Mendi ibilaldia

Aizkomendi eta Sorginetxe, besteak beste

Paternina, Berezeka, Santo Domingo, Sallurtegi, Pedroko, Aizkomendi eta Sorginetxe, Lautadako ondare oparoa txangolarien aiduru.

Sorginetxe trikuharria
Sorginetxe trikuharri jaukala Arrizala herritik hurbil altxatzen da. JOSEAN GIL-GARCIA
Arabako ibilbidea. Sorginetxe
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Agurain, Mezkia, Aizkomendi trikuharria, Bikuña, Okariz, Arrizala, Sorginetxe trikuharria
  • Distantzia: 17 km (100 m+)
  • Iraupena: 3 ordu eta 45 minutu
  • Ingurunea: Arabako Lautada
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2025eko urriaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aguraingo San Joan elizaren aurreko plazan emango diogu hasiera ibilbideari. Kale Nagusiari heldu eta herriguneko jauregi dotorez inguraturik, Santa Maria eliza gotortura iritsiko gara ziztuan. Harresiko ate zaharretik irtengo gara. Maldan behera abiatuko gara gero, eta Gordoa eta Zalduondo aldera segituko dugu. Aguraindik irten aurretik, ordea, San Lazaro ospitale izan zenaren aurretik igaroko gara. Bidebanatzean, eskuinera hartu eta, Biariz bidea gogaide, zentral fotovoltaiko aldera joko dugu. Labore soroak nonahi. Paternina herri hustuaren kokapena bistaratuko zaigu ezkerraldeko zoko-mokoan. Anartean, primeran pasatuko dugu hara-honaka soa luzatzen, arrainak uretan legez.

Biarizko gurutzera iritsita, bideak beherantz eramango gaitu. Trenbidearen gaineko zubia gurutzatu gabe, baina, zuzen jarraitu eta Mezkiako San Roke plazara iritsiko gara. Iturri-edanleku eta latsarria eskuinean lagata, Jasokundeko plazara helduko gara. Elizaren ezkerraldetik doan nekazari bideari helduko diogu gero. Mezkiako harizti irla zeharkatu ondoren, ezkerretik irteten den bidea utzi, eta, noranzkoa aldatu gabe, Egilatz herrira doan errepidearekin bat egingo dugu. Trenbidearen gainetik gurutzatzeko unea izango da, baita Aizkomendi trikuharriak maskaratzen duen zuhaiztira heltzekoa ere. Zuhaitzen artetik sugetzen dabilen xendari segika, Aizkomendi trikuharri jaukalaren aurrean izango gara laster. Araban aurkitu zuten lehen monumentu megalitikoa da, eta aiurri berezia dario. Barandiaranek jaso zuenez, trikuharria altxatzen den lekua ezaguna zen aspaldi-aspaldi. Nonbait, nekazari batek ezustean deskubritu zuen 1830. urte inguruan. Hasierako tumulua ez omen zen nolanahikoa, 30 metro inguruko diametro erakusten baitzuen. Zalantza izpirik gabe, monumentuaren handitasunak aho bete hortz utziko gaitu. Izan ere, bertako hamar harlauzek ganbara poligonal ederra osatzen dute.

Sorginetxe trikuharria

Bidean atzera eginda, Egilatz herrian sartuko gara. Elizaren ezkerraldetik jarraituko dugu ibilian-ibilian. Autobiaren gainetik igaro ostean, Eginora doan errepide estura iritsiko gara. Ezkerrera joko dugu orduan eta, 80 metro inguru egindakoan, asfaltoa utzi eta eskuinetik doan nekazari bidetik jarraituko dugu. Behitegian, eskuin aldera egin eta Bikuñarantz abiatuko gara astiro-astiro. Paisaiak gogoraraziko digu Mirutegi eta Baioko mendigunearen oinaldeko basoan existitu zen Berezeka herria. Gaur egun, iturri bat eta ur baltsa bat daude leku hartan. Itxura denez, Berezekatik kareharrizko harri astunak atera zituzten Aizkomendi trikuharria eraikitzeko.

Bikuñako jauregi ondora iritsiko gara berehalaxe. Jasokunderen eliza eskuinaldean dago han, eta bisita egitea ezinbestekoa da. Jauregi aurreko iturriaren albotik emango diogu segida ingurubirari. Iturritxo kalean aurrera eginda, hilerrira iritsiko gara. Orduan, eskuinera hartu eta, metro batzuk ibili ostean, ezkerrera joko dugu. Munain herriaren parean, Ehun urteko haritzen eta Zadorrako iturrien bide berdea-rekin topo egingo dugu. Aukera ederra, hortaz, bost mende baino gehiago dituzten haritzak eta Zadorra ibaiko iturburuak ezagutzeko.

Munain eta Santo Domingo herri hustua eskuinaldean lagata, Okariz herrira bideari helduko gatzaizkio. Gero, herriraino iristen den errepidetik irten eta Opakuako errepidearekin bat egingo dugu. Ezkerrera jo eta asfaltoaren paraleloan doan abelbidea baliatuko dugu Arrizalara hurreratzeko. Betiere bide seinaleari jarraiturik, Arrizalara iritsiko gara. Herriko plazan ikusiko dugu Sorginetxe trikuharrira doan bidea. Tumulua inoiz ezagutu ez den monumentu airoso bezain ikusgarria da. Oso antzinatik ezaguna dela dirudi, eta ezin da zehaztu noiz aurkitu zuten. Sei harlauza liluragarrik eremu poligonal bat osatzen dute. Haren ospea bat dator darion edertasunarekin.

Aguraingo hiribildura hurbiltzearen kariaz, pauso luzexkak emango ditugu nekazari bide zabaletik. Eskuinaldean, Sallurtegiko Andre Mariaren ermita edo baserria ikusiko dugu muino xume baten gainean. Pedroko parke eta hezeguneak ondoan lagata, bideak zuzen-zuzen joko du, harik eta Dulantzirako errepidearekin bat egin arte. Hara iritsita, ezkerrera hartu eta, errepide bazterretik 300 metro egin ostean, A-1 autobiaren azpiko tunela baliatuko dugu Agurainera iristeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.