Sopelako Munarrikolanda mendi taldeko presidentea da Arantza Lazurtegi (Bilbo, 1965) 2011. urteaz geroztik. Sopelan bertan bizi da bera ere 1991tik. Igandean, Gaztaren Ibilbideko etapa bat egin zuten taldeko kideek, Arantzazutik Etzegaratera, eta handik bueltan egina da elkarrizketa. «Mendia dena da» Lazurtegirentzat: beti dabil igo gabeko gailurren bila, eta mendizaletasun klasikoaren eta mendi taldeetan egiten den oinarriko lanaren eredu da. Uste du arrakala bat sortzen ari dela kirol ikuspegi hutseko mendiko jardueren eta mendizaletasun klasikoaren artean.
Nola hasi zinen mendian? Nola izan ziren lehen urratsak?
Bilboko Aldatz Gora mendi taldeko lagunekin hasi nintzen, 20 bat urterekin. Pirinioetara joan ginen lehen irteeran, hamar egun, motxila handiarekin, Ordesa inguruan zeharkaldi bat egitera. Erronka edo proba moduko bat izan zen niretzat. 1986. urtea zen, ez da atzo goizeko kontua [barreak]. Proba gainditu nuen, itxuraz, eta, pixkanaka, igandeko irteerak egiten hasi nintzen. Lagunak ipurterre samarrak ziren, beti zebiltzan hara eta hona, ez zitzaien gustatzen behin baino gehiagotan ibilbide bera egitea, eta ni ere ohitura hori hartuz joan nintzen.
Larunbatean EMFk emakume mendizaleei ematen dien Loli Lopez Goñi saria jaso zenuen. 2.000 gora gailur igo dituzu, eta ehun mendien lehiaketa ere ia bederatzi aldiz osatu... Mendia zaletasun hutsa baino gehiago da zuretzat?
Mendira joan eta joan, eta, azkenean, gero eta gogo handiagoz hartzen duzu. Asteburua iritsi eta beti gabiltza nora joan begira, aurrez igotako mendia bada beste isurialde batetik saiatzen... Ehun mendien katalogoko gailurrak bakarrik ez, hirumilakoen zerrendakoak, hango edo hemengo sabaiak... beti nabil halako erronka eta pizgarrien bila: hemen egon banaiz, ondokora, edo haragoko hartara. Azken batean, aitzakia bila ibiltzen naiz, mendira joatea gustatzen zaigu eta. Uda honetan, adibidez, Norvegian eta Albanian izan gara, eta hango mendirik garaienetara igo.

Zortzi aldiz osatu duzu ehun mendien lehiaketa, eta bederatzigarrenez osatzear zara.
Hori da, zortzi aurkeztu ditut, eta orain bederatzigarrena egiten ari naiz. Espero dut datorren urtean bukatzea.
Lehiaketa bakoitza gutxienez bost urtean osatu behar dela aintzat hartuta, horrek esan nahi du azken berrogei urteetan mendiari emana bizi izan zarela.
Tira, lehen lehiaketa bai, gutxienez bost urtean osatu behar da, baina hurrengoak lau urtean ere egin ditzakezu. Beraz, azkeneko lehiaketak lau urtean behin osatu ditut. Baina bai, mendian nabil etengabe. Beti esaten dut bizi osoko lehiaketa bat dela ehun mendiena, eta jarraitu egingo dudala araudiak uzten didan edo ahal dudan artean.
Katalogoko bakarren bat geratzen zaizu igotzeko?
Katalogoan 920 gailur daude, eta hamar geratzen zaizkit. Ea pare bat urtean bukatzen ditudan. Geratzen zaizkidanak Pirinioetakoak dira, Sierra Nevadako bat...
Ehun mendien lehiaketa egina duzuenen kofradian, ez dira asko izango lehiaketa hainbestetan osatu dutenak.
Gehienetan egin duenak bederatzi aldiz egina du, eta bada beste emakume bat zortzi aldiz egina duena. Gainerakoek, gutxiagotan.
«Ulertzen dut sekulakoa dela kirol erronka horiek egitea, baina irudipena dut mendiko espiritua galtzen ari dela: mendiarekin bat egitea, mendia sentitzea...»
Ez da lehen aldia Loli Lopez Goñi saria jasotzen duzuna. 2015ean, Itziar ahizparen izenean jaso zenuen, hil osteko aitortza gisa, hilabete batzuk lehenago hil baitzen, Pirinioetan istripua izanda. Ahizpari eginiko aitortza hura are bereziagoa izango zen, ezta?
Bai, oso desberdina izan zen hura. Itzirena kolpe latza izan zen. Horrelakoetan, galdera asko egiten dizkiozu zeure buruari: zertan gabiltza, nora goaz, nola tematzen gara hainbeste gauza batzuetan, zenbateraino arriskatu behar dugu, zenbat esploratu behar dugu... Bestetik, ordea, mendia zen, mendia da elkartzen gaituena, gustuko duguna, biziarazten gaituena... Ahizpa ere asko joaten zen mendira, zoriontsua zen mendian, eta aitortza hura berezia zen. Ni gehiago naiz mendira joatekoa, egitekoa, baina bera, horretaz gain, oso metodikoa zen idazteko, eta Mendikat-en iruzkinak egiten zituen, Pyrenaica-ko emakumeen blogean idatzi... Hortaz, familiako kide guztiek asko eskertzen dugu EMFren aitortza hura.
Barne galderei erantzuteko hausnarketa eta dolu prozesu horretan, aldatu zen mendiarekin zenuen harremana?
Beti esaten dut mendian egoten naizela ahizparengandik gertuen. Nahitaez, aldi batean zuhurrago bihurtzen zara. Ahizpak harri erorketa batengatik izan zuen istripua. Ni hurbil nengoen, baina haren ondoan ez, eta ez nuen ikusi. Geroztik, Europako Mendietara edo arriskua egon daitekeen lekuetara joan izan naizenetan, hasieran batez ere, tentu handiagoz ibili izan naiz. Munarrikolanda taldekoekin irteeraren bat gidatzen dudanean ere, kontu handiagoz jokatzen dut. Denborarekin, urduritasun hori baretu egiten da, eta adiskidetuz zoaz mendiarekin. Hauxe da gustatzen zaiguna, eta hau egiten jarraitu nahi dut. Mendiak bizitza ken diezaguke, baina eman ere mendiak ematen digu. Zuhurrak izan behar dugu, gauzak ondo egiten saiatu, baina jarraitu egin behar dugu. Ahizparena gogorra izan zen, baina mendiak ilusioa pizten dit ateratzeko, bilatzeko, besteekin elkartzeko, jendeari bideak erakusteko... Mendiak bizi filosofia bat ematen dizu. Etengabeko erronka bat da, eta une oro jakin behar duzu non zauden, eta neurriko urratsak egin aurrerantz, ez luzeegiak. Mendian asko ikasten duzu, kirol hutsa baino gehiago baita. Niretzat dena da.
Esan duzu ahizpa aktiboa zela Pyrenaica-ko emakumeen blogean, eta zu zeu ere asko zabiltza mendian. Nolako bilakaera ikusi duzu mendian emakumeen parte hartzeari dagokionez?
Hasi nintzenean, lau neska izaten ginen autobusean, eta gainerako guztiak mutilak. Antolaketa kontu guztiak mutilek erabakitzen zituzten: nora joan, nondik... eta guk aurrekoari jarraitzen genion. Urteek aurrera egin ahala, askoz emakume gehiago gabiltza mendian, baita irteerak gidatzen ere. Lehen, ez zenuen emakume bat mendian bakarrik ikusten sekula. Orain, aldiz, neska asko dabil mendian korrika, bizpahiru neskaz osatutako taldeak... Oraindik ibilbide luzea geratzen da egiteko, baina egin dira urratsak.
«Mendiak bizitza ken diezaguke, baina eman ere mendiak ematen digu. Ahizparena gogorra izan zen, baina mendiak ilusioa pizten dit ateratzeko, besteekin elkartzeko...»
Ibiltari handiei ematen zitzaien Xebe Peña saria ere eman zizun EMFk, 2007an. Oraindik ere ibiltzen zara iraupen luzeko martxetan?
Utzi nituen. Sei bat urtez egin nituen zirkuituko ibilaldiak, baina, halako batean, erabaki nuen aski zela. Esan dudan moduan, gauza berriak egitea gustatzen zait, aldatzea, eta ez nituen behin eta berriro martxa berak egin nahi. Ibilaldi luze horiek eginez oso sasoiko jartzen zara, baina hankak eman ahalean ibili behar duzu, orduko bost kilometroko erritmoan 40 kilometroz, edo azkarrago ere bai, beti lepoa estututa... Eta nik neure kasa ibiltzea dut gustuko, Pirinioetara edo nonahira joan, eta kontxo, ogitartekoa jatera eseri. Iraupen luzeko martxak alde batera uztea eta Munarrikolanda taldekoekin hastea, dena bat. Urteak neramatzan haiekin joan gabe, eta hamargarren urteurrenean berriro hasi nintzen, baita irteerak antolatzen ere, eta hemen gaude geroztik.
Mendiko lasterketek zer eragin izan dute martxa horietan eta mendian ibiltzeko moduan, oro har?
Egia da gero eta azkarrago gindoazela martxetan, eta orain, entzun dudanagatik, jendea korrika ibiltzen da, edo lehia edo kirol ikuspegia nagusitzen ari da: ea halako denbora hobetzea lortzen dudan... Ni ez naiz atleta, eta ez naiz korrika ibiltzen; horregatik, hain azkar joatera bultzatzen bazaituzte, bete-betean aritzera, nor joango da martxa horietara? Gazteak, topera dagoen jendea, egiazko gazelak. Hortaz, adin bat baduzu edo ez bazara korrikalaria, irudipena duzu ostikoa ematen ari zaizkizula. Hortaz, beste jarduera batzuetara jotzen duzu, zure gorputzarekin bat etorriko diren irteerak egitera. Baina ez da mendian bakarrik gertatzen: bizitzan, oro har, korrika egiten da dena. Bidaiak, adibidez: lehen hilabete baterako joaten ginen, eta orain, berriz, astebeterako. Dena azeleratu egin da; eroen pare gabiltza denok.
Nola ikusten duzu mendiko lasterketen fenomenoa?
Irudipena dut lehen mendia partekatzean zetzala gehiago, eta orain, berriz, gehiago lerratu dela kirol hutsera. Eta, lehen esan dudan moduan, niretzat mendia kirol hutsa baino zerbait gehiago da. Jendea sekulako erronkak egiten ari da: maratoiak, ultrak, 200 kilometrotik gorako lasterketak... Ulertzen dut kirol erronka moduan sekulakoa dela horiek egitea, baina irudipena dut mendiko espiritua galtzen ari dela. Espiritu hori, niretzat, mendiarekin bat egitea da, mendiari behatzea, mendia sentitzea, zerbait ikustera gelditzea... Alde horretatik, uste dut mendian bi mundu bereizten ari direla: garai bateko mendizaletasun hori eta gaur egungo kirol ikuspegia.

Mendia aitzakia izan da zuretzat beste herrialde batzuk ezagutzeko. Esloveniako Triglav mendigunean, Albanian, Mexikon... hainbat lekutan ibili zara mendian. Zeinek harritu zaitu gehien?
Harritu, agian, paisaia batek harritzen zaitu, Namibiako basamortuak, adibidez, baina esango nuke mendian betirako hartzen duzula gogoan lehen bidaietan sentitzen den zirrara hori. Adibidez, aspaldi batean Mexikora joan eta Popocatepetl sumendira igo ginenekoa. Urteekin, inpaktua gutxituz doa, baina bidaia bakoitzak badu bere zera. Hala ere, ez zait ahazten Aiguille Dibona mendiak sortu zidan zirrara, adibidez.
«Mendi talde askotan, batez besteko adina handia da, gurean ere bai, eta askotan galdetzen diogu gure buruari honek zenbat iraungo duen. Jende gazterik ez badator, hau itzaliz joango da»
Pyrenaica aldizkarian, Ekuatore Gineako Basile mendiko igoeraren kronikan, esaten duzu mendiaren bultzada horrek ezabatu egiten duela gogoaren eta eromenaren arteko lerro lauso hori. Zuk askotan gainditu duzu?
Edonori esaten badiozu hegazkin bat hartu behar duzula Ekuatore Gineara joateko eta hango mendirik altuena igotzeko, erotzat hartuko zaitu. Abiapuntua zera izan zen, Basile gailurra 1950eko ehun mendien katalogoan agertzen zela. Hor hasi ginen ahizpa eta bio, joan behar genuela eta igo behar genuela mendi hori. Hala, bere 50. urtebetetzean bidaia txartela oparitu nion, baina gero istripua gertatu zen, eta, azkenean, ahizpari egindako omenaldi bat izan zen bidaia. Zerk bultzatzen zaitu halakoak egitera? Ilusioak. Oraindik ere katalogoko gailur batzuk geratzen zaizkit igotzeko Marokoko Rift mendigunean, eta hor nago, ea noiz joan. Ilusio hori ez daukadan egunean, pattal samar nagoen seinale izango da. Ilusio hori da erokeriaren marra gaindiarazten diguna.
Munarrikola mendi taldeko presidente zara 2011. urtetik. Belaunaldi gazteak erakartzea, hau da, erreleboa lortzea da, agian, mendi taldeen erronkarik handiena?
Gaur egun 250 bazkide gara, eta urtean hogei bat irteera egiten ditugu, hilean pare bat. Udan, berriz, Europako mendietara edo Pirinioetara joaten gara, eta tarteka proiekzioak eta bestelako ekitaldiak antolatzen ditugu. Irteerak autobusean egiten ditugu, eta 35-45 lagun izaten gara beti. Baina bai, erreleboa lortzea da zailena. Ez dakit zer gertatuko den hemendik hamar urtera, hogei urtera. Mendi talde askotan, batez besteko adina handia da, gurean ere bai, eta askotan galdetzen diogu geure buruari honek zenbat iraungo duen. Oraindik indartsu nabari dugu geure burua, baina jende gazterik ez badator, hau itzaliz joango da. Batzuetan, ziklo kontua izaten da. Urtez urte jarraituko dugu.
MOTZEAN
Gehien igo duzun mendia?
Seguruenera, Gorbeia, eta bestela, Munarri, etxe ondoan dudana.
Mendirik bereziena edo zuretzat esangura handiena duena?
Hiru esango dizkizut. Midi d’Ossau, ikusgarria iruditu baitzait zait beti. Bizkaian, Anboto dut kutuna. Baina agian bereziena, Neberazarra, Eskuagatx mendilerrokoa. Hantxe daukat Itziren buzoia jarrita.
Igo dituzun guztietan zailena egin zaizuna?
Agian, Naranjo de Bulnes bera.Igo ez duzuna eta igo nahiko zenukeena?
Zerrenda izugarria atera dezaket [barre algarak]. Pirinioetan, Crabioules (3.107 m) igoko nuke gustura, adibidez. Garai batean, ilusioa egingo zidakeen Cervinok, baina jada baztertuta daukat.
Mendiko erronka bat?
Asko dira, baina Aconcaguara joateko gogoa betidanik izan dut, adibidez. Ea egiten dugun.