Mendi ibilaldia

Artikutzako basoak

Artikutza inguratzen duten mendien magaletatik esekitzen diren baso trinko eta sakonetan, iraganaren lekuko isilak ezkutatzen dira: burdinbide zaharren arrastoak, meatze guneak, pagadi zaharrak...

Artikutzako basoen ikuspegi zabala
Artikutzako basoen ikuspegi zabala. MIKEL ARRIZABALAGA
Gipuzkoako ibilbidea. Artikutza
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Exkax, Behatokia, Geltokia, Oronoz-Zubieta, Otaran, Urdallue, Artikutza, Erroiarri
  • Distantzia: 20,2 km (765 m+)
  • Iraupena: 5 ordu eta 15 minutu
  • Ingurunea: Artikutza
  • Estekak: Artikutzako basoak
mikel arrizabalaga
2025eko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egun ingurune babestua bada ere, Artikutzako lurrak hainbat bizimoduren lekuko izan dira historian zehar, eta bertako baliabide naturalak modu ugaritan ustiatu izan dira. Europan gertatu ziren aurrerapen teknologikoen ondorioz, burdinolak baztertu egin ziren, erabat ahazteraino. Horiek izan ziren garairik zailenak. Orduko joera sozioekonomikoen babesean, indartu eta areagotu egin ziren egur ikatzaren ekoizpena eta meategien ustiapena —burdina, batik bat—. Horrela, 1898an, bide estuko trenbidea egin zuten ustiapen horiek errazteko. 1903tik 1908ra, Artikutzako Oihandar eta Ustiapenerako Konpainiak eratu ziren. Burdinbidearen bihotza Elamako (Nafarroa) meategi gunea zen. Neurririk gabeko ustiapen haien ondorioz, basoa murriztu egin zen berehala, 1919an Donostiako Udalak finka erosi eta lehengoratze lanak hasi zituen arte.

Ibilaldiaren zati honetan, burdinbide horren zati handi bat egingo dugu. Exkaxetik abiatu eta 400 bat metro errepidean zehar egin ostean, ezkerrean Artikutzako auzora jaisten den bidea utzi, eta, metro batzuk aurrerago, pagadi ederrean marrazten den burdinbide zaharraren xenda hartuko dugu. Erroiarriko behatoki naturalaren ingurura helduko gara laster, eta bertatik finka osoaren ikuspegi zabalaz gozatu ahal izango dugu. Pagadia baso mota nagusia izan arren, tarteka beste baso mota batzuk zeharkatzen jarraituko dugu. Bidegurutzera iristean, bide balizatua utzi eta eskuinaldera joko dugu, egurrezko seinaleak erakusten duen lekutik. 150 bat metro egingo ditugu burdinbide zaharraren plano inklinatuan dagoen geltokiaren aztarnak ikusi ahal izateko.

Bidegurutzera itzuli, eta maldan behera abiatuko gara. Laster, gure eskuinean xenda bat ikusiko dugu, eta, bide balizatua utzita, hortik egingo dugu aurrera. Plano inklinatua egin aurretik, idiekin minerala goiko geltokira garraiatzeko erabiltzen zuten bide hori beteko dugu. Plano inklinatua bitan zeharkatu, eta maldan behera Oronoz-Zubieta ingurura jaitsiko gara. Puntu horretan, Elamara doan bidea utzi, eta pista zabaletik Artikutzako auzorantz joko dugu.

Auzoan sartu aurretik, frontoiaren ondotik doan bidea hartuko dugu, eta ezkerretik ateratzen den pistatik Enobietako urtegirantz joango gara. Aurrera jarraitu eta bihurgune nabarmen batera heltzean, langa igaro eta eskuinera joko dugu errekaren ondoan dagoen zubitxora iristeko. Hura pasatu eta ezkerrera hartu behar da, eta errekaren ondotik metro batzuk bete. Bide zaharra Otarango pagadian murgiltzen da sigi-sagan altuera hartuz.

Enbor luzeko pago gazte askok osaturiko pagadi ikusgarri bezain eder horretan murgildurik, orbelak lurra erabat estaltzen du, eta tarteka bidea ikusgaitza da. Pagaditik ateratzean, Goizarindik Beltzuntzera doan pista batekin egingo dugu topo. Metro gutxi batzuk aurrerago, berriz, ezkerrera hartu eta Urdallueko pagadian barneratzen den beste xenda bati jarraituko diogu. Pagadia zeharkatzen duen bidezidorra segituz, laster sakanaren hondora iritsiko gara. Enborrez eratutako zubitxo bat zeharkatuko dugu beste aldera pasatzeko. Urdallueko burdinolarekin eta baserri multzo zaharraren aztarnekin aurrez aurre egingo dugu topo. Denboraren poderioz, natura pixkanaka eraikin horiek guztiak estaliz joan da, eta gaur egun zail samarra gertatzen da eraikin horien egitura osoa nabarmentzea.

Baserri multzoa utzi, eta sakanaren ezkerraldeko mendialdetik doan bide zabala hartuko dugu. Berehala, Lapurzulo esaten zaion meatze ingurura iritsiko gara, eta, aurrerago, garai batean Ollagarate errekatik Lizarurdiñetako deposituraino ura garraiatzen zuen ubide bat aurkituko dugu, hark herritik gertu zegoen zentral bat elikatzen baitzuen. Bidea ubidearen ondotik doa, depositura iritsi arte. Segidan, Lizarurdiñetatik jaisten den pista hartuko dugu, eta seinale zuri eta horiei jarraituz urtegia inguratzen duen pistara helduko gara. Handik, urtegiaren hormaren ondotik pasatzen den zidorretik herrira jaitsiko gara, egurrezko hesolak erakusten duen norabidean.

Auzoko etxe eta parajeak bisitatu ostean, porlanezko bide malkartsutik aterpetxea dagoen lekuraino igoko gara. Ataka metalikoa gainditu, eta urtegia inguratzen duen pista utziko dugu, gure ezkerrean geratzen den bidea hartzeko. Xenda estuak Legarzurietara eramango gaitu, eta Ameriketako haritzez osatutako birpopulazio bat zeharkatuko dugu. Altuera hartzen dugun heinean, Elizmendiko parajeetan, ekosistema aldaketa nabarmenaz ohartuko gara, haritz, gorosti eta hagin ale bikainek osatutako basoak dira nagusi. Bidea leuntzen hasi orduko, pagadiaren presentzia berriro nagusituko da, eta ibilaldiaren bukaeraraino lagun izango dugu.

Bide erosoak Erroiarriko ur jauziaren gainaldera eramango gaitu. Exkaxpeko errekara iristean, isiltasuna nagusi da goroldioz jantzitako pago zaharren erreinuan. Igoera piko batean gora eginda, egurrezko panel informatibo baten ondora iritsiko gara. Handik, pagadian zabaltzen den bide zabalari jarraituz, auzora jaisten den errepidera aterako gara, informazio panela eta egurrezko seinaleak dauden lekura. Exkaxeko atezaindegia gertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.