Irailaren 6an edo urri lehenengoaren 6an, larunbat honetan beraz, Zeanuriko Ermiten Mendi Martxa egingo dute, 36. aldiz. 1988an antolatu zuen lehen aldiz ibilaldi hori Joko Alai elkarteko mendi sailak, eta dagoeneko oso errotuta dago herrian eta eskualdean. Pandemia garaian izan ezik, hutsik egin barik eutsi diote urteroko topaketari zeanuritarrek.
Helburuak hasierako berberak dira: «Naturarekiko harremana, mendia eta kirola sustatzea, eta herritarrei eta kanpotarrei Zeanuriko inguru zabalak eta ermiten ondarea ezagutaraztea», azaldu dute Joko Alai elkarteko kideek. Izan ere, ez dira gutxi Zeanuriko udalerrian barna han eta hemen dauden ermitak eta elizak: hogei guztira.
Izen ematea 07:00etatik aurrera zabalik egongo da herriko plazan, eta irteera 07:30ean izango da. Ibilbideak, osorik eginez gero, 35 bat kilometro ditu. Plazatik abiatzeaz batera San Antonio eta San Isidro ermiten ondotik igaroko dira parte hartzaileak, eta guztira hemeretzi ermita eta elizaren ondotik pasatuko dira. Hogeigarrena, Igiriñako (Gorbeia) Edurretako Amaren ermita, ibilbide luzetik kanpo geratuko da aurten ere.
Ibilbide luzeaz gain, beste bi aukera ere izango dira: bata, ertaina, 23 kilometrokoa, eta bestea, laburra, 13 kilometrokoa. Jan-edana hiru tokitan banatuko da: Altzuan, Ipiñaburun eta San Blasen.