Santa Kruzen kondairatik III. Intifadara: eskaladak erakusten digun historia

2026ko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Karlos Aretxabaleta 'Txapel' eta Ander Ugari eskalatzaileek Gantxagako Atxetan zabaldutako 'III. Intifada' bidearen krokisa
Eli Azurmendik bideari buruz eginiko krokis artistikoa. ELI AZURMENDI

Zer harreman dute eskaladak eta historiak? Lehen begiratuan, galdera bitxia dirudi. Bata kirol jarduera da, gorputzaren eta teknikaren arteko elkarrizketa; bestea, berriz, iraganaren arrastoak ulertzeko ahalegina. Hala ere, mendian eta haitzean denbora ematen duenak badaki bi mundu horiek sarri gurutzatzen direla, ia oharkabean.

Eskalatzen dugun leku askok historia geruzak gordetzen dituzte. Batzuetan Erdi Aroko gaztelu baten azpian egiten dugu gora; beste batzuetan, gure arbasoek babesleku izan zituzten kobazuloen ondoan. Chulilla, Siurana, Baltzola, Albarracin edo Aitxiki bezalako lekuak ez dira soilik eskalada-guneak: memoria kolektiboaren parte ere badira. Horregatik, uste dut eskalatzaileok ez genukeela kultur ondarea ingurumenaren zaintza hutsaren ikuspegitik ulertu behar. Haitzak eskaintzen digun plazer fisikoaz gain, iragana ezagutzeko eta ulertzeko aukera ere badugu.

Askotan, ordea, aukera hori bigarren planoan uzten dugu. Gure arreta zailtasun-mailan, ekipamenduan edo mugimendu teknikoetan jartzen da. Baina haitzaren azpian dagoen istorioari erreparatzen diogunean, esperientzia bera aberastu egiten da. Fontainebleaun, esaterako, munduko boulder-gunerik ospetsuenean, Napoleonen armadaren arrastoak aurki daitezke; Aitxikin, berriz, Bizkaiaren eta Arabaren arteko pasabide estrategikoak zaintzen zituen gaztelu batenak.

Santa Kruz apaizaren gerrilari karlistak
Santa Kruz apaizaren gerrillari karlistak.

Iazko irailean bizitako esperientzia batek berriro gogorarazi zidan hori guztia. Lagun batekin batera eskalada-bide berri bat irekitzeko aukera izan nuen Aramaioko Ipizte mendilerroan. Egia esan, hasieratik ez gintuen gehien erakartzen hormaren bertute teknikoek, parajeak gordetzen zuen historiak baizik. Gure ibilbidea Santa Kruz apaizaren arrastoekin gurutzatzen zen, eta horrek esanahi berezia eman zion jarduerari.

Santa Kruz apaiza Euskal Herriko historiako pertsonaia eztabaidatuenetako bat izan zen. Maitatua eta gorrotatua neurri berean, karlistaldietako apaiz gerrillariaren irudia kondairaren eta errealitatearen artean mugitzen da gaur egun ere. Nardin kobazuloa izan zuen gordelekuetako bat, eta gure bidearen inguruan etengabe agertzen zen haren presentzia. Haitza ukitzen genuen bitartean, ezin genuen saihestu pentsatzea pertsona hura baso eta harkaitz berberetan barrena ihesi edo ezkutuan ibili zela.

Hasieran, irekitako bideari Santa Kruzen kondaira izena jartzea pentsatu genuen. Izena egokia zen; izan ere, irekitako lerrotik oso gertu, Nardin koban, aipatutako apaiz gerlaria ezkutatu baitzen soldadu liberalengandik ihesi zebilela. Azkenean, ordea, beste bide bat hartu genuen, eta III. Intifada izena aukeratu genuen. Keinu argia izan nahi zuen gaur egungo Palestinako tragediaren aurrean. Izendapen horrek erakusten du haitzak ez duela soilik iragana gordetzen; gaurko kezka politiko eta moralak ere bertan islatzen dira. Jakina, ez da kontu berria aipatzen ari naizena. Ez al da aski Euskal Herriko edo munduko edozein eskalada-eskolara agertzea bideen izenekin tokian tokiko historiari edo pasadizoei buruz zerbait berria ikasteko?

Hor dago, nire ustez, eskaladaren alderdirik interesgarrienetako bat. Haitzak ez dira espazio neutroak. Memoria, gatazka, kultura eta identitatea pilatzen dira bertan. Eskalatzaileak ez du soilik bide bat egiten; leku baten historiarekin topo egiten du, nahi ala ez.

Karlos Aretxabaleta 'Txapel' eta Ander Ugari eskalatzaileek Gantxagako Atxetan zabaldutako 'III. Intifada' bidearen krokisa
Karlos Aretxabaleta 'Txapel' eta Ander Ugari eskalatzaileek Gantxagako Atxetan zabaldutako 'III. Intifada' bidearen krokisa

Horregatik, gero eta gehiago sinesten dut eskaladak baduela dimentsio kultural zein historikoa, askotan gutxietsia. Gailurrera iristea ez da helburu bakarra. Bidean aurkitzen diren aztarnak interpretatzea ere bada. Harriari heldu aurretik, komeni da galdetzea nor ibili zen gu baino lehen leku horretan, zer gertatu zen han, eta zergatik iritsi zaigun paisaia hori gaur arte.

Azkenean, esan liteke historiak eta eskaladak funtsezko muin bera partekatzen dutela: gorantz egitea, atzean utzitakoaren kontzientziaz jabetuta. Urrats bakoitza, helduleku bakoitza, edota ingurumariaren behaketa arretatsua ere bada memoriaren eta ahaleginaren arteko oreka bilatzea. Horrela, eskalatzea ez da soilik gailur batera iristea, baizik eta ibilbidea ulertzea, gure aurretik dauden aztarnak ezagutzea, eta onartzea ibilbide oro izan daitekeela, funtsean, denborari beste ikuspegi batetik begiratzeko modu bat.

'III. Intifada'

Guk irekitako lerroari dagokionez, Etxaguen auzotik 40 bat minutura dago oinarria, eta ura auzoko iturrian bertan har dezakegu. Guk Leizia lepoko bordan (831 metro, 30 minutu) utzi genituen petateak, apaiz gerrillari ospetsua ezkutatu zen haitzulotik metro gutxira. Norbaitek ibilbide bera egitea erabakiko balu, Santa Kruzen haitzuloa bisitatzeko esango nioke, eta, bide batez, imajinatzeko haren ihesaldia baso horietan barrena.

Karlos Aretxabaleta 'Txapel' eta Ander Ugari eskalatzaileek Gantxagako Atxetan zabaldutako 'III. Intifada' bidea
Karlos Aretxabaleta 'Txapel' eta Ander Ugari eskalatzaileek Gantxagako Atxetan zabaldutako 'III. Intifada' bidea

Beharrezko material guztia hartu, eta hormara (10 minutu) hurbildu ginen, Allunpeko Atxa harrigarriaren azpitik. Irekitako lerroaren ibilbidea antzemateko, hormaren erdialdean dagoen ilargi-erdi itxurako pitzadura bati erreparatu beharko diogu, baita haren azpian ezkerreko noranzkoa hartzen duen diedro bati ere. Tarteka arroka-zubi batzuek gidatuko dute gure eskalada.

Bidea 200 metro ingurukoa da, bost luzetan banatuta dago, eta Gantxagako Atxetako (996 metro) gailurreraino iristen da. Eskalatuz joan ahala, harriaren kalitatea hobetuz doa, eta oro har, hirugarren eta azken luzeetan salbu, lerro zuzen bat bilatzen du, hormaren ahuleziak aprobetxatuz. Eskerrak eman nahi dizkiot Iñigori, bere gomendioengatik eta laguntzagatik, bidea berak 2023an irekitako lerro baten azken luzetik amaitzea erabaki baikenuen: Txikizioa gelditu du izena. Aukera hori zentzudunena eta dotoreena iruditu zitzaigun amaitzeko.

Nabigatzeko bidea da, eta autobabesa funtsezkoa izango da eskaladan. Horma txikia izan arren, hainbat eskalada mota nahasten ditu: plaka, diedroa, eta hatz-pitzadura eder bat laugarren luzean.

Karlos Aretxabaleta 'Txapel' eta Ander Ugari eskalatzaileek Gantxagako Atxetan zabaldutako 'III. Intifada' bidea
Bidearen luzeetako bat. TXAPEL

Bai nik eta bai nire lagunak hirugarren luzea nabarmendu nahiko genuke; uste dugu bost izarreko luzea dela, 7a/+ ingurukoa, eta horman nabigatzea eskatzen du. Nahiz eta espantsio kopuru txikiena sartzen saiatu ginen, azkenean 10 mm inox-ko hiru parabolt sartu genituen, esposizio-maila murrizteko, eta beste bat bilgune gisa edota rappel egin ahal izateko. Nahikoa borrokatu genuen, eta ahalik eta gutxien zulatzen saiatu ginen —«ostia eta fibrilazio» batzuek horren fede ematen dute—, baina ondo jarrita daudela uste dugu; agian buruak ez zigun gehiagorako eman. Luzeak horrela geratu ziren: L1: 40 metro, IV; L2: 30 metro, V; L3: 25 metro, 7a/+; L4: 30 metro, 7a;* L5: 60 metro, V+. Azken luzera hori lehen aipatutako bideari dagokio.

Materialari dagokionez, 1 x totem jokoa + 1 x C3 jokoa + 4.a errepikatuz ertainak + mikroak, fisureroak eta bagak gomendatzen ditugu; hala ere, gutxiagorekin ere eskala liteke lasai asko. Jaitsierarik seguruena eta azkarrena gailurrera iritsi eta oinez jaistea bada ere, horman rappel egin daiteke. Kontuan izan behar dugu inguru hori oso zaurgarria dela txorien ugalketari dagokionez, aspaldion saizuri bikote batek habia egiten baitu Ipizteko kobazuloan, eta, beraz, eskalada araututa dago: irailaren 15etik abenduaren 31ra bitartean baino ezin da eskalatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE