Sakanako ibilaldia, Palestinarekiko elkartasunez

Apirilaren 27an izango da Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatzen duen martxa, Euskal Herriko iraupen luzeko mendi ibilaldien artean gogor eta ederrenetakoa. Ohiko moduan, hiru ibilbide izango dira. Luzeak Beriain, San Migel eta Trinitatea lotzen ditu.

ramon olasagasti
2024ko apirilaren 13a
12:15
Entzun

Atzo aurkeztu zuten Sakanako 33. Ibilaldia, Irurtzunen. Apirilaren 27an izango da martxa, eta, aurten, izen-emateen ehuneko bat —partaide bakoitzeko 2 euro— Palestinara bideratuko da, UNRWA (Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia) GKEaren bidez. «Joan den urtean Iñaki Otxoa de Olzaren SOS Himalaya fundaziora bideratu genuen izen ematearen parte bat, Makaluko haranean (Nepal) ospitale bat martxan jartzeko. Eta, aurten, elkartasunaren bide horri jarraituz, erabaki dugu laguntza hori palestinarrei eskaintzea, bereziki Gazako sarraski hori jasaten ari direnei. Horrenbestez, Palestinaren alde egingo dugu ahalegina aurten. Iaz bezala, izen emate bakoitzeko bi euro haientzat izango dira, eta beste puska bat ere bai», jakinarazi du Manolo Moreno Iratxo elkarteko zuzendaritzako kideak.

Atzoko aurkezpenean, Palestinako eta bereziki Gazako zerrendako «egoera dramatikoa» nabarmendu zuten: «Israel Hamasen aurka eta, ondorioz, palestinarren aurka egiten ari den gerra genozidak hiriak suntsitu ditu, 30.000 hildako baino gehiago eragin ditu —horietako asko haurrak—, eta milioika desplazatu sortu ditu, bizitzeko ezer ez dutenak. Larrialdi humanitario honen aurrean, neutraltasuna ezinezkoa da. Gazatarren %80 UNRWAren laguntza humanitarioaren mende daude. UNRWAk bakarrik du Gazarako sarbidea, baina ez du baliabide ekonomiko nahikorik palestinarren egoera dramatikoa arintzeko». Hori dela eta, Sakanako 33. Ibilaldiak bere aletxoa jarri nahi du UNRWAren alde, eta, elkartasunaren bidez, gizarte kontzientzia piztu eta «mendia-elkartasuna binomioa gero eta sendoagoa» izatea bultzatu nahi du. Iaz, ia 1.400 lagun atera ziren Sakanako Ibilaldian, eta 6.000 euro lortu ziren SOS Himalaya fundaziorako.

«Aurten erabaki dugu laguntza palestinarrei eskaintzea, bereziki Gazako sarraski hori jasaten ari direnei. Izen emate bakoitzeko bi euro haientzat izango dira, eta beste puska bat ere bai».

MANOLO MORENOIratxo elkarteko zuzendaritzako kidea

Sakanako Ibilaldiak sona berezia eta merezia du mendizaleen artean: ederrarena eta gogorrarena. Luzeak 54 kilometro pasatxo ditu, eta 3.300 metrotik gorako desnibela. Satrustegi, Andia eta Aralar mendilerroak zeharkatzen ditu besteak beste, Beriain tontorreko San Donatoko baseliza, San Miguel santutegia eta Irurtzungo Trinitateko baseliza lotzen ditu, eta Euskal Herriaren erdigune geografikoa ere ukitzen du, Olibesarioko saroia, Leziza gailurretik gertu.

Nafarroako Mendi Federazioko martxen batzordeak eskatuta edo araututa, aurten ez da edalontzirik izango anoa guneetan, norberak eraman beharko du berea motxilan. Jatekoa eta edatekoa, bai, izango dira ohiko moduan, urteroko anoa guneetan. «Horrez gain, Ingurumen Departamentukoek eskatu digute bideak errespetatzeko eta guk partaideei ere hala nabarmendu diegu. Adibidez, Uhartetik Aralarreko bidea, antzinako bidea, oso sigisagatsua da, eta guk beti hortik markatu izan dugu ibilbidea, baina jende askok ez du errespetatzen, eta lasterbideak hartzen ditu, mozteko. Horregatik, mendizaleei dei egiten diegu mesedez bideari eta markei jarraitzeko», nabarmendu du Morenok.

JAKINGARRIAK

  • Data. 2024ko apirilaren 27a.
  • Informazio osagarria. Iratxo elkartearen webgunean
  • Ibilbide luzea. 54,300 kilometro eta 3.388 metroko goranzko desnibela. Irurtzun (0), Urrizola (3.400 metro), Txurregi (6.700 metro), Iturria (10.600 metro),  Euskal Herriaren erdigunea (14.000 metro), Beriain (18.100 metro), Uharte Arakil (25.300 metro), San Migel (30.000 metro), Atako harana (35.000 metro), Madotz (38.600 metro), Larrazpil (41.500 metro), Goldaratz (44.00 metro), Latasa (46.200 metro), Trinitatea (51.300 metro), Irurtzun (54.300 metro).
  • Ibilbide motza. 25,5 kilometro eta 1.440 metroko goranzko desnibela. Irurtzun, Etxeberri, Itxasperri, Madotz, Larrazpil, Goldaratz, Latasa, Artola, Trinitatea, Irurtzun.
  • Ibilbide txikia. 14 kilometro eta 736 metroko goranzko desnibela. Irurtzun, Trinitatea, Latasa, Arrantzaleen Xenda, Irurtzun.
  • Irteera eta amaiera. Atakondoa frontoia eta amaiera: Foru plaza. Ibilbide luzearen irteera ordua: 06:00. Ibilbide motzaren irteera ordua: 08:00. Ibilbide txikiaren irteera ordua: 09:30. Ibilbide luzea Euskal Herriko eta Nafarroako Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituan sartuta dago. Motza: Nafarroako Iraupen Luzeko Mendi Ibilaldien Txapelketan.
  • Izen emateak. Apirilaren 1etik 24ra, zirkuituaren webgunean eta www.iratxoelkartea.comwebgunean. Ibilbide luzea eta motza: 17 euro. Ibilbide txikia: 16 urte bitartekoek: 8 euro; eta 16 urtetik gorakoek: 14. Egunean bertan ez da izango izena emateko aukerarik.
  • Oharrak. Aurten, Gazarekiko elkartasunez, izena emateko kuotaren 2 euro Palestinarako izango dira, UNRWA GKEarentzat zehazki. Kontroletan ez da edalontzirik izango: parte hartzaile bakoitzak berea eraman behar du. Ibilaldirako markatutako bidea errespetatu, bide lasterrik hartu gabe, ingurumenean eta bideetan higadurarik ez sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.