Eskalada

Aizkorri: Irauleko orratzaren kanala

Negu-neguko egunetan, Irauleko ipar hormatik zintzilik dagoen orratzak Aizkorrin dauden altxor ezkutuetako bat gordetzen du: orratzaren kanal mehartua. Ez da ipar horma horretako kanalik zailena (AD, M3, III+), baina bai ederrenetakoa.

Bi mendizale Irauleko orratzaren kanalean
Bi mendizale kanalean sartzen. XABIER MUJIKA
Eskalada. Iraule (aizkorri)
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: AIzkorri, Iraule
  • Ingurunea: Aizkorri
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2023ko abenduaren 20a
05:00

Nardasakon kanala igotzerakoan, begiak ezinbestean Irauleren ipar hormatik zintzilik dagoen orratzera joango zaizkigu. Orratz hori Juan San Martinek eskalatu zuen lehen aldiz, 1.955 urtean, eta 6a+ mailako zailtasuna dauka. Harkaitz eskalada horretaz aparte, orratz horrek Aizkorriko neguko altxor ezkutuetako bat dauka gordeta: orratzaren kanal mehartua. Kanal hori ez da Aizkorriko kanalik luzeena, ezta zailena ere, baina bere edertasunak ez dauka parekorik.

Orratzaren azpian kokatu arte igoko dugu Nardasakon kanala. Orratzaren kanal mehartura iristeko, orratzaren eskuinetik (igoerako noranzkoan) sartu beharko dugu, aurretik belar, lur eta harkaitzez estalitako bi hormatxo eskalatuz. Lehenengo hormatxoa, 5-6 metro ingurukoa, 60 gradu eta II-III zailtasunaren barruan dago. Bigarren hormatxoa, 15-20 metro dituena, bietatik teknikoena da, eta, 65-70 gradu eta III+ zailtasunera iristen bada ere, piolet eta kranpoiak lurrean sendo sartzeko aukera ematen du. Aukeran, nahiz eta babeserako aukera gutxi dituen, hormatxo hau soka luze batean eskalatu daiteke, orratzean dagoen bilgunean bilgunea muntatuz.

Mendizale Irauleko orratzaren kanalean
Mendizale bat Irauleko orratzaren kanalean, zatirik estuenetako batean. XABIER MUJIKA


Orratzaren ondoan, horren eskuinetik (igoeraren noranzkoan) diagonalean doan kanal mehartua eskalatuko dugu. Kanal honetako zailtasunik handiena sarreran dago: elur mailaren arabera, oso erraza izan daiteke, baina baliteke zertxobait estutu behar izatea. Sarrera egitea zaila bada, kanala soka luze batean eskalatu daiteke.

Amaitzeko, kanala mehartuaren amaieran, ezkerrera (igoeraren noranzkoan) doan arrail-tximinia estua eskalatuko dugu. Tximinia horrek bi zailtasun nagusi ditu, biak III-III+ ingurukoak: lehenengoa tximinian sartu arteko lehen 3-4 metroetan, eta bigarrena handik irteteko eskalatu beharreko azken koska. Tximiniaren irteeran harrizko gurutze handi bat topatuko dugu.

Jaitsierarik ohikoena Nardasakonetik egiten dena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.