Mendi ibilaldia

Arburuko ingurubira

Sabando herrian abiapuntua hartuta, ingurubira ederra osatuko dugu Arburu mendiguneko hariztiak gogaide.

Arburu mendia
Arburu mendiaren ekialdeko malkarra lainopean. JOSEAN GIL-GARCIA
Arabako ibilbidea. Arburu
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Sabando, Mendibiribila, Arburu
  • Distantzia: 10,5 km (400 m+)
  • Iraupena: 3 ordu
  • Ingurunea: Arabako Mendialdea
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2025eko abenduaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sabando herria Arraia-Maeztu udalerriko herri xumea da. Maeztutik nahiz Santikurutze Kanpezutik hurreratzeko aukera dago. Errepide bihurgunetsuari segika, bizkor iritsiko gara Arburuko harkaitzen babesean dagoen bazter ederrera. Eliza modernoaren ondoan utziko dugu autoa. Plazatxoan hasita, beraz, kalean behera egin eta behealdeko auzora joko dugu zuzen-zuzen. Sabando errekastoaren gainetik igaro ostean, eskuinera egingo dugu. Hala, kale Nagusitik jarraitu eta, eskuinera okertzen duen unean, asfaltoa utzi eta nekazari bidean aurrera egingo dugu. Aldaiako mazela janzten duten harkaitz zurrunak bezain ederrak izango ditugu gain-gainean. Sabando herritik urruntzen ari garela, ibar xumea inguratzen duten baso trinkoen gaineko ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izango dugu. Maldan gora hasiko gara ziztuan eta, bideak ezkerrera egiten duenean, basabide horri men egin eta zehar-zehar jarraituko dugu.

Alanbre batera helduko gara berehala. Hesia igarota basoarekin topo egingo dugu laster. Pago, hurritz eta ezpel arrunten itzal luzean miresten, urratsez urrats jarraituko dugu behialako harbidea gogaide. Marka zuri-horiak ikusiko ditugu zuhaitzetan zein berariaz jarritako zutoinetan. Basabide nagusiak ezkerrera jotzen duela, eskuinetik irteten den harbideari men egingo diogu. Maeztura doan bide zaharra da. Harbidea kareharri labainkorrez jantziko da orduan. Sabandoko lepo edo atakara iritsiko gara trosta arin batean, hots, pagoek jantzarazitako tunel ilunetik irten eta berehala. Bide seinaleek Maeztu aldera egingo dutela ikusirik, jaisten hasi gabe, ordea, ezkerrera joko dugu lepo xumean, eta Sabandora begira dagoen harkaitz multzoaren gainetik baratx-baratx jarraituko dugu. Hatsa luzatuta, basoaren eskutik jarraituko dugu. Hasieran sigi-saga bideratuko gaitu xenda apetatsuak, basoaren hostoen xuxurlaren musika bidelagun. Basoa tanpez trinkotuko zaigu. Zidorrean aurrera egin ahala, gainera, pago lirainez gozatzeko parada izango dugu. Enbor zimurtsu eta berdexkak bezain irristakorrak atzemango ditugu basoaren bihotzean, zer esanik ez euriak pitinka-pitinka bazterrok umeltzen dituenean.

Ezpelen artean ibiliko gara zidorrei jaramon eginik. Xendra sugetzen ibiliko da orduan, desnibela sentituko ez dugun arren. Baso trinkoko zuhaitz lerdenak besalagun, soilgune batean pausu hartuko dugu. Mendilerroko bazter horretatik aukera izango dugu hegaztien moldean Sabando herrigunea goitik ikusteko. Baita haren atzean Ibisate eta Erroitegi herriak lotzen dituen ibarraz bapo gozatzeko parada ederra ere. Zapaltzen ari garen gandorra ez da inola ere ahuntzaren gauerdiko eztula. Bazterrok estonagarriak bezain arriskutsuak dira-eta. Izan ere, gainaldea tapizatzen duten harkaitzek zizelkatu dituzten formak ederrak izanagatik ere, arrakalak, haitzuloak eta bat-bateko amildegiak korapilatuko dira han. Ibilera zazpi begiz zaindu beharra dago, beraz. Azkenik, paisaian marrazturiko argi-ilunak lagun, Arburu tontorrera iritsi aurreko talaia batera helduko gara. Mendibiribila dela dio Arraia-Maeztuko mapa toponimikoak. Labarretik hurren jarritako harri pilaketa batek izen bera dakar.

Gandor karstikoaren gainetik jarraituko dugu. Erkametzak eta pago sendoak gogaide, ataka xume batera jaitsiko gara. Lepoko harkaiztegia inguratu eta goratasuna berriz hartu ondoren, Arburuko tontorrera helduko gara. Erpin geodesikoa eta postontziak zain izango ditugu gailurrean.

Arburuko erkameztian zehar

Postontzitik metro batzuk aldendu ostean, eskuinera hartu eta zoru karstikoan barrena jarraituko dugu goratasuna galtzen. Lainoak eta euriak bazterrak janzten dituztenean ez da ibilera erosoa; izan ere, harriz harri saltoka ibili behar izango dugu begirada zolitua galdu gabe. Lurzoruko arrakalak txikiak izanda ere, nonahi ageriko zaizkigu. Labirintotik irtendakoan, bat egingo dugu Arburuko mazela alderik alde zeharkatzen duen xendarekin. Orduan, eskuinera egin eta bide nagusiari segika, goxo-goxo hegaldatuko gara pagadiaren orbelen gainean. Desbideratzerik hartu gabe, Arburuko mendigunea zeharkatzen hasiko gara, mendebaldetik ekialderantz. Paisaiaz minutu batzuk gozatu ondoren, edanleku handi batzuk altxatzen diren lekura iritsiko gara. Orduan, eskuinera egingo du eta ekialderantz abiatuko gara.

Erkametz dotoreak ikusiko ditugu basabidearen alde bietan. Leun eta bigun jarraituko dugu erkameztian barrena, harik eta lau bidek bat egiten duten gunera iritsi arte. Ezkerretik batuko zaigu PR zidorra. Eskuinetik gora hasiko gara orduan eta berehala bidebanatze batera helduko. Eskuinetik goratasuna hartzen jarraituko dugu. Trauskil landua bada ere, harbidea azaleratuko da berriz. Behialako galtzada lagun, Sabandoko lepora iritsiko gara berriz. Igoeran egindako bidearekin bat eginda, mendatean behera egin eta Sabando herrian amaiera emango diogu Arburuko ingurubirari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.