Treck View: txango birtualak, mendikoak seguruagoak izan daitezen

Mendi ibilbideak 360 gradutan eta modu jarraituan ikusteko plataforma aitzindariak aukera ematen du GR-11 osoa eta beste hainbat igoera bistaratzeko. Orain, errealitate areagotuko funtzionalitatea gehitu dute, eta lau hizkuntzatan munduratu dute edukia.

Treck View: Unai Jimenez proiektuaren sortzailea Bisaurin gailurrera iristen
Unai Jimenez Bisaurin tontorrera iristen, grabaketako pertika eta kamera bizkarrean dituela. TRECK VIEW
ramon olasagasti
2026ko uztailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mendiko kiroletarako Street View moduko bat da Treck View, «zure kanpaleku nagusi digitala», gunean bertan nabarmentzen denez. Mendizaleak altxortegi harrigarri bat aurkituko du hartan: 360 graduko irudien teknologia baliatuta, modua ematen du Pirinioak alderik alde zeharkatzen dituen GR-11 zidor oso-osoa etapaz etapa ikusteko, baita Euskal Herriko eta Pirinioetako mendietako beste hamaika igoera urratsez urrats eta irudiz irudi bistaratzekoa ere. 2008an izan zuen ideia Unai Jimenez gunearen sortzaileak (Hernani, Gipuzkoa, 1981); 2014an marka erregistratu, 2018an lehen ibilbideak bildu eta webgunea zabaldu, eta duela bost urte aurkeztu zuen proiektua BERRIAn; kontatu duenez, hasiera-hasieratik helburu nagusi bakarra izan du: mendiko prebentzioa. «Mendian ezbehar eta erreskate gutxiago izatea. GREIMen eta mendi federazioen txostenetan jasotzen da erreskate gehienak planifikazio kaskarraren ondorio direla. Hortaz, etxean planifikazioa egoki egiten bada, bidearen zirrikituak aldez aurretik aztertzen badira, ikus dezakegu ingurunea nolakoa den, eskuak erabili beharreko pasagune hori nolakoa den, ekaitzak joz gero aterperik baden... Era horretara, istripuak izateko arriskua murriztuko dugu. Horretarako aukera ematen du 360 graduko teknologiak eta Treck View guneak», azaldu du Jimenezek.

Oinezko, mendi bizikletako eta mendiko eskiko ibilbideak 360 graduko ikuspegi jarraituan erakusten aitzindaria izan da Treck View (Trekking + Track + View) plataforma digitala. Proiektua hasi zuenean, «pitzatuta» zegoela esan zioten denek Jimenezi. «Ate batzuk jo nituen, eta 360 graduko teknologia hori zuten enpresek esan zidaten egin nahi nuena ez zegoela fisikoki egiterik, astakeria bat zela, baina ez nuen etsi nahi saiakerarik egin gabe. Eta saiatu ahala, ikusi nuen egiteko modukoa zela. Eta hainbat proba, bizkarreko min eta buruhausteren ondoren, lortu nuen». Lortu zuen ibilbide oso-osoak 360 graduko irudien bidez jaso, plataforma bat sortu eta hor erakustea. Txango birtualak egiteko aukera ematea, gero txango fisikoak seguruagoak izan daitezen. BERRIAn ere jartzen ditu ibilbide horiek, Mendia kanalean.

TreckView webguneko AR tresna erabiltzeko gida bideoa.

Orain, tresna garatu, osatu eta ahalmen are handiagokoa bihurtu du Jimenezek. Batetik, plataforma munduratzeko asmoarekin, frantsesez eta ingelesez paratu ditu GR-11ko etapak eta gainerako ibilbide guztiak, urtero Pirinioetan ibiltzen diren milaka mendizale atzerritarrek ere eskura izan dezaten prebentzio tresna hori, muga administratiboen gainetik. «Zenbat eta jende gehiagorengana iritsi, orduan eta eraginkorragoa izango da erreskateak murrizteko prebentzio lana», nabarmendu du. Bestalde, errealitate areagotuko sistema bat txertatu dio, arina eta web bidezkoa erabat, sakelakoen bateria eta baliabideak aurrezteko.

«Hau prebentziorako erreminta bat da, mendian seguruago ibiltzekoa. Haren helburua ez da Google, Komoot, Strava eta beste plataforma eta aplikazioekin lehiatzea»

UNAI JIMENEZ Treck View plataformaren sortzailea eta garatzailea

Mendiko aplikazio komertzial handiek pantaila informazioz gainezkatu, telefonoaren baliabideak xahutu, eta softwarea instalatzera behartzen dute. Treck View plataformaren errealitate areagotuko bistaratzaile berriak, berriz, web nabigatzailetik bertatik jarduten du. «Mendizaleak ez du aplikaziorik deskargatu behar telefonoan. Treck View webguneko ibilbideak 360 graduko formatuan kontsultatzean, errealitate areagotuko bistaratzailea aktiba dezake, argazki kameraren ikonoan klik eginda. «Hala, argazkitik argazkira nabigatu dezakegu ibilbidean, irudi bakoitzeko geziek erakutsiko baitigute hurrengo punturako bidea. Mendiaren ikonoak adieraziko digu goranzko bideari nola jarraitu. Bestalde, zerbaitengatik abiapuntura itzuli nahi badugu, iparrorratzaren ikonoari sakatu, igoera modutik jaitsiera modura aldatu, eta geziek beheranzko bidea erakutsiko digute». Hala, mendian bertan seguruago ibiltzeko beste funtzionalitate bat gehitu du plataformak.

David eta Goliat

Goliat teknologikoen aurkako istorio bat ere bada Treck View, hein batean. Benasqueko haranean (Aragoi, Espainia) hasi zen dena, 2008an. Cregueñako harkaitzetan rappel egiten ari zirela, argazki kameraren uhala helduleku batetik hautsi, eta kamera harkaitzen kontra dinbili-danbala hasi zitzaion Jimenezi. Lagunek esan zioten ez zela geratzeko tenorea, ordu laurden faltako zela Besurtako aparkalekura iristeko. Jimenezek maldizioak zortziko txikian bota zizkien lagunei, kamera nola zebilen ikusita. Bada, Besurtara iritsi zirenean zer topatuko, eta Google Street View-ren autoa, Dodeca markako kamera erraldoiarekin. «Hi, hurrengoan har ezak horrelako bat, eta lata gaiztoa emateari utzi, kamera ostia horrekin», esan zioten lagunek. Eta Jimenez, «egoskorra» denez, informazioa biltzen hasi zen, ikusteko zer programa, zer kamera sistema eta zer hornitzaile beharko zuen horretarako.

TreckView: 360 graduko bisorearen argazkia
Pedraforca mendiko igoera, 360 graduko bistaratzailearen argazkia eta ibilbidearen informazioa. TRECKVIEW

«Autodidakta erabateko» gisa, ibilian-ibilian ikasi du. Tente ibiltzen ere trebatu da, motxilari atxikita eramaten duen pertikari eta kamerari ahalik eta kulunka gutxien eragiteko, argazkiak ondo atera daitezen. «Eta mingarria da horrela ibiltzea», azaldu du; bizkarreko min eta lesio franko eragin dizkio Treck View proiektuak, eta hamaika fisioterapia saio behar izan ditu. Eta bestelako buruhausteak eta trabak ere franko izan dira. Baina zailena egina dago: plataforma sortua dago, garatzeko aukera du, eta, gainera, plataforma propioa da, ez dago Googleren zerbitzarietan. «Normalean, teknologia hau erabiltzen dutenen %95ek Googlen sartzen dute, baina Googlek ez dizu uzten, adibidez, ibilbidea zure webgunean sartzen; Googlera igotzen dituzun argazki guztien gaineko eskubideak galdu egiten dituzu, Googleri ematen dizkiozu. Orduan, proiektu honen bidez erakusten da egin daitekeela Googlek egiten duenaren antzeko zerbait baina Googletik at. Dena den, hau prebentziorako erreminta bat da, mendian seguruago ibiltzekoa. Haren helburua ez da Google Street View, Komoot, Strava eta beste plataforma eta aplikazioekin lehiatzea», nabarmendu du.

«Milaka ordu» daude proiektuaren atzean. Jimenezek bere denbora libretik hartuak. Eta familiari lapurtuak, edo hobeki esanda, haiekin batera igarotakoak. «Proiektu honetan sartuta gaude bikotekidea eta biok, gurasoak eta lagunak. Etxeko zera bat da. Honek ez zuen argia ikusiko haiek atzean ez baleude, eta nire erokeria honi eutsi izan ez baliote».

Proiektuak asmo on bat du jomuga, eta ahalmena badu mundu osora hedatzeko eta erreminta indartsu bat izateko, «jendearen bizitza salbatu dezakeen egitasmo bat izateko», baina, egiaz helburua beteko badu, bultzada sendo bat behar du hedapen horretan, «mundu osoan zabalduta dagoen eta baliabideak dauzkan bidelagunen batena». Eta inbertitzaileek normalean datu neurgarriak eskatzen dituztela azaldu du Jimenezek. Galdetzen diote: zuk nola dakizu proiektu honek funtziona dezakeela? «Hain zuzen, niretzat bada irizpide bat baztertu ezinezkoa: tresna hau erabiltzeari esker mendiko erreskateak zenbat gutxitu diren edo gutxitu daitezkeen. Hori ez dago neurtzerik. Ulertzen dut fede kontua bat dela horrelako proiektu batean inbertitzea. Ez da hain erraza prebentzioa lantzeko proiektuen eragina neurtzea. Ez dago jakiterik erreskate taldeen zenbat helikoptero ordu aurreztu daitezkeen jendeak 360 graduko irudiekin bidea aztertu ondoren ibilbide hori seguruago egin ahal izan duelako», adierazi du. Horregatik da inportantea tresna ahalik eta mendizale gehienengana iristea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA