Jaioterriko plazan jarri du hitzordua Maite Maiora mendi korrikalariak (Mendaro, Gipuzkoa, 1980). Kazetaria agurtzen ari den bitartean, herriko ezagunak galdezka ditu Chamonixeko berri jakiteko. Denei berdin erantzuten die: «Oso pozik nago». Munduko lasterketarik esanguratsuenak aje gozoa utzi dio.
Uda gogorra izan zen, eta hala iritsi zinen Chamonixera. Zer-nolako gorputzaldia zenuen?
Urtean zehar arazoak izan ditut oinean, baita beste gorabehera batzuk ere. Ondorioz, ez da nire udarik onena izan. Fisikoki ondo nengoen, baina psikologikoki ez. Konbentzituta nengoen eskuineko oinak ez zidala lasterketa amaitzen utziko. Juanikotean ditudan arazoak tarteko, ondoko artikulazioa minduta izan dut une oro. Ebakuntza bat egitea da hori konpontzeko aukera bakarra. Zegama-Aizkorrin egoteko PRP tratamendu bat egin nuen, eta horrek bost edo sei orduz korrika aritzeko aukera ematen zidan. Ondoren, Salzburgon 120 kilometroko lasterketa bat korritu nuen. Zortzigarren ordutik aurrera min handia izan nuen, eta erretiratu egin behar izan nuen. Juanikotea babestearren, beste hainbat gorputz atal behartu nituen: ezkerreko iskiotibiala, eskuineko oinaren artikulazioa… Galtzerdia ikusita, agerikoa izan zen nola egin nuen korrika! Oina asko zaindu dut uda guztian zehar.
Ondo entrenatuta iritsi zinen Chamonixera?
Egin nuen entrenamendurik luzeena sei ordukoa izan zen. Min pixka bat izan nuen, baina jasateko modukoa. Baina sei ordutik 25 edo 26 ordura mundu bat dago. Banekien uneren batean jausi egingo nintzela. Arazoa ez zen 170 kilometro zirela, ezta desnibel negatiboa 10.000 metrokoa zela ere. Hor dago arazoa! Aurretik lanketa handia eginda nengoen, eta banekien latz sufrituko nuela. Hara iristeko bidea ere oso gorabeheratsua izan zen. Argi nuen mugarria Courmayer mendatea izan zitekeela, 78. kilometroa. Zorionez ez zen hala izan, eta lasterketa ez zen hor amaitu.
Lasterketa hasi eta gutxira hasi zitzaizun burua lanean?
Bai, 21. kilometroan, Saint-Gervaiserako jaitsieran. Orduan bikotekideari deika hasi nintzen. Fisikoki ondo nindoan, baina zera aipatu nion: mentalki ez nengoela prestatuta. Utzi egingo nuela esaten nion, baina korrika jarraitzen nuen. Aurrera ihes egitearen antzeko sentsazioa zen. Bertara etortzeko esaten nion, baina ezetz esaten zidan. Ondo baino hobeto ezagutzen nau dagoeneko! Gogor samar egin zidan. Les Contaminesera joango zela esan zidan, 31. kilometrora. Ume txiki baten haserrealdia zen nirea! Barne borroka izugarria nuen neure buruarekin. Alde batetik lasterketa utzi nahi nuen; baina, bestetik, gaua igarotzearekin amesten nuen. Banekien gaua oso gogorra izango zela. Asko entrenatu nintzen, baina gauean ezingo nuela uste nuen.

Zer moduz igaro zenuen gaua?
Bikotekideak esan zidan hotz handia egingo zuela, eta ondo prestatuta atera nintzen. Uretako galtza luzeak hartu nituen, barruko bi termiko, haize babesgailua, eta txaketa potolo bat. La Balmetik —39. kilometroa—aurrera beharko nituela errepikatzen zidan. Bi graduko tenperaturak izango genituela aurreikusten zuen. Asmatu zuen! Gauean hotz handia pasatzen bada, gero oso zaila izaten da egoerari buelta ematea. Buruz ere hobeto sentitzen hasi nintzen, eta hainbat lekutatik pasatu nahi nuen. Aitzakia txikiak bilatzen hasi nintzen aurrera egiteko. Gutxinaka aurrera nindoan, eta, hotz handia egiten zuen arren, oso babestuta nindoan, eta berotasunean egin nituen kilometro asko. Halere, Courmayerrera —78. kilometroa—iritsi baino ordu erdi lehenago berriro ere behea jo nuen. Oso argi nuen han amaituko zela dena.
Ultra batean bizitako egoerarik okerrena izan zen?
Negar batean egon nintzen hango anoa gunean. Ez nuela jarraitu nahi errepikatzen nuen behin eta berriro. Zera esaten nuen: orkatilan min nuela, motxilarekin arazoak nituela… Hala ere arropa aldatzen hasi nintzen, eta hori dena korrika! Bikotekideak behin eta berriz esaten zidan okerrena gainditu nuela eta aurrera jarraitu behar nuela. Uda guztian zehar gertatutakoa errepikatzen zidan. Dena erabili zuen nik aurrera egin nezan! Anoa gunetik irten bezain laster, eskailera batzuetan eseri nintzen, eta neure buruari behin eta berriz errepikatzen nion ez nuela jarraitu nahi. Bikotekideari, berriz, esaten nion ez joateko handik, itxaron zezala mesedez Bertoneko igoerara arte, eta handik deituko niola; 82. kilometroan zegoen igoera hori. Ordu erdi geldirik egon nintzen, eta baiezkoa jaso ondoren ekin nion igoerari. Goizeko seiak laurden gutxi inguru izango ziren, eta eguna argitzera zihoan. Psikologikoki inoiz igarotako gaurik gogorrena izan zen, zalantzarik gabe. Baina konturatu naiz umeek izaten dituzten haserrealdi horietako batean murgildu nintzela. Fisikoki ez nuen arazorik, eta ez nuen zertan lasterketa utzi. Buruak zenbateko lana egin dezakeen konturatu naiz!
«Umeek izaten dituzten haserrealdi horietako batean murgildu nintzen. Fisikoki ez nuen zertan lasterketa utzi. Buruak zenbateko lana egiten duen konturatu naiz»
Eguna argitzearekin batera suspertu al zinen?
Kilometroak aurrera joan ahala konturatu nintzen indartsu nindoala. Berriro ere bikotekidearekin hitz egin nuen, eta La Foulyn, 110. kilometroan, elkar ikusiko genuela aurreratu nion. Erritmo onean nindoan korrika, eta suspertu egin nintzen. Igoera txikietan ere korrika egiten nuen, eta jendea aurreratzen nindoan aldi berean. Fisikoki eta psikologikoki oso indartsu nabaritzen nuen neure burua. Berriro ere lasterketan sartuta nengoela konturatu nintzen. La Foulyra ez nintzen aurreikusita neuzkan denboretatik oso urruti iritsi. Kontuan izanda, gainera, Courmayeurren ordu erdi galdu nuela.
Azken kilometroetan zer zenuen buruan?
Azken igoerak ere oso gustura egin nituen. Fisikoki gutxitan izan ditut halako sentipenak. Asko gozatu nuen azken kilometroez.
Aurten beste mentalitate batekin joan zinen Chamonixera?
Galtzaile baten mentalitatearekin joan nintzen. Ezin nuen denbora jakin batean pentsatu, zail ikusten bainuen lasterketa amaitzea. Aurreko egunetan ez nintzen horretaz arduratu; gainontzean, ez nuen lorik egingo. Azken unera arte ez nintzen lasterketan pentsatzen jarri. Aurreko urteetan baino askoz ere lasaiago nengoen. Dena galduta ikusten nuenez, ez nuen zertan larritu.
Aurtengo Chamonixeko ultratrailak zera erakutsi du: irabazteko ezinbestekoa dela aurretik esperientzia izatea.
Nik ere hala uste dut. Denek egon nahi dugu bertan jokatzen diren hiru lasterketetan. Aurten hiruretan egon den maila izugarria izan da.
Zer du Chamonixko ultratrailak?
Askok galdetu izan didate zergatik ez dudan OCC [55 kilometro eta +3.500 metro] eta CCC [101 kilometro eta +6.100 metro] lasterketetan parte hartzen, eta beti esaten diet: postu on bat lortzea ere zaila izango zela. Urteak aurrera joan ahala gero eta zailagoa egiten zait halako lasterketa batean postu on bat lortzea. Baina Chamonixekoak, hasteko, prestigioa du. Frantziako Tourraren parekoa da mendiko lasterketetan.
Gustura amaitu al zenuen lortutako emaitzarekin eta bizitako esperientziarekin?
Oso-oso gustura eta pozik nago! Oso aho zapore ona utzi dit aurtengo lasterketak. Konturatu naiz lasterketa amaitzeko gai naizela. Neure buruari erakutsi diot horretarako ahalmena dudala. Betiko mamuak etortzen zaizkit askotan, baina aurtengo esperientziak asko lagunduko dit aurrerantzean ere. Egindako ahaleginetik inoiz baino hobeto ari naiz berreskuratzen. Fisikoki oso ondo amaitu nuen, harrituta nago! Ezin dut gehiago eskatu. Buruz urte guztian baino hobeto nago orain.
Erretiratzearen eta muturreko sufrimenduaren arteko aldea txikia da, ezta?
Uf... Aldea oso txikia da! Chamonixen, lehen 50 kilometroetan, askotan pentsatu nuen erretiratzea. Sekula ez nituen hainbeste pentsamendu txar izan lasterketa batean. Inoiz ez dut aitzakiarik asmatu behar izan lasterketa bat uzteko, baina Chamonixen denetik pentsatu nuen. Eskerrak aurretik asko landu nuen erretiratzearen kontua. Bikotekideak ere asko lagundu zidan. Beste edonor izan banu ondoan, lehen anoa gunean etxerako bidea hartuko nuen. Asko diot eskertzeko. Argi zuen erretiratuz gero asko sufrituko nuela, eta gogor egin zidan. Beldur handia ematen zidan erretiratzeak. 2021ean erretiratu egin nintzen, eta bi urte behar izan nituen egoerari buelta emateko.

Lasterketan zehar askotan gogoratu zenuen 2021ean gertatutakoa?
Bai! Urdaileko arazoak izan nituen, eta 82. kilometroan erretiratu nintzen, Bertoneko aterpetxean. Orduan ere bikotekideak esan zidan esertzeko eta atseden hartzeko tarte batez. Baina ez nion kasurik egin! Berriro ere Cormayeurrera jaisterako urdailean ez nuen arazorik. Negarrez pasatu nituen hurrengo egunak. Lan kontuengatik 2022an ezin izan nuen itzuli. Azkenean 2023an atera nuen arantza. Bi urte haiek oso gogorrak izan ziren.
«Noizean behin gorabeherak izaten ditut, baina normala da. Neure burua zaintzea ez zait batere kostatzen. Gogotsu nago, eta hau da gustuko dudan bizimodua»
Itzuliko al zara berriz Chamonixera?
Jada datorren urteari begira nago, baina lana eta egutegia kontuan hartuta ezingo dut; ez, behintzat, ohiko datetan jokatzen bada. Hori bai, aukera edukiz gero, itzultzea gustatuko litzaidake. Ez dut neure burua beste lasterketa batean ikustean. UTMB lasterketak dena dauka. Gogorra izateak oraindik ere erakartzen nau.
Urteak aurrera joan ahala gero eta nekezagoa egiten al zaizu sasoiari eustea?
Gero eta mantsoago korritzen dut [barrez]. Hori da dakidan bakarra. Zorionez, sasoiari ondo eusten diot. Noizean behin gorabeherak izaten ditut, baina normala da. Neure burua zaintzea ez zait batere kostatzen. Gogotsu nago, eta hau da gustuko dudan bizimodua. Ez dut neure burua ikusten uda Torrevellan [Herrialde Katalanak] igarotzen.