Mendi ibilaldia

Berastegiko harana inguratuz

Ipuliño, Larre, Urdelar, Lagarte eta Uli mendiek inguratzen dute Berastegiko harana, eta Gipuzkoan dagoen ikuspegi ederrenetako bat osatzen du. Gailur horietako batzuk lotuko ditugu, herriaren eguteran eta ospelean ibilian.

Berastegi herria
Berastegi herriaren ikuspegia, egutera aldetik. MIKEL ARRIZABALAGA
Gipuzkoako ibilbidea. Berastegiko harana inguratuz
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Berastegi, San Sebastian baseliza, Ipuliño, Gorosmendi, Larre, Aiztunalde auzoa, Lagarte, Uliko aterpea, Izotzalde auzoa, Toursko San Martin eliza, Berastegi
  • Distantzia: 27,2 km (1.283 m+)
  • Iraupena: 7 ordu eta 30 minutu
  • Ingurunea: Tolosaldea
  • Estekak: Berastegiko harana inguratuz
mikel arrizabalaga
2025eko irailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroarekin muga egiten du Berastegik (Gipuzkoa), eta lurralde menditsua eta ibai txiki askoren sorlekua da. Herri zaharra da oso. Haren lehen aipamena XI. mendekoa da: 1027an, Nafarroako errege Antso Handiak Iruñeko apezpikutzari emandako mugei buruzko idazki batean ageri da Berastegiko Harana. Dena dela, bertan gizakia askoz lehenagotik bizi izan dela uste da. Aspaldian tokia Aberastegi deitua izan bide zen; ez zelako ur, egur nahiz janaririk falta.

Berastegiko eskolaren ondoan dagoen aparkalekutik abiatuko gara. PR-Gi 111 ibilbidearen seinale zuri eta horiei segituz, Zuikin baserriaren ondora iritsiko gara. Behin aldapa amaituta, Uli aldera zuzentzen den bide balizatua utzi egingo dugu ezkerretik, San Sebastian baseliza aldera doana aukeratuz. Errepidea gurutzatu ostean, aurrez aurre ikusiko dugun bidea hartuko dugu. San Anton baselizaren goiko aldetik segi, autobidearen azpitik pasa eta malda motz eta piko batek pista zabalera eramango gaitu.

Gorosmendiko leporantz doan bideari bizkarra eman, eta pista zabalari segituko diogu, ezkerraldetik ateratzen den porlanezko pista batekin topo egin arte. Ipuliñoko txaletak izenez ezaguna den urbanizazio txiki honetan amaitzen da porlana, eta, aurrera jarraituz, lurrezkoa bilatuko dugu. Lehen bidegurutzean, ezkerretik ateratzen den bidea hartu, eta maldan gora abiatuko gara Ipuliño tontorreraino. Gurutze txiki bat, buzoia eta inguruko ikuspegiaz gozatzeko begiratoki aproposa.

Mendiaren gandorretik ipar-mendebalderantz jaisten hasiko gara. Pagadian zehar altuera azkar galdu, eta aurrera segituko dugu, aurrez aurre ikusiko dugun Larreko tontor aldera. Lehendabizi Gorosmendiko lepora jaitsiko gara, eta pista zabaletik igotzen hasi orduko, eskuin aldetik pinudian sartzen den zidorra hartu eta malda gogorra igoko dugu San Lorenzo baselizaren ondora iristeko. Baselizari bizkarra eman eta gertu dagoen tontorrera abiatuko gara, buzoiaren funtzioa betetzen duen espaziontziaren ondora, hain zuzen ere.

Lagartera, Karobien bidetik

Tontorretik bertatik ateratzen den harrizko pista zabaletik hasiko gara jaisten, baina bide erdian eskuin aldera joko dugu, Eguzkialde auzorantz. Jaitsiera azkarra da, eta pista zabal bat gurutzatu ondoren, sigi-sagan Goiko Bordara jaitsiko gara. Herrirantz jaisten segitu eta berehala, eskuin aldera zabaltzen da zuriz eta berdez balizatutako Karobien bidetik, eta handik jarraituko dugu Aiztunalde auzora heldu arte.

Baserri artean, ezkerretik ateratzen den bidea hartuko dugu. Basoak atzean utzi, langa pare bat igaro eta Lagartetik Ulirantz doan mendilerroa parean azalduko zaigu. Alanbrezko hesia pasatu ondoren, xenda batek Lagarte tontorrerainoko bidea erakutsiko digu. Erpin geodesikoa, burdinazko gurutzea eta Mendia ere euskaraz bizi leloa duen Argitxoren irudia haitzetan txertaturik ikusiko dugu.

Etorri garen bidetik atzerantz egingo dugu. Lepora jaitsi eta aldapa txiki bat igo ostean, batere seinalerik ez duen beste muino batera igoko gara. Ataka igaro eta altuerarik galdu gabe Ulirantz doan mendilerroari jarraituko diogu. Zenbait tartetan bidea pagadian, haitzen artean sartzen da eta erne ibili behar da, bidezidorra oso erraz gal dezakegu eta. Gaztelu eta Arburuko harkaitzen artean zabaltzen den bidezidorrari jarraituko diogu garo artean. Munoandi, Intxusburu eta Aldamuñoko gainen artean marrazten den pista zabalari segituz, berehala iritsiko gara Uliko atsedenlekura. Hortxe bertan aurrez aurre dugun bideari helduko diogu. Izeidian murgildu, eta azkar iritsiko gara Zelaitxikiko lepora.

Berastegira itzultzeko, Ulirantz doan bidea utzi, eta PR-GI 111ari dagozkion bide seinale zuri eta horiei jarraituko diegu. Larremotxeko magalean zehar hedatzen den bide horretatik beherantz egingo dugu. Lizartoki muinoa inguratzen duen bidetik Juangonoko bordaren ondora jaitsiko gara. Herrira itzuli aurretik, errekaren bazterrean dagoen Arrate errota zegoen aldera jaitsiko gara. Berastegiko auzoek osatzen duten postal ederraz gozatuz iritsiko gara errotaren aurrien ondora. Azken urteetan, Burdina taldeko kideek errota berreskuratzeko lanak egin izan dituzte, hainbat tresna eta pieza sasi eta lur azpitik atera ondoren garbituz. Gertu ikusiko dugu San Martin Tourskoaren eliza, eta harantz joko dugu segidan. Eliza hau XVI-XVII. mendean berreraikia izan zen, eta aurrealde erromanikoa du. Haren ondoan Jauregi dorretxea dago: oinplano angeluzuzena eta bi isurkiko teilatua ditu eta monumentu izendatua da. Eliza atzean utzi, eta errepidetik abiapuntura itzuliko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.