Mendia. Espedizioak martxan

Udaberriarekin, Himalaiara

Alpinistak buru-belarri murgildu dira espedizioetan urtaro berriarekin batera. Everest, Lhotse, Nuptse, Kanchenjunga eta beste hainbat mendi igotzen saiatuko dira; Txikon, Madariaga eta Tamayo prest daude.

2013ko apirilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Udaberriaren etorrerarekin batera, martxan jarri dira Himalaiako gailurren bat helburu duten espedizioak. Azken urteetan neguko espedizioak ohiko bihurtzen ari badira ere, udaberria izaten da alpinistentzat beren helburuak lortzeko urtarorik egokiena. Mendi bakoitzean denbora tarte jakin batean izaten dira baldintzarik egokienak igotzen saiatzeko, baina garai honetan egiten dute bat Himalaiako gehienek.

Alex Txikon, Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayok osatutako taldea da espedizioan murgilduta dagoenetako bat. Martxoaren amaieran abiatu zen Euskal Herriko hirukotea Himalaiako mendikatera, Nuptse (7.861 m) eta Lhotse (8.516 m) igotzeko asmoz, eta girora egokitzeko jarduerak egin zituzten aurreko asteburuan. Khumbu ibarrean dagoen Pumorin (7.161 m) egin zituzten lehen saioak; lehen kanpalekuaren (5.800 m) eta bigarren kanpalekuaren (6.400 m) artean aritu ziren gora eta behera, baina Madariagari eta Tamayori espero baino gehiago eragin zien garaierak. «Egun osoan asko gozatu genuen, baina, begiak biltzeko ordua iristen zenean, ezin lorik egin», adierazi du Madariagak, eta gaineratu du: «Alexek oso ondo egin zuen lo. Tamayo ez zegoen guztiz ondo, baina ni nengoen gaizkien, goragale eta zorabioekin». Madariagak garaiera horretan gau bat igarotzearekin nahikoa izan zuen egokituz joateko, eta Txikon eta Tamayo harekin jaisteko asmoa bazuten ere, Madariagak beste gau bat igarotzeko esan zien, aurreikusita zegoen bezala.

Horrela, astelehenean elkartu ziren hiru mendizaleak Everestek, Lhotsek eta Nuptsek elkarbanatzen duten kanpaleku nagusi superpopulatuan. «Kanpaleku nagusian jende asko dago; ordu erdi pasatzen dugu hasieratik amaierara iristeko. Hala ere, guk gure txokoa antolatu dugu, eta gustura gaude», azaldu du Txikonek.

Atzo, Nuptsera bidean, bigarren kanpalekuan egin zuten lo, eta gaur horma azpira iristeko asmoa dute. «Oso indartsu sentitzen gara hirurok: datorren asterako eguraldi ona iragartzen badute, gailurrera igoko gara», adierazi du lemoarrak. Hasiera batean egiteko asmoa zuten ibilbidea alde batera utzi behar izan dute, izotzak estali egin duelako. Datozen egunotan, behin pareta azpian kokatzen direnean, erabakiko dute nondik igo. «Hona iritsi aurretik nahiko argi geneukan nondik nora joango ginen, baina, iritsitakoan, asmo guztiak hankaz gora jarri zaizkigu, izotzak dena estali duelako», dio Txikonek.

Everesten bide berriak

Aspaldi ikusi gabeko lagunekin elkartzeko aukera ere izan zuten Txikonek, Tamayok eta Madariagak. Kanpaleku nagusira iristeko egin beharreko trekkingean, Namche Bazaar herrian hartu zuen hirukoteak atseden; han egin zuten bat Denis Urubko eta Alexei Bolotov lagun eta alpinistekin. Everesten (8.848 m) beste bide bat zabaltzeko asmoa dute bi mendizale indartsuek. «Gosaltzeko elkartu ginen, eta elkarrizketan aritu ginen dituzten asmoen inguruan. Harritzekoa da zein pertsona bero eta hurbilak diren; euren txikitasunean handienak, eta euren handitasunean txikienak», dio Madariagak. Martxoaren 20an irten ziren Urubko eta Bolotov, eta beheko kanpalekurako bidaian, hainbat igoera egin zituzten geroz eta altuera handiagoetara egokituz joateko. Orain, Everesten mendebaldeko ertzean ari dira jardunean, egokitze lanen azken zatia osatzeko. Behin 8.000 metroko garaierara iristen direnean, hego-mendebaldeko hegalean beste bide bat zabaltzeko prest ikusten dute euren burua. Ahalik eta estilo alpino garbiena erabiltzen ahaleginduko dira.

Beheko kanpalekurako bidean aurkitu zuten beste lagun bat: Simone Moro alpinista italiarra. Horrek ere, Ueli Steck suitzarrarekin batera, Everesten bete bide bat zabaltzeko asmoa du. Neguko igoeretan da espezialista Moro; igoera azkarretan, berriz, Steck. Everesten Nepaleko isurialdean zabaldu nahi dute bidea, baina ez dute eman informazio gehiago. Biek ezagutzen dute Everest aurretik: Moro lau alditan iritsi da munduko gailurrera, eta Steck iaz izan zen han. Oxigenorik gabe igo zuen, gailurreraino iristeko baldintza egokiak izan zituen lehen egunean. Helburu bera zuten Gleb Sokolov eta Alexander Kirikov errusiarrek ere, baina, azkenean, espedizioa atzera bota behar izan zuten babesle faltagatik.

Oscar Cadiach eta Ferran Latorre ere buru-belarri ari dira lanean hamalau zortzimilakoak igotzen lehen kataluniarra izateko. Oraingoz, Cadiach da gertuen dagoena; Bartzelonakoak, 11 zortzimilako dauzka poltsikoan. Kanchenjungako (8.586 m) beheko kanpalekuan dago, girora egokitzeko jarduerak egin eta gailurrera igotzeko saioa egin ahal izateko baldintzen zain. Oxigeno artifizialik gabe egingo du igoera. Hiru alditan saiatu da Cadiach Kanchenjunga igotzen; 2007an, Iñigo de Pineda zendu zen espedizioan parte hartu zuen. Laugarren ahaleginerako Lluis Rafols izango du kide, eta nazioarteko espedizio baten barnean egingo dute gailurrera igotzeko ahalegina. «Kanchenjunga da gelditzen zaizkidanen artean zailena, oso altua delako; errespetu handia diot, hiru alditan irabazi didalako partida», adierazi du Cadiachek. Helburua betez gero, udan Gasherbrum I.era (8.068 m) joateko asmoa du, Patxi Goñirekin batera. Horrela, Broad Peak (8.047 m) bakarrik geldituko litzaioke igotzeko; hori igotzeko saioa datorren urterako utziko du.

Kataluniarrak, 14en bila

Ferran Latorre da hamalau zortzimilakoak egin nahian dabilen beste kataluniarra. 8.000 metrotik gorako garaiera duten hamalau mendietatik erdiak igo ditu oraingoz Vicekoak (Katalunia). Madariaga, Tamayo eta Txikonek bezala, Lhotse igotzeko asmoa du Latorrek orain, oxigeno artifizialik gabe. Enric Llonch izango du igotzeko saioan bidelagun, eta Euskal Herriko hiru mendizaleekin banatuko dute kanpaleku nagusia. Udan K2 mendira (8.611 m) joateko asmoa du, eta, gauzak ondo irtenez gero, Gasherbrum I. mendian saio bat edo beste egiteko aukera ere ez du alde batera uzten. Girora egokitzeko lanak Island Peaken (6.189 m) egin nahi zituzten Khumbuko glaziarretik ahalik eta gutxien igarotzeko, baina elur kantitatea dela eta, asmoa bertan behera utzi du, eta beste tontor batzuetan egin dituzte lanak.

Hamalau zortzimilakoak igo nahian dabilen beste alpinista bat Carlos Soria da. 74 urteko beteranoa Kanchenjungan dago, eta bere ibilbideko 11. zortzimilakoa igotzeko. Hamalauak igotzen adin gehien duen alpinista izan nahi du Soriak. Luis Miguel Lopez Soriano izango du bidelagun nagusi; Dani Salas ere arituko da horiekin, kamera bidez irudiak eskuratzeko. «Oso egoera fisiko onean nago, entrenamenduei esker belaunek min gutxiago ematen didate, eta oso gogotsu nabil igoerari ekiteko», adierazi du Soriak. Atzo abiatu ziren mendian gora, eguraldiaren baldintza onak aprobetxatuz. Datorren astean du gailurrera iristeko asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.