Mendi ibilaldia

Arantzetako hilarriak

Arantzetako hilarriak.
Arantzetako hilarriak.
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Lapurdi
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Ainhoa, Arantzetako kapera, Hilarriak eta kalbarioa, Artzaingo lepoa, Hirugurutzetako lepoa, Soporro, Errebi
  • Distantzia: 9,1 km
  • Iraupena: 2 ordu eta 40 minutu
  • Estekak: wikiloc
mikel arrizabalaga
2023ko ekainaren 20a
00:00
Nafarroarekin muga egiten du Ainhoa udalerriak, eta haren lehen aipamenak XIII. mendekoak dira. Erdi Aroan Nafarroak Donejakue bideko erromesentzat sortutako bastida zen, eta herritarrak Baztango jaunaren menpe zeuden. Herriaren kokagunea dela-eta, kontrabando-gune izan da historikoki. Udalerriko ekonomia jarduera nagusiak abeltzaintza eta nekazaritza badira ere, azken urte hauetan turismoa asko garatu da. Han aurkituko dugun elizaren zatirik zaharrena XIV. mendekoa da.

Herriko elizaren aurrean ekialderantz ateratzen den bidea hartuko dugu, eta, bidegurutzean, GR-10aren bide seinaleei jarraituko diegu segidan. Hasieran asfaltatuta dagoen eta ondoren pista bihurtzen den bidetik joan, bigarren bihurgunera heldu, eta eskuinetik joko dugu, bidezidorra bilatuta. Aldapa pikoari aurre egin, eta berehala helduko gara Arantzetako Ama Birjinaren kaperara. Ikusiko dugunez, zuhaizti batean babesturik dago. Handik gertu, hiru gurutze erraldoi daude, hilarriz inguraturik.

Arantzetako Ama Birjinaren kaperaren istorioa irakurri ahal izango dugu han dagoen testu batean: «Iturri miragarri baten ondoan artzain bati agertu zitzaion Ama Birjinari eskainia zaio kapera hau. Ez dakigu noiz gertatu zen agertze hori, baina erraten ahal dugu Oñatiko (Gipuzkoa) Arantzazuko Ama Birjinaren agertzearekin berdintasun aunitz badituela. Aspalditik, ainhoarrak eta inguruko herrietako biztanleak kaperarat igaten dira prozesioan, Mendekosteko astelehenean, meza nagusia entzuteko. Mendian den kapera ttipitik Arantzeko kaperaraino, 1886an egin 14 gurutzeko bide bat bada. Bide honen ondoan, harpetxo batean, Ama Birjinaren itxurarekin batean, iturriño bat agertzen da. 1898an San Mattin Etxartek eraikiarazi zuen kalbario bat kaperaren aurreko ordoki ttipian; geroxeago, 1900ean, Ama Birjinaren itxura bat emana izan zen, kaperaren aurreko kaperatxoan, eta berrikitan (2001) hilarriak (gizonarriak) ezarriak izan dira kalbarioaren inguruan».

Errebi eta Soporro

Kapera atzean utzi, eta Errebi mendiaren magalean hedatzen den GR-10aren bide seinale zuri-gorriek erakusten diguten norabidean abiatuko gara. Mendia inguratuko dugu, Artzaingo lepora iristeko. Aurrera segi, eta, Hirugurutzetako lepora ailegatzean, aurrez aurre dugun tontorrera, Soporrora, doan bidea hartuko dugu, garo artean aurrera eginez. Belarrezko gandorretik segi eta berehala, malda motz baina gogor bati ekin beharko diogu tontorrera heltzeko. Ez dugu aurkituko gailurrean gaudela adierazten duen seinalerik, eta hori, neurri batean, ez dago batere gaizki. Hobe da hori, Euskal Herriko zenbait mendi gailur desitxuratzen dituzten oroigarrien feria ikustea baino (estelak, gurutzeak, plakak, monumentuak...). Nahikoa eta sobran genuke mendiaren izena eta altuera jartzen duen gutunontzi txiki batekin (edo batez). Parez pare, gotorleku garaiezin baten itxura duen Mondarrain mendia, ederra, erakargarria. Beste ordu pare bat edukiz gero, merezi du hara igotzea, baina guk beste baterako utziko dugu.

Inguruaz gozatu ondoren, abiapuntura itzultzea falta izango zaigu. Horretarako, Hirugurutzetako lepora itzuliko gara. Ezkerretik jo, eta gandor belartsuari jarraitu besterik ez dugu izango, Errebiko tontorrean gaudela adierazten duen harri baten ondora heltzeko. Lapurdiko ikuspegi zabal eta ederra eskaintzen du mendi horrek. Aldapa pikoan zehar jaitsiz joango gara, kaperaren ondora heldu arte. Haren ondotik marrazten den pistan barrena, abiapuntura jaitsiko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.