Soslai leuneko paisaiak aurkituko ditugu, gehienak zuhatzik gabeak, belar berdez apainduak, eta, han eta hemen, etxaldeak eta baserriak mendi magaletan. Muino horien goiko aldean gabiltzanean, nahiz eta txikitxoak diren, ikusmira zabal-zabalak izango ditugu, bai iparraldera hedatzen diren landetan, Donapaleu aldera, bai Garazi hegoaldean Pirinioetan altxatzen diren gailurren aldera.
Halako paisaia ederrez gozatzeko, Donibane Garazi eta Donapaleu arteko errepidetik joango gara. Larzabale pasatu eta gero, aurreraxeago, Izurara joateko seinaleei segituko diegu. Herri txiki horretatik gora, Ipharlatzeko lepora iritsiko gara, Landibarreko ibar ezkutura jaitsi, eta Behaune auzoraino jarraituko dugu.
Mendi magaletan gora
Behauneko eliza inguruan ekingo diogu ibilbideari, bizkarra emanez tenplu ondoko hilerriaren fatxadari. Muinoen beheko aldera doan kalean aurrera egingo dugu, etxe eta biltegi batzuk ditugula bi aldeetan. Azken etxeraino iristean, pareko ukuiluaren ondoan, goranzko bide harritsu bati segituko diogu. Bidexka horretatik pixka batean igo, bi haritz ilara pasatu, eta bat egingo dugu auzo bide batekin. Handik segituko dugu, ezkerretara jota, eta etxe baten aurretik igaroko gara; bidea bitan banatu, eta ezkerretara egingo dugu berriro.
Tarte lau batean ibiliko gara pixka batean, Landibarreko zelaiak begien bistan ditugula behealdean. Gero, aldapa bat igo, eta biltegi handi batera iritsiko gara. Han, alde batera utziko ditugu ezkerretara doazen bi bideak, eta gora segituko dugu etxalde bateko atera doan kamiotik. Ukuiluen eta etxearen artetik pasatuko gara, eta etxaldearen atzeko harrizko bidexkara iritsiko gara.
Bidexka horretatik metro gutxi batzuk igo, eta eskuineko xendra belartsutik sartuko gara. Ezkerreko larreen ertzetik tartetxo lau batean segitu, ataka bat gurutzatu, eta aurrera egingo dugu ehun bat metro, bidea bitan banatu arte. Ezkerretara, goiko aldean, Artxilako kaskoa ikusiko dugu; beraz, bidearen ezkerreko adarretik joan, itxitura aldetik segitu, eta lehenbiziko atakaraino igoko gara. Hura gurutzatu, eskuinetara egin, eta gehienbat zuhaixkak dituen eremu batean aurrera joko dugu, eskuinean itxitura daukagula.
Bidezidorretik aska batzuetaraino iritsiko gara; haien atzean, ezkerretara makurtzen den bidexka alde batera utzi, eta zuzen-zuzen joko dugu muinoaren mazelara. Bidexka paralelo batzuk daude, noiz batuak, noiz banatuak, lurrean egindako ildoak baino ez direnak. Aldapa pikoa igo, eta muino mardul horren goiko larrera iritsiko gara, eta, beraz, Artxilako kasko txikitxoan izango gara.
Muino artean paseoan
Ikuspegi ederrak izango ditugu: gertu-gertuan, mendi adarrak; han eta hemen, Pirinioetako gailurrak; beste aldean, otalur zabalak. Horiek guztiak begiztatuz jaitsiko gara Artxilako kaskotik. Garbi ikusiko dugu nora jo, aurrez aurre izango baitugu Burdintziri garaia, pixka bat ezkerretara, eta haren atzean, Mendibile, zut-zuta.
Iratzegorriko leporaino jaitsiko gara, eta, horretarako, haren aurreko muino bizkar txikitxoa inguratzen duen bidexkatik joko dugu. Lepora iristean, belarrezko bidexka zabala hartuko dugu, eta haren arrastoa lausotu egingo zaigu gora joan ahala; aldapa txiki bat igo ondoren, Burdintziri gain zabalera iritsiko gara, arazorik gabe. Nahi izanez gero, Mendibilerekin bat egiten duen tarte sabelduan ibil gaitezke, baina bestela ere paregabea da ikusmira. Nondik-nahi jotzen dugun, atzera egin eta lehengo bidetik itzuliko gara Behaunera.