Asteburuan jokatu zen Pirinioetan VIII. Open Altitoy Ternua, Luz Saint Sauveurren (Okzitania). Aurten, azkenik, bere garaian Andoni Areizagak buruan zuen eta inoiz ikusteko aukera izan ez zuen ibilbidea egiteko aukera izan zuten lasterkariek, bi eguneko proban. Larunbatean Pic du Midi de Bigorre guztia zeharkatu zuten; igandean, berriz, Luz Ardideneko eski estazioko harana.
Aurten ere euskaldunak bikain ibili dira, eta protagonista izan dira azken sailkapenetan. Uxue Fraile donostiarrak eta Amets Maiztegi hondarribiarrak irabazi zuten emakumezkoetan. Bi egunetako denborak batu eta gero, bederatzi ordu baino gutxiagotan egin zuten proba. Ez zuten aurkaririk izan bi saioetan, eta ordubeteko aldea atera zieten bigarrenei. Maiztegik bigarren garaipena du jarraian Altitoyn, iaz Nahia Quincocesekin lortutakoa eta gero.
Gizonezkoetan, Wilfrid Jumere eta Alain Bellagambak bigarren garaipena lortu zuten jarraian. Lehen euskaldunak IƱigo Lariz eta Mikel Navarro gipuzkoarrak izan ziren, laugarren sailkapen nagusian. Horien atzetik, bosgarren, Lander Alvarez eta Igor Alzelai sailkatu ziren.
Altitoyk bi ibilbide izan ohi ditu. A ibilbidea, lehiaketa, luzeagoa eta desnibel positibo handiagokoa; B ibilbidea, berriz, proba herrikoia eta gaztetxoen lehiaketa. Guztira 570 bikotek parte hartu zuten, eta antolatzaileak oso pozik daude emaitzekin eta giroarekin. Eguraldia ere oso ona izan zen asteburu guztian.
Datorren urtean berriro ere mendiko eskiko Grande Course zirkuituan izango da Altitoy, Pierra Mentaren eta Mezzalamaren moduko lasterketa ospetsuekin batera. Aurten Altitoy ez da aintzat hartu Grande Courserako puntuak lortzeko, baina datorren urtean izango, bai.
Uxue Frailek eta Amets Maiztegik irabazi dute Open Altitoy
Gizonetan laugarren izan dira Lariz eta Navarro, eta bosgarren Alvarez eta Alzelai.570 bikote izan dira mendiko eskiaren Pirinioetako festan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu