Pasioa, ikusgarria, harrigarria. Esaldi bakoitza muturreko adjektiboz betetzen duen gizasemea da Alex Huber (Trostberg, Alemania, 1968), eta, horrez gain, munduko eskalatzaile onenetakoa. Besteak beste, 9A+ zailtasuneko bideak askatzen lehenengoa izan da munduan. Aspaldiko ametsa bete du orain: Wetterbock, zeina etxeko leihotik goizero ikusten duen, askatu du, 8C zailtasuneko 10 luzeko hormatzarra, Göll mendiaren ekialdeko aurpegian, Austriako Alpeetan.
Euskal Herrian da egunotan, bere ibilbidea laburtzen duen Mendien argitasuna hitzaldia aurkezten. Primeran hitz egiten du gaztelaniaz —liburuen eta ezagunen bidez ikasi du—, eta euskarazko lehen hitzak ere ikasten hasi da.
Mendien argitasuna hitzaldia aurkeztu duzu. Zergatik izenburu hori?
Bi konturengatik. Batetik, mendian eskalatzeko, eguraldi ona behar dugu, eguzkiaren argipean eskalatzen dugulako. Beste era batera ere uler daiteke izenburua: mendian eskalatzen dugunean, beti daukagu argia gurekin, mendiarekiko pasioa daukagulako. Poztasun hori bizitzako argia da.
Ikusgarri adjektiboa askotan erabili duzu emanaldian...
Bai, mendia, oro har, ikusgarria delako. Bizitzako zenbait garaitan egindako proiektuez hitz egin dut, eta denek dute zerbait ikusgarria eta harrigarria: Dolomitak, Karakorumgo zortzimilakoak. Antartikako hotza ere ikusgarria da, eta are gehiago han eskalatzea. Laua dela uste dugu, baina mendi ikusgarriak daude han ere.
Munduko eskalatzaile onenetakoa zara bai, baina... nor da Alex Huber?
Alex Huber eskalatzailea da, baina fisikaria ere bai. Ikasketak amaitu nituenean, ordea, erabakitzeko unea iritsi zitzaidan: zer pasio segitu nahi dut bizitzan? Mendiarekiko pasioa zientziarekikoa baino handiagoa zela ikusi nuen, eta halaxe aukeratu nuen mendietarako bidea.
Mendia aukeratzeko, gurasoek ere zeresana izan dute?
Bai, noski. Gurasoak alpinistak dira, eta haien urratsei segika hasi ginen anaia eta biok mendian. 65 urte izanagatik, aitak oraindik ere eskalatzen du, neurekin ere bai, eta ikusten duzu, gaur ere hemen da, hitzaldian laguntzen.
Eskalatzailea eta alpinista zarela esan duzu. Alderik badago?
Eskalada alpinismoaren atal bat da niretzat. Egia da eskalatzaile askok ez daukatela kontakturik mendiarekin, baina, neure kasuan, ez da hala. Ni neu 14 urterekin hasi nintzen eskalatzen, talentua neukala ikusi nuen, eta asko entrenatu nintzen kirol eskaladan. Goi graduetara iritsi naiz, munduko lehen 9A+ zailtasuneko bideak zabaldu ditut. Orain urte batzuk, ordea, ohartu nintzen ez nuela nire jatorria galdu nahi, eta nire jatorria alpinismoa da; gurasoengandik datorkit. Horregatik, alpinismoa eta kirol eskalada uztartu ditut. Hori da mendiak eskalatzeko neure estiloa, orotarikoa: izotzean, kirol eskaladan, 7.000 eta 8.000 metroko mendietan.
Fanatikoa izan behar al da zerbaitetan ona izateko?
Bai; nire ustez, bai. Ni neu alpinismoaren fanatikoa naiz. Pasio bat daukazunean, zoriontsu zara, eta ez duzu besterik behar. Niri hala gertatzen zait mendian, eta aitari ere bai. Begietara begiratzen diot, eta gizon zoriontsua dela ikusten dut.
Wetterbock (8C) kateatu berri duzu. Nolako bidea da?
Oso horma berezia da, etxe alboan daukadalako. Leihoak zabaldu eta parez pare ikusten dudalako goizero. Beti galdetzen nion neure buruari nolakoa izango zen hormatzar hura eskalatzea. Orain arte ez da inor saiatu, eta ez nuen ulertzen zergatik. Azkenean nik neuk deskubritu dut zergatik: oso horma zaila delako, izugarri laua eta etzana. Eskalatzaile asko joan dira hormaren oinera, baina egitura ikusi eta ez dira ausartu. Ni neu iaz saiatu nintzen lehenengoz, baina elurrarekin arazoak izan nituen eta ez nuen lortu. Aurten bai, aurten arantza kendu dut.
Orain arte egin duzun biderik zailena da?
Zaila da hori esatea. Nirvana bidearen luze giltzarria, esaterako, zailagoa da, 8C+ zailtasunekoa. Wetterbock 8C zailtasunekoa da. Baina bide baten zailtasuna ez du zailtasun teknikoak ezartzen soilik. Nirvana-ren oinera iristea nahiko erraza da; Weterbock-era iristea, ez. Hiru orduko ibilaldia, 1.200 metroko desnibela oinera iristeko. Horiek guztiak kontuan hartuta, bi bideok dira egin ditudan zailenak.
Bakarrik eta sokarik gabe eskalatzen ere maisua zara. Sokarik gabe, baina kaskoarekin. Zergatik?
Sokarik gabe eskalatzen dut, mugan eskalatu nahi dudalako, hori delako modu garbiena. Kaskoa, berriz, ezinbestekoa da askotan, goitik harriak jausten direlako. Bi arrisku ezberdin dira: sokarik gabeko arriskua neuk kontrola dezaket, neure esku dago; goitik harriak erortzea, berriz, ez.
Abiadura eskalada ere egiten duzu eta bide batean baino gehiagotan ezarri duzu errekorra. Zer ematen dizu abiadura eskaladak?
Aspertu baino nahiago dut gauza berriak probatu, eta horregatik hasi ginen anaia eta biok abiadura eskaladan. Zaila da mugimenduak azkar baina kontrolpean egitea, zirraragarria ere bai. Asko ikasi dugu modu horretan.
Zortzimilakoetan ere gero eta gehiago saiatzen dira igoera eta jaitsiera azkarrak egiten. Hori da etorkizuna?
Baliteke alpinismoak bide hori hartzea, baina ez da aukera bakarra izango. Xerpekin eta soka finkoarekin ere jarraituko du jendeak zortzimilakoetara joaten.
Zuk zeuk egingo zenuke zortzimilakoren bat xerpekin?
Ez, ez dut uste, kirolarientzat baino estilo erakargarriagoa da hori turistentzat. Hala ere, ezin dut esan txarra denik. Xerpa asko bizi dira Everesteko turismotik, baina Pirinioetan eta Alpeetan ere teleferikoak eta aterpetxeak eraiki dira, turismoa erakartzeko. Ez da niri gustatzen zaidan estiloa, baina ez naiz inor hori epaitzeko.
Kilian Jornetek Everest egun batean igo nahi du.
Korrika egiten duten alpinisten artean bera da indartsuena, eta seguru nago Everesten ez duela inolako arazorik izango. Ez dakit errekorra ezartzea beharrezkoa den, baina seguru nago esperientzia aberasgarria izango dela harentzat. Jornetek dena irabazi du bere ibilbidean. Zergatik ez zabaldu orain bidea zortzimilakoetara?
Cho Oyun izan zara. Beste ametsik badaukazu zortzimilakoetan?
Bai, K2 eta Nanga Parbat mendiak igotzearekin amesten dut, baina ez orain. Eskalatzeko adin muga estuagoa da, himalaismorakoa baino. Carlos Soria da horren adibide argiena. Horregatik, orain eskaladan dihardut, baina etorkizunean gustatuko litzaidake beste zortzimilakoren bat igotzea.
Ipar hormek beti dute zerbait berezia. Zuk esana da…
Bai, ipar hemisferioan bai, hegoaldean ezberdina da [barrez]. Ipar hormek beti daukate ezaugarri bat: itzala. Ipar hormetan ez dago eguzkirik, ez dago berorik, muturrekoak dira, eta horrek egiten ditu erakargarri.
Muturreko eskaladan aritzeko, gorputzaren sasoia ala buruarena, zer da garrantzitsuagoa?
Buruarena, zalantzarik gabe. Nik neuk indar handiagoa neukan gaztetan orain baino. Baina orain esperientzia handiagoa daukat, hobeto ezagutzen ditut nire ezaugarriak eta hormarenak, eta daukadan indarra hobeto kudeatzen dut.
Inoiz beldurrik izan duzu hala eskalatzen?
Bai, baina beldurrak sekula ez nau gainditu. Une horretara iristen naizenean ez dut uste gaindituko dudanik, ezingo dut kontatu. Sokarik gabe eskalatzea ez da jolasa, eta, horregatik, ezinbestekoa da beldurra beti kontrolpean edukitzea.
Arriskuan egoten zara orduan.
Bai, noski, beti dago arriskua, bizitzan bezala alpinismoan ere. Arriskua ikustea eta onartzea da kontua, eta arriskuaren aurrean erantzun egokia emateko gai izatea.
Mendiko esperientziak adina oroitzapen izango dituzu, bainazein da onena?
Mendian bizi izan ditudan oroitzapen guztiek osatzen dute unerik onena. Mendian ez dago etorkizunik, ezta iraganik ere, oraina baino ez. Hori bizitzea opari bat da.
Eta unerik txarrena?
Igoera bat egin nahi eta ezin izatea ez da gozoa, baina, gainerakoan, ez dut sekula istripurik izan, eta beti itzuli naiz lagun guztiekin etxera. Zortea izan dut, eta espero dut etorkizunean ere zorte horri eustea.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Bizitzea da nire etorkizuna [barrez]. Aitak 65 urte dauzka, eta eskalatzen segitzen du. Nik ere halaxe ikusten dut neure etorkizuna. Aitak pasio osoz bizi du mendia, eta zoriontsua da. Hori nahi dut nik ere. Gorputzean, bihotzean, zoriontasuna daukazunean, hori da bizitzako une perfektua, ezin hobetuzkoa.
Lehen aldia duzu Euskal Herrian?
Ez, hirugarren aldia dut hemen, betiere hitzaldiak ematen. Euskal mendizale asko ezagutzen ditut: Alberto Iñurrategi, Josune Bereziartu... Asko gustatzen zait Euskal Herria eta hemengo mendizaleen giroa. Bihar ere Baltzolarajoango gara eskalatzera (Dima, Bizkaia), eta gogotsu nago.
Alex Huber. Alpinista eta eskalatzailea
«Sokarik gabe eskalatzen dut, modu garbiena delako»
Munduko horma zailenak eskalatzea gustatzen zaio Alex Huber alemaniarrari, sokarik eta lagunik gabe. Muturreko estiloak eta muturreko zailtasunek egin dute ezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu