Ines Allendek ez daki geldirik egoten horman gora doanean (Gasteiz, 2009). Euskal Herriko eskaladaren harribitxietako bat da, eta denbora gutxian nabarmen egin du gora. Maiatzean Euskal Herriko I. Bloke Txapelketan nagusitu zen, Iruñean, eta berriki Espainiako Kopako proba bat irabazi du zailtasuneko modalitatean, Bartzelonan. Bi kategorietan egin du: maila nagusian eta 18 urtez azpikoetan. Argi du zer helburu duen: hobetzen jarraitzea.
Lehen bi probak jokatu dituzu zailtasunean: Caceresen, Espainian, eta Sant Marti de Tousen, Katalunian. Zer moduz?
Nahiko ondo joan dira biak. Bi probetan maila absolutuko finalean sartzeko aukera izan dut. Sant Marti de Tousekoan maila handiko eskalatzaile batzuk falta ziren, Munduko Kopan lehiatzen ari zirelako. Caceresen aurreneko bi sailkatuak izan zirenak, Iciar Martinez eta Julia Benach, ez ziren bertan izan. Baina proba hori gordeko dut gogoan. Oso gustura nago Sant Martin irabazi eta gero.
Maila absolutuan arituta, zu baino eskalatzaile helduagoekin lehiatu zinen. Nola kudeatu zenuen hori?
Maila absolutuan lehiatzen nintzen lehen aldia nuen Caceresen, eta izugarria izan zen finalean sartzea. Horrekin berarekin pozik nengoen. Egia da finalean zerbait gehiago egiteko gogoarekin gelditu nintzela, pentsatzen baitut gauzak ez zitzaizkidala nik espero bezala atera. Zazpigarren amaitu nuen finalean. Eskalatzaile denak ezagutzen nituen lehendik, eta badut erlazioa haiekin. Eroso egon nintzen haiekin lehiatzen, eta oso ondo pasatu nuen.
Jakinda Icar Martinez eta Julia Benach ez zirela bigarren proban egongo, beste aurreikuspen batzuekin joan zinen?
Ez nuen espero irabaztea, baina pentsatzen nuen podiumeko borrokan ibil nintekeela. Sailkapen fasean jada indartsu nabaritu nuen neure burua, eta lehen postuan eusten niola ikusteak adorea eman zidan finalerako. Ezin sinetsirik ibili nintzen! Finala irabaztea beste kontu bat izan zen. Gainera, bi kategorietan irabazi nuen: 18 urtez azpikoan eta maila absolutukoan. Podiumean egon ginen hiru eskalatzaileak 18 urtez azpiko eskalatzaileak izan ginen.
Irailean jokatuko dira Espainiako txapelketak, Caceresen. Zer helburu izango duzu?
Urruti ikusten dut iraila, eta oraindik ez daukat helburu zehatzik. Espainiako txapelketetan blokea ere egin beharko dut, nahiz eta ez den nire espezialitate gogokoena. Benach eta Gelia Marcia han izango dira, eta dena zailagoa izango da. Ondo aritzeko itxaropena daukat.
Orain gutxi Euskal Herriko Boulder Txapelketa irabazi zenuen. Zertan lagundu zizun garaipen hark?
Espainiako Kopako bigarren probarako prestaketa betean harrapatu ninduen txapelketak, eta irabazteak gogotsuago egoten lagundu zidan. Balio izan zidan baieztatzeko bide onetik nindoala.
Txapelketetan denbora asko igarotzen duzue bakartze gunean. Zer estrategia duzu urduri ez egoteko eta gorputza aktibatuta izateko?
Lehiatzen hasteko denbora asko gelditzen denean, parte hartzaile guztiak elkartu egiten gara, itxaronaldia hain luzea ez izateko. Hitz egiten edo kartetan jokatzen ibiltzen gara askotan, denbora-pasa. Ondoren, lehiatzen hasi baino ordu eta erdi lehenago, entrenatzailearekin hasten naiz. Askok musika jartzen dute, baina niri horrek ez dit sekula funtzionatu. Nahiago dut entrenatzailearekin egon, garrantzitsua da niretzat. Mugimenduak diseinatzen laguntzen dit, nola nagoen galdetzen dit, eta denborak ere berak markatzen dizkit. Zailtasunerako, bide luzeagoekin berotzen dut. Blokean, berriz, mugimendu azkarragoak eginez berotzen dut.
Zailtasunean eta blokean lehiatzen zara Espainiako Kopan. Non aritzen zara erosoen?
Zailtasunean, zalantzarik gabe. Egia da Espainiako Blokeko Kopako proba bakarra jokatu dela, eta nahiko gustura amaitu nuela, seigarren izan bainintzen. Baina zailtasunean askoz ere erosoago ibiltzen naiz.
«Zailtasunean hasi nintzenean, beldur ikaragarria izaten nuen. Egun txapelketetan ez daukat batere beldurrik, ezta entrenatzeko garaian ere. Zorionez ez dut erorketa arriskutsurik izan nire kirol ibilbidean»
Nola antolatuko dituzu datozen hilabeteak?
Hasteko, uztailaren 4an Euskal Herriko zailtasuneko txapelketak jokatuko dira Barakaldon. Gogor ari naiz horretarako prestatzen. Hori amaitzean, are gogorrago entrenatzen hasiko naiz. Udan denbora gehiago dugunez, entrenatzeko aprobetxatzen dut, bai blokean bai zailtasunean.
Ez duzu arrokan entrenatzeko asmorik?
Ez. Zailtasunean arrokan hasi nintzen entrenatzen, baina azken bi urteetan ez dut arrokarik ukitu. Ez dut horretarako asmorik luze gabe.
Espainiako txapelketetan zer emaitzarekin geratuko zinateke konforme?
Lehenik, irabaztearekin amesten dut, baina podiumean sartzea izan daiteke helburuetako bat. Argi daukat gogor entrenatuko naizela Espainiako Txapelketan emaitzarik onena lortzeko. Podiumarekin konformatuko nintzateke.
Oso ume zinela hasi zinen eskaladan. Zein da eskaladarekin duzun lehen oroitzapena?
Aitak betidanik eskalatu izan du lagunekin, eta egun batean harekin joan nintzen Gasteizko rokodromo batera. Hasieratik asko gustatu zitzaidan, eta maitemindu egin nintzen eskaladarekin. Ordura arte, balletean ere ibiltzen nintzen, baina handik urtebetera utzi egin nuen. Gerora, arrokan eskalatzen hasi nintzen aitarekin eta haren lagunekin. Oso oroitzapen onak ditut.
Zein izan ziren zure lehen erreferentziak?
Aita. Orain ere ondoan izaten dut entrenamendu guztietan. Bestalde, Irati Anda izan zen nire lehen entrenatzailea. Irati entrenatzen ikustea izugarria izaten zen niretzat. Hura bezalakoa izan nahi nuen! Nik ere Munduko Kopan lehiatzearekin amesten dut.
Gaur egun baduzu eredurik?
Gaur egungo eredurik handiena Annie Sanders da. Pragan jokatu den Munduko Kopan, bi modalitateetako lehiak irabazi berri ditu, zailtasunekoa eta blokekoan. Janja Garnbret ere hura mendean hartzeko gai izan da beste proba batean. Oraindik ez da modalitate batean espezializatu, eta horrek oraindik ere gehiago harritzen nau.
Noiz hasi zinen pentsatzen goi mailako eskalatzaile bihurtzen ari zinela?
Irati Andarekin entrenatzeari utzi eta Aretxabaletara joan nintzenean Josean Mulasekin entrenatzera. Hara joan nintzenean, aldaketa handia nabaritu nuen. Euskal selekzioan zebilen jendea aurkitu nuen han, eta zur eta lur geratu nintzen ikusi nuenarekin. Han zebiltzan Haizea Oses, Martzel Vicario eta Aimar Uson, besteak beste. Orduan hasi nintzen eskalada serioago hartzen. Nik ere euskal selekzioarekin lehiatu nahi nuen.
Entrenatzaile askorekin ibilitakoa zara. Nolako prozesua izan da?
Joseanekin hiru edo lau urte igaro nituen, lehenik Aretxabaletan eta ondoren Oñatin. Gero, Gianni Faggianarekin hasi nintzen entrenatzen, Bilbon. Bertan, beste bi urtez aritu nintzen. Iaz, Txinako selekzioarekin entrenatzera joan zen Gianni, eta Ander Etxaberekin jarraitu nuen; orain, berriz, Carlos Alvarezekin nabil. Aldaketa handiak nabaritu ditut denekin. Joseanekin, esaterako, talde handi batekin entrenatzen nintzen, eta Giannirekin bakarkako entrenamenduak izaten ziren. Bakoitzak bere entrenatzeko modua eta teknika dauzka, eta asko ikasi dut denetatik.
«Esango nuke teknika handiko eskalatzailea naizela. Oso umetatik eskalatzen dut, eta asko mugitu izan naiz beti. Bestalde, indarra da nire ahulgunea»
Eskalatzaile guztiek izaten dituzte bolada kaskarrak, eta, halakoetan, ematen du ez dutela hobera egiten. Nola eraman duzu aldi batez gradu batean kateatuta geratzea?
Nik iazko udan izan nuen horrelako geldialdi garai bat. Oso bolada gogorra izan zen buruz, eta zaila egin zitzaidan kudeatzea. Konturatu nintzen ez nuela aurrera egiten, eta txapelketetan ere ez nuela nire maila ematen. Emaitzek ere ez zidaten lagundu. Baina konturatu nintzen pazientzia behar nuela. Entrenatzen jarraitu nuen, eta gutxinaka maila berreskuratu. Ez nuen amore eman, eta horixe izan zen maila berreskuratzeko gakoa.
Zer indargune dituzu? Eta zertan hobetu behar duzu?
Esango nuke teknika handiko eskalatzailea naizela. Oso umetatik eskalatzen dut, eta asko mugitu izan naiz beti. Bestalde, indarra da nire ahulgunea. Horretan hobetu beharra daukat gehien.
Beldurrik baduzu? Nola landu duzu erorketen gaia?
Zailtasunean hasi nintzenean, beldur ikaragarria izaten nuen. Oso gaizki pasatzen nuen. Gainera, arrokan hasi nintzen, eta distantziak eta erorketak handiagoak dira. Beldur hori bideratzeko, rokodromora joan eta erorketak praktikatu nituen. Gutxinaka, konfiantza hartuz joan nintzen, baina urte asko joan dira bidean. Egun txapelketetan ez daukat batere beldurrik, ezta entrenatzeko garaian ere. Zorionez ez dut erorketa arriskutsurik izan nire kirol ibilbidean.
Eskalada asko aldatu da masifikazioaren eta sare sozialen eraginez. Nola bizi duzu zuk hori?
Niri asko gustatzen zait eskaladaz hitz egitea eta entzutea. Horrek asko motibatzen du, eta telebistan txapelketak ematea ere gauza ona da. Eskaladak indar handiagoa izan dezan balio badu, ongi etorria izango da.
Motzean
Eskaladan egin duzun lagunik onena? Maddi Agirre.
Eskaladako bide bat? Lori [Gaubea, Araba]. Nire lehen 8a izan zen.
Euskal eskalatzaile bat? Udane Mugika.
Kirolari bat? Mejdi Schalck eskalatzailea.
Beste kirol bat? Igeriketa.
Jateko? Pasta.
Edateko? Laranja zukua.
Musika talde bat? Guns N' Roses.
Abesti bat? Debí tirar más fotos [Bad Bunny].