Sumendi bat erupzioan

Bilboko Mendi Film jaialdiaren 17. ekitaldia aurkeztu dute. Abenduaren 6tik 15era 49 film proiektatuko dituzte, Euskalduna bihurtuko da asteburuetako «kanpaleku nagusia», eta, lehen aldiz, familia osoari zuzendutako Gau Magikoa izango da.

Highlinea Nerbioiko ur-jauzian, 'Peligro. No asomarse' filmeko irudia.
'Highlinea' Nerbioiko ur-jauzian. 'Peligro. No asomarse' filmeko fotograma. Euskal ekoizpenetako bat izango da. MAITE DIEZ
ramon olasagasti
2024ko azaroaren 26a
23:00
Entzun

Sumendi bat erupzioan, Guatemalako Volcan de Fuego sumendia zehazki, eta laba eta su jario haren erdian, irudiak besterik iradoki badezake ere, bi kilometro urrunago, mendiko txirrindulari bat, hura ere su batean maldan behera. Irudi hori da Bilboko Mendi Film zinemaldiaren 17. ekitaldiko kartela, Jean-Baptiste Liautard frantsesaren argazkia. Egokia aurtengo festibala nola datorren eta zer izango den adierazteko: sumendi bat erupzioan.

Gaur aurkeztu dute Bilboko Mendi Film jaialdiaren 17. ekitaldia erakunde babesleetako ordezkariak bertan zirela: Leixuri Arrizabalaga (BFA), Koldo Bilbao (BBK), Ruth Lopez (WOP), Begoña de Ibarra (BFA), Joselu Blanco (ETB), Iñaki Lopez de Aguileta (Bilboko Udala), Iñigo Iturrate (Euskalduna Bilbao), Sabin Astorkiza (Japan Car), Alberto Iñurrategi (Ternua), Ibon Mujika (Deia), Argiñe Areitio (SUA edizioak) eta Jabier Baraiazarra Bilboko Mendi Film jaialdiaren zuzendaria.

2024ko Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren aurkezpena
Erakunde babesleetako ordezkariak eta Jabier Baraiazarra jaialdiko zuzendaria, aurkezpen ekitaldian. ENRIQUE MORENO ESQUIBEL / MENDI FILM

Aurten 226 pelikula inskribatu dira, inoiz baino gehiago, eta horietatik 49 film hautatu dira proiektatzeko, 40 Sail Ofizialean eta 9 Zabalaundin, lehiatik kanpo. «Aurtengoa ederra dator. Egiazko harribitxiak daude filmen artean. Ikusleari begira zenbait berrikuntza izango dira: nagusietakoa, bi asteburuetan, abenduaren 6-8-9 eta 13-14-15, Euskalduna jauregia bihurtuko dela kanpaleku nagusia, han izango baitira jaialdiko 20 emanaldietatik hamasei. Eta ohiko zinema ekitaldiez gain, bestelakoak ere bai: liburu aurkezpenak, erakusketak...», jakinarazi du Jabi Baraiazarrak, Mendi Filmeko zuzendariak. Aste barruko zortzi emanaldiak, berriz, BBK aretoan izango dira. «Kanpaleku nagusi kutuna dugu areto hori ere, Mendi Film Gasteiztik Bilbora etorri zenetik urteroko egoitza, 2012tik etenik gabe», nabarmendu du Baraiazarrak.

Berezia eta zirraraz betea izango da abenduaren 6ko hasiera ekitaldia, Euskaldunan. Hasteko, WOP Mendi Film saria emango diete Euskadiko eta Nafarroako mendi federazioei haien mendeurrenean. Ondoren, Nuptse. L’Inaccessible absolu filma proiektatuko da. Baraiazarraren hitzetan, «hamar urteotako film onenetakoa: goi mailako alpinismoa erakusten du; publiko zabalarentzat ere pelikula aproposa da; gidoi oso ona du, eta protagonistetako bat bertan egongo da: Helias Millerioux, urrezko pioleta jasotako alpinista eta komunikatzaile aparta». Azkenik, hil osteko oroitza eta aitortza egingo zaie aurten K2n hil diren Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima alpinista japoniarrei. Hiraide birritan izana zen Mendi Filmen, azkena iazko abenduan, Tirich Mir mendiaren ipar horman eginiko igoerari buruzko Rope filma aurkeztera etorri zenean. «Etxekotzat daukagu, eta hala sentitzen zen bera ere», adierazi zuten zinemaldiko arduradunek doluminak emateko adierazpenean. Aurtengo jaialdiko irekieran, Bilbon izango dira Shoko Etoh, Kazuyaren emaztea, eta bien seme-alabak.

Gau Magikoa izango da aurtengo jaialdiaren beste berrikuntzetako bat, abenduaren 14an, larunbatez, 12:00etan. «Etxeko txikientzako ez ezik, gurasoentzako eta amama-aititentzako, familia osoarentzako ekitaldia izango da. Gasteizko Les Bobe-Bobe konpainiako kideek antzezlan baten bidez harilkatuko dute saioa, ipuinez, musikaz, filmez eta umorez osatutako emanaldi berezia». Lau film labur proiektatuko dira emankizunaren barnean: Leizeta dokumental laburra, eta animaziozko Chimborazo, Fallin’ eta Spring.

2024ko Mendi Film jaialdiaren aurkezpeneko trailerra

Pelikulez gain, aurten hiru erakusketa ere izango dira. Bilboko metroko lau geltokietan dagoeneko ikusgai daude CVCEPhoto 2024 argazkilaritza lehiaketako 20 lan sarituak. Euskaldunan, berriz, bi hauek atonduko dira: batetik, Gailurretan izan gaitun, mendi federazioek Emmoa fundazioaren laguntza ezinbestekoarekin antolatutakoa, emakumeek euskal mendizaletasunean izan duten presentzia nabarmenari buruz; eta, bestetik, Tximist espedizioaren inguruko erakusketa, Emmoak berak atondutakoa. Lau liburu aurkezpen berezi ere egingo dira, eta egileak bertan izango dira: Silvo Karo, Thomas Huber, Karlos Aretxabaleta Txapel eta Sebastian Alvaro. Huberren Mendia eta askatasuna eta Aretxabaletaren Izarrak eta Haitzak, euskaraz argitaratu dira, Sua argitaletxearen eskutik.

«Gero eta ikusle eta industriako profesional gehiago biltzen da. Topagune bihurtu da. Helburu hori jarri genion aspaldi geure buruari, eta sendotze bidean goaz»

JABI BARAIAZARRAMendi Filmeko zuzendaria

Hamar egunetan hainbat zinegile, ekoizle eta alpinista elkartuko dira jaialdian, erakusleiho ez ezik topagune bihurtu baita urteen joanean zinemaldia. Entzute handiko protagonisten artean, honako hauek izango dira Bilbon: Helias Millerioux alpinista frantziarra, 2018an Nuptseko hego aurpegiko igoeragatik urrezko pioleta irabazitakoa, eta aurtengo bi pelikuletan protagonista (Nuptse. l’Inaccessible absolu eta Les jours sauvages); Erri de Luca idazle, poeta eta eskalatzaile italiarra, L'Età sperimentale filmaren protagonista; Aniqa Bano emakume ekintzaile pakistandarra, Flying Hands filmeko protagonista; Eiza Kubarska zinemagile eta alpinista poloniarra Wanda Rutkiewicz alpinista aitzindariari buruzko The Last Expedition filmarekin datorrena; Davina Beyloos Rosset eta Seb Montaz Rosset zinemagile frantziarrak, Mendi Filmen askotan saritutakoak; arestian aipatutako Silvo Karo, Thomas Huber, Sebastian Alvaro...

Mendiko zinemagintzaren industriaren inguruko jardunaldi bat ere antolatu da aurten, sektorean lan egiten duten profesionalentzat eta industria horretan murgildu nahi duten zaleentzat: Mendi Pro. Abenduaren 13an izango da, Euskaldunan, 09:00etatik 13:30era. «Jaialdia erabat errotuta eta sendotuta dago, bai etxean eta bai kanpoan; erreferentzia da nazioartean, eta, 17 urteotan egindako bidearen erakusle, urtetik urtera gero eta ikusle gehiago biltzen da, baita mendiko zinemagintzako gero eta profesional gehiago ere. Topagune bat bihurtu da industriako eragileentzat. Helburu hori jarri genion aspaldi geure buruari, eta sendotze bidean goaz», nabarmendu du Baraiazarrak.

2024ko Mendi Film jaialdiko kartela
2024ko Mendi Film jaialdiko kartela.

Mendi Filmek 24.800 euro banatuko ditu 12 saritan. Irabazleek, diruaz gain, Iñigo Aristegi eskultoreak landutako Eguzkilore garaikurra jasoko dute. Aurten, honako hauek izango dira Sail Ofizialeko epaimahaiko kide: Michael Dillon, zinemagile australiarra, birritan jaialdiko sari nagusia irabazitakoa; Joni Cooper, Banff eta Doxa-Vancouver zine jaialdietako zuzendari izandako kanadarra; Oscar Gogorza, euskal kazetari eta mendi gidaria; Toon Hezemans, Dutch Mountain Film Festivaleko zuzendari herbeheretarra eta Haizea Huegun, euskal musika konpositorea.

Egitarau osoa eta saioetako sarrerak eskuragarri daude jaialdiaren webgunean eta Euskalduna eta BBK aretoko salmenta gune eta plataformetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.