ezusteko handia izan zen hura niretzat. Pentsatutako denbora baino bi ordu gutxiago egin nituen gainera. Asmoa taldean joatea zen, aurrekoekin ahal nuen denbora gehiena irautea, eta amaitzea. Erritmo mantsoagoan irteteak asko lagundu zidan. Zigor Iturrietarekin eta Joxelu Albizurirekin joan nintzen denbora askoan. Gerora, Zigor ondoezik sentitu zen, eta Albizurirekin gelditu nintzen. Nekea sumatzen hasi, eta Landan hogei minutu egin nituen geldirik. Besteek aurrera egin zuten. Berriro ere berpiztu nintzen, eta aurrekoen bila abiatu nintzen. Pixkana-pixkana aldea murriztu, eta gertu nituela esan zidaten. Hamar kilometro falta zirela ikusi nuen irabaz nezakeela.

2014. urtean G2H, Goierriko Bi Handiak (88 kilometro, +6.000 metro), irabaztea baino garrantzitsuagoa izan zen garaipen hura?

Bai, lehena izan zelako. 2014an G2H irabazi nuenean, bost podiumetara igoa nintzen urte hartan. Gainera, bigarren izan nintzen Hiru Handietan, Jabi Dominguezen atzetik. Handia izan zen hura. Denboraldi bikaina izan zen, orain arteko onena.

Zer atsegin duzu gehien mendiko lasterketetatik?

Ondo moldatzen naiz bakarrik joatean, eta bakardade hori asko atsegin dut. Gauak, ordea, besteekin egitea gustatzen zaizkit. Bideari asko jarraitzekoa naiz, eta bidegurutzeetan galtzea erraza izaten da gauean. Gertatu izan zait atzera buelta egin behar izatea.

Zein da inoiz egin duzun lasterketarik luzeena?

Iaz, Espainiako Ultra Txapelketa, Madrilen. Berez 110 kilometrokoa zen, baina gehienoi 118 kilometro markatzen zizkigun GPSak.

Ehun miliako (166 kilometro) distantziara jauzia egiteko asmorik baduzu?

2011n irten nintzen Beasaingo Ehunmilietan [Gipuzkoa]. Saihets hezur bat apurtu nuen, eta hilabeteko entrenamendua eginda irten nintzen. 40. kilometroan utzi egin behar izan nuen.

Zer iritzi duzu mendi lasterketak hartzen ari diren sonaz?

Alde batetik, pozgarria da; beste alde batetik, estresagarria. Polita, edozein lasterketetara zoazela ere beti izaten delako ezagunen bat. Orain edozein lekutan ikusten da bateren bat mendian korrika.Hala ere, badu arriskua: jada distantziak ez du inor kikiltzen, eta errespetua ere galdu diogu.

Non ikusiko zaitugu aurten lehiatzen?

Apirilean, Espainiako Ultra Txapelketara joango naiz, Montsenyra. Gero, bigarren semea jaioko da, eta atseden txiki bat hartuko dut. Aurrerago, Euskal Herria Mendi Erronka, Peñalara, G2H, Cerdanya eta Hiru Handiak edo Trail Guara Somontano. Apukoko ultran bukatuko dut denboraldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.