Mende honetan, 2001. urtetik aurrera jaiotako gazteei mendiko proiektuak gauzatzen laguntzea da Xabier Ormazabal bekaren helburua, adin horretan ilusioa eta sasoia gainezka izaten baitira, baina patrika mendre. Duela zortzi urte egin zuen bekaren lehen deialdia Urretxuko Udalak, Xabier Ormazabal zenaren oroitzapenari bizirik eusteko eta gazteek bultzatutako mendiko asmo originalei bultzada emateko, eta, geroztik, bi urtean behin jarraitu du deialdia berritzen. Aurten, ordea, bada berritasun nabarmen bat: WOP-The Walk On Project fundazioak eta Mendi Film jaialdiak bat egin dute asmoarekin, eta proiektu irabazleak askoz laguntza oparoagoa jasoko du: 7.000 euroko beka. Urretxuko Udalak 3.000 euro jarriko ditu; WOP fundazioak, 2.000 euro; eta Mendi Filmek, beste 2.000 .
Maiatzaren 30ean Xabier Ormazabal bekaren berri emateko topaketa eta ekitaldia egingo dute Urretxun (Gipuzkoa). «Beka honen esentzia gazteei laguntzea da, Xabi bezalakoei, eta asko eskertzen diot udalari, beti eman izan digun babesagatik, eta nola ez, aurten batu zaizkigunei: WOP fundazioari eta Mendi Film jaialdiari. Aurtengoa bosgarren deialdia da, eta oso pozik gaude beka hau indarra hartzen ari delako», nabarmendu du Andoni Ormazabalek, Xabierren anaia eta topaketaren sustatzaile nagusiak.
«Beka honen esentzia gazteei laguntzea da, Xabi bezalakoei, eta asko eskertzen diot udalari, beti eman izan digun babesagatik, eta nola ez, aurten batu zaizkigunei: WOP fundazioari eta Mendi Film jaialdiari»
ANDONI ORMAZABALXabiren anaia eta bekaren sustatzailea
Xabier Ormazabal Aristegi (Urretxu, 1981-Cho Oyu, 2004) Sobietar Batasun ohian zeuden bost zazpimilakoetara —Komunismo, Lenin, Korgenewskaya, Khan Tengri eta Poveda— igo zen lehen euskal mendizalea izan zen. Elurretako lehen lehoinabar euskalduna, titulu eta ohore hori ematen baitzaie Pamir eta Tien Shan mendiguneetako bost gailur gotor horietara igotzen direnei. Azken bi zazpimilakoetara, Lenin eta Korgenewskayara, espedizio berean igo zen Ormazabal, 2004ko udan. Tajikistandik bueltan, apenas egin zuen hamabostaldi bat Urretxun, eta Shisha Pangma zortzimilakora (8.046 m) jo zuen segidan. Eta hara igo ondoren, Cho Oyura. Han hil zen, 2004ko urrian. Haren aztarnak, ordea, bizirik jarraitzen du, eta, bekaren bidez, arnasa ematen zaie hura bezalako gazteei.
Bekaren oinarriak Urretxuko Udalaren webgunean daude, eta hasieratik proiektuaren berritasuna izan da irizpide nagusietako bat. Mendiko eta eskaladako edozein proiektu original izan daiteke saritua, baina aurtengo deialdian, indar berezia egin nahi dute alpinismoko proiektuetan. «Azken urteotan, eskalada gora doa, baliabide gehiago daude, badira babesleak dituzten eskalatzaileak... Eta alpinismoa, berriz, bigarren mailan geratzen da beti. Horregatik, nahiz eta eskaladako eta, oro har, mendiko proiektuak barne hartu, oinarrietan garrantzi handixeagoa eman nahi diegu alpinismoko egitasmoei. Baita hurbileko proiektuak izateari ere», azaldu du Andoni Ormazabalek.
Datorren ostiralean zabalduko da Xabier Ormazabal bekaren deialdia, eta datorren urteko martxoaren 26ra arte izango da aukera proiektuak aurkezteko. «Aurreko ekitaldien aldean, beste hiru hilabete luzatu dugu epea, Xabiren urtebetetze egunera arte», jakinarazi du Ormazabalek.
Duela bi urte egindako deialdian, bost proiektu aurkeztu ziren, eta Ainhoa Unanue Bereziartua zumarragarraren egitasmoak jaso zuen beka. Bi zati zituen Unanueren asmoak: lehenbizi, Alaska hegoaldean eski zeharkaldi bat eginez itsasora iristea, eta itsasontziz Valdez-era (Alaska); eta, ondoren, Valdezetik Anchoragera bizikletaz joan eta eski gainean beste zeharkaldi bat egitea. Proiektua nola gauzatu duen azalduko du Unanuek berak datorren ostiraleko topaketan.

Egitarau zabala prestatu dute bekaren deialdia iragartzeko. Hasteko, maiatzaren 29an, ostegunez, Sebastian Alvarok bere azken liburua aurkeztuko du 19:00etan, Urretxuko udaletxeko atarian. Legazpiko Elbereth heavy taldeak egingo du ekitaldiaren sarrerakoa, indarrez hasteko; ostiralean izango da, 19:00etan, Labeaga aretoan. Ondoren, hainbat gonbidaturen artean Jordi Corominas (Bartzelona, 1958) izango da Urretxun. Oscar Gogorza kazetariak jendaurreko elkarrizketa egingo dio, haren ibilbidearen nondik norakoak aletzeko. 2024an, Urrezko Pioleten ekitaldian, ibilbidearen Walter Bonatti saria jaso zuen Corominasek, beti egin izan duen konpromisozko alpinismoaren aitortza gisa. Haren hainbat eskalada saio dira azpimarratzekoak, baina agian K2 mendiko Magic Line lerroaren errepikapena izan da nabarmenena. Horregatik ageri da K2 mendia aurtengo topaketaren kartelean.
Jordi Corominas eta Ainhoa Unanuez gain, Urretxun izango dira Ainhize Belar eskalatzailea eta Janire Etxabe dantzari eta eskalatzailea ere. Etxabek Haize lerroak filma emango du, eta Belarrek Iñi Ameriketan bidearen eskaladari buruzko filma estreinatuko du Urretxun. Topaketa horren antolaketan, Irizar taldeak babesa eman izana eskertu du Andoni Ormazabalek.