Gaur aurkeztu dute Zegama-Aizkorri mendi maratoia, baita ostiralean izango den kilometro bertikala ere. Agerraldian izan dira Iker Zubeldia Zegamako alkatea, Maialen Arizkorreta antolakuntzako kidea, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura eta kirol diputatua eta Azahara Dominguez, mugikortasun, turismo eta lurralde antolaketako diputatua.
Mendi maratoiaren 24. ekitaldia izango da aurtengoa, eta munduko lasterketa nagusiak hartzen dituen Golden Trail World Series Zirkuituko laugarren proba. Guztira hogei herrialdetako 900 korrikalari ariko dira lehian Zegama-Aizkorriko proba guztietan —kilometro bertikalean, mendi maratoian eta gazteen lasterketan—. Aurten, 11.662 eskaera erregistratu dituzte zozketatzen diren 225 plazetarako. Datu horrek argi erakusten du zenbateko erakarmena duen proba horrek. Eguraldia, hasierako iragarpenen arabera, nahiko txukun dator, itxuraz, iganderako.
Emakumezkoetan, handia da ikusmina, Malen Osa eta Sara Alonso garaipena lortzeko gai izan daitezkeen ikusteko. Biak ala biak aurre-aurrean dabiltza Golden Trail World Seriesen: Alonso garaile izan zen zirkuituko lehen proban, Japoniako Kobe Trail lasterketan, eta Osa hirugarren, eta sailkapen nagusian ere zirkuitu horretako lehen postuetan dira. Zegama-Aizkorri maratoian ere podiumera igotakoak dira biak: Osa bigarren izan zen iaz, bere lehen maratoian —21 urte zituen—, eta oso asebeteta geratu zen. Alonso hirugarren izan zen 2022an, eta joan den urtean faboritoen artean zen, baina azken orduko pneumonia baten ondorioz, ez zuen parte hartu.
Osarekin eta Alonsorekin batera, Zegaman izango da iazko irabazlea, Sylvia Nordskar norvegiarra, berriz ere irabazi nahian. Aurreko tropeltxo horretan ibiliko dira, halaber, Miao Yao txinatarra —oso sasoi onean dago—, eta Judith Wyder suitzarra, orientazio proba luzeetan zaildutako emakumea. Hor izango dira Oihana Kortazar eta Maite Maiora ere, biak ala biak Zegaman irabazitakoak, Marta Martinez espainiarra, eta euskal selekzioko kideak, hala nola Ainara Alkuaz eta Maud Combarieu. Emakumezkoen parte hartzea «gero eta handiagoa» dela nabarmendu dute Arizkorretak eta Goizane Alvarez kultura eta kirola diputatuak. «Maratoian, %15 izango dira emakumezkoak, bertikalean %22, eta gazteen lasterketan, %36. Beraz, trail munduan ere badago etorkizuna emakumeon artean», jakinarazi dute.
«Ezin dugu ahaztu proba parke natural batean dela eta errespetatu egin behar dugula ingurumena. Zaleak hezi egin behar ditugu kirol honek zenbaterainoko eragina daukan kontura daitezen»
IKER ZUBELDIAZegamako alkatea
Gizonezkoetan, Kilian Jornet, zeinak 11 aldiz irabazi duen proba, ez da aurten Zegaman izango. «Horrenbestez, gizonezkoetan, aurtengoa inoiz baino zabalagoa izango da», Arizkorretak iragarri duenez. Izan ere, Jornet ez, baina Zegamako irteeran bilduko dira munduko korrikalari onenetako batzuk. Iaz bigarren izandakoa ageri da faboritoen tropeltxoan buru, Elhousine Elazzaoui marokoarra. 2017ra arte probako marka (3.45.08) zuen korrikalaria, Stian Angermund norvegiarra, Zegaman berragertuko da, dopineko kontrol batean positibo eman eta 16 hilabeteko zigorra bete ondoren. Zegaman izango dira, halaber, Manuel Merillas espainiarra, duela bi urteko txapelduna, Roberto Delorenzi suitzarra, Skyrunner World Series 2024ko txapelduna, Luca del Pero italiarra, Transvulcaniako maratoi erdian garailea, Andreu Blanes alacantarra (Sierre Zinal 2022ko txapelduna) eta Antonio Martinez espainiarra.
«Euskaldunen artean, hor izango da, besteak beste, Aritz Egea urretxuarra. Oraindik orain iragarri du elite mailako bere azken Zegama-Aizkorri izango dela, eta onena ematera etorriko da», Arizkorretak azaldu duenez. Zegaman izango dira, halaber, Ander Iñarra, Anartz Artola, Aitor Ajuria, Ander Gerrikaetxeberria, Aitor Zunzunegi eta beste hainbat euskal korrikalari ere, «kanpotik datozenei hemengo lokatzetan zein ondo moldatzen diren erakusteko prest», azaldu du Arizkorretak.
Ostiralean 16:00etan egingo da Zegama-Aizkorriko lehen proba, kilometro bertikala. 5,2 kilometroko distantzian ia 1.000 metroko desnibela gainditu beharko dute partaideek lasterketa horretan. Aurten, gainera, 23 urtez azpikoen mailan ere egingo dute kilometro bertikala.
Garraio publikoa erabiltzeko deia
Alvarez Foru Aldundiko kultura eta kirol diputatuak nabarmendu du Zegama-Aizkorri mendi maratoia herritik sortua dela. «Alde horretatik, agerian uzten du herri txikiek zer-nolako gaitasuna duten erronka handiei erantzuteko eta horrelako proba bat nazioarteko mailan jartzeko. Gipuzkoa munduan jarri du Zegamak». Emakumezkoen parte hartzearen gorakada ere nabarmendu du Alvarezek.
Dominguez mugikortasun, turismo eta lurralde antolaketako diputatuak, berriz, nabarmendu du «Gipuzkoa kirol turismoaren munduko erreferentzia» bihurtuko duela Zegama-Aizkorri mendi maratoiak. «Era berean, erakusleiho ezin hobea da munduari Gipuzkoako altxor ezkutuenak eta gure natura ingurune pribilegiatua erakusteko». Lurraldebusek ostiralean eta igandean Zegamara joateko jarriko dituen autobusak erabiltzeko deia ere egin du Alvarezek. Zaldibiatik abiatuko dira autobusak Zegamara, 06:30ean, 07:00etan eta 08:00etan. Zegamatik, berriz, 15:55ean, 16:55ean, 18:55ean eta 19:00etan aterako dira bueltan.
Zubeldia Zegamako alkateak, azkenik, mendia zaintzeko deia egin du: «Aintzat hartu behar dugu neurri horretako proba batek naturan zenbaterainoko eragina sortzen duen. Ezin dugu ahaztu proba parke natural batean dela eta errespetatu egin behar dugula ingurumena. Zaleak hezi egin behar ditugu kirol honek zenbaterainoko eragina daukan kontura daitezen». Hori dela eta, jendeari «esfortzu gehigarri» hori eskatu dio, autoz mendian ahalik eta urrutien iritsi ordez, garraio publikoa erabil dezaten. «Mendira goaz, eta atzeraxeagotik oinez abiatuta ere ez da ezer pasatzen».