Lesaka, Bera, Etxalar, Igantzi eta Arantza herriek osatzen dituzte Bortziriak. Gure ibilaldiari hasiera emateko zerrendatutako herri horietatik azkena aukeratu dugu; handik bakarrik begizta daiteke osorik Arantzako zirkua. Makina bat ibilaldik daukate abiapuntutzat herri hori, baina esan behar da inguruko herriak ere leku aproposak direla zirkuko eta aldameneko mendietara abiatzeko, bai Ituren, Zubieta, Doneztebe eta Elgorriaga herriak eta Aurtitz auzoa, denak ere Ezkurra ibaiaren urek bustiak, bai Sunbilla, Bidasoa ibaiaren urek zeharkatzen dutena, eta, azkenik, baita Goizueta ere, Urumea ibaiaren ondoan dagoena.
Arantzako kale tartean dagoen aldapa pikoa igotzen hasi, eta, kanposantua eskuinera utzi ondoren, pista zabalari jarraituko diogu Osinaldeko bordaraino. Bidegurutzera iristean, Azkilarrea auzora doan bidea utzi, eta ezkerretik ateratzen dena hartuko dugu. Meakako lepora ailegatzean, eskuinetik igotzen jarraituko dugu, hasieran bizkarretik eta gero mendi magaletik, pista batekin bat egin arte. Handik igoko gara Azkiko lepo zabal eta belartsura. Mairubaratzetarantz zuzenduko ditugu urratsak, desiratu daitekeen alfonbrarik ederrenaz gozatuz oinpean. Ailegatzean, Mendiederrera doan xenda eskuinean utzi, eta haren magala zeharkatzen duen bidezidorrari jarraituz Mendaurrerantz joko dugu.
Berehala, Bustizko lepoan dagoen zutarriaren ondora iritsi eta Mendaurrera igotzeko azken maldari aurre egingo diogu. Berrehun metroko desnibela du malda eder horrek, gogorra da, baina, sigi-sagan, laster batean eramango gaitu tontorreraino. Heldu baino lehen, harrizko bloke erraldoiak saihestuko ditugu, eta, azkenik, gizakiak landuriko eskailerek gure azken ahalegina betetzen lagunduko digute. Tontorrean, Hirutasunaren ermita dago. Ermita hori 1692. urteko abuztuaren 2an jaso zuten, eta hartan badago esaera bat honela dioena: “Ixilik Jainkoaren itza nire etxea otoitz etxera”. Baseliza dagoen lekutik, Bortzirien eta Malerrekaren ikuspegia zoragarria da zinez.
Bustizko lepora jaitsiko gara berriz. Lepoz lepo eta zailtasun handirik gabe, hegal belartsuari jarraikiz, Ekaitzaren magalera heldu eta aldapa pikoari aurre egingo diogu tontorrera heltzeko. Ekaitza begiratoki aparta da, balkoi ezin hobea zirku osoari begiztatzeko: Oianberri, Apaola, Mendieder eta Mendaur batetik, Komizko gaina, Loitzate, Beltzuntza, Izu eta Unanua mendiak bestetik. Hegaletik jaitsi, Ekaitzako ataka igaro, eta Goizuetako, Arantzako eta Zubietako lurrek bat egiten duten puntura helduko gara. Artikutzako lur eremuetan murgilduko gara segidan. Pistatik jarraituz Gerasuko ataka igaro, maldan behera Iginiko bordaren ondotik pasatu, eta Ollargarata inguruan dauden bordetara iritsiko gara.
Atseden hartu ostean, maldan gora abiatuko gara; Izura doan bidea eskuinera utzita eta pagadian pilatutako orbela zapalduz, Amekorrungo lepora iritsiko gara. Behean, Artikutzako urtegia baso eder eta trinkoez inguraturik. Hesia gainditu, eta Igantzi eta Lesaka aldera doan bidea hartuko dugu. Pista batek azkar utziko gaitu Itsaszelaietako lepoan. Parez pare Unanuako tontorra izango dugu, eta hara igotzeko aldapa motz baina pikoa. Unanuako tontor zabaletik ederki ikusiko dugu beteko dugun bidea, eta baita zirku itxura ematen dioten mendi guztiak ilaran, harresi moduko bat osatuz.
Pistak utzi, eta gandor belartsuan marrazten den xendari jarraituz, berehala hasiko gara beherantz. Hasieran, bidea zabala da, baina, ondoren, belardiak eta garo lekuak zeharkatzen dituen bidezidor estu bihurtzen da. Eguzkialdea auzora heltzean, erreka pasatu, eta Arantzara igotzeko galtzadan zehar abiatuko gara. Izan ere, zenbait galtzada eraiki ziren Arantzako Aientsa, Bordalarrea, Eguzkialdea eta Azkilarrea auzoetako baserriak herrigunearekin lotzeko.