Mendi ibilaldia

Erretzüko tontorrera Atharratzetik

Ibilaldi erraza da hau: Atharratze inguruko landetan hasi, eta, pendiz handiko tarte bat igaro ondotik, Erretzüko tontorrean bukatzen da.

Erretzü tontorreko ikuspegia
Montori aldeko larre eta mendiak, Erretzü tontorretik ikusita. GORKA LOPEZ
Iparraldeko ibilbidea. Erretzu
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Zuberoa
  • Tontor eta leku izenak: Atharratze, Erretzü
  • Distantzia: 7,7 km (470 m+)
  • Iraupena: 2 ordu eta 20 minutu
  • Ingurunea: Atharratze
  • Estekak: ERRETZÜ
2025eko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erretzüko tontorra elkarren segidako gain txiki-txiki batzuen artean dago; azken finean, Atharratze inguruko landetan harro antzean altxatzen diren muino soiletako bat da. Halere, Erretzü leku idiliko batean dago, eta, hain zuzen horregatik, badu nolabaiteko interesa ikuspegiari dagokionez. Izan ere, handik ezin ederrago ikusten da Zuberoako eta Biarnoko mendiek bat egiten duten ingurua, eta, gainera, Pirinioetako mendi adarrak ere begiztatu daitezke, baita horiek iparralderago dagoen landazabaleraino egiten duten trantsizioa ere. Bidea luzatu nahi izanez gero, aukera dago Maidalenara eta hango ermitara joan eta gero Atharratzera jaisteko.

Atharratzeko karriketatik hasita

Atharratzeko plazatik abiatuko da ibiltaria, eta botika dagoen izkinatik goiti doan karrika hartuko du, Frontoiko karrika. Karrika hori bertze batekin gurutzatzen den lekuan aitzinera segitu, eta zuzen eginen du, Zuberoako xendren kartelei jarraikiz, Erretzürantz. Frontoiaren ondotik pasatuko da, hura eskuinaldean utzita; ondotik, erreka gurutzatuko du zubi batean barna, eta Exkandako auzo bidetik segitu. Bidean apenas izaten den trafikorik, eta, beraz, lasai ibiliko da bisitaria, toki zelaietan barrena oro har, soro eta arboladien artean.

Kirol pabiloi bat eskuinaldean utzi eta gero, bidea estutu eginen da, eta ibiltaria etxe pare baten ondotik igaroko da. Aitzinaxeago, bidebanatze bat aurkituko du: ezkerreko bidea alde batera utzi, eta 30 bat metro eginen du aitzinera. Orduan, ezkerreko xendra hartuko du, Erretzü-Maidalena dioen seinaleari segika. Harbide zabalean barna egin beharko du goiti gero, gaztainondoen, haritzen, hurritzen eta lizarren itzalpean.

Zenbait bira egin ondotik bata bertzearen segidan, basotik atera, eta Erretzü parean agertuko da ibiltaria. Bertze arboladi txiki bat gurutzatu, eta iratzez betetako zelai zabal batera aterako da: aurrerantzean aire zabalean eginen du bidea. Aitzinera eginen du landare tartean zabaltzen den bidean, mendixkaren oinerantz; hala, alde batera utziko du eskuineko xendra, eta malda txiki bat igo beharko du. Bitarte horretan, bistak agertzen hasiko zaizkio hurbileneko ortzi mugan, Beguze eta Hargibele aldera, hau da, Montori inguruko tontorren aldera, eta, bi horien gibelean, Pirinioetako ardatz nagusia ikusiko du.

Bukatzeko, sekulako malda

Ibiltaria bidegurutze batera ailegatuko da, justu Erretzüren azpian dela. Ezkerrerantz zabaltzen den xendrari izkin egin, lau metro aitzinatu, eta ezkerreko bigarren bidea hartuko du, mendi magalean goiti egiten duena: lurrezko bidexka bat da, iratzez inguratua, eta mendixkaren tontorreraino doa. Hala, luzamendutan ibili gabe, pendiz handiko tarte bati ekin beharko dio ibiltariak, kilometro eskasean 300 metro eginen baitu goiti. Hortaz, izerditu ere eginen da.

Ibiltariak goiti eginen du lurrezko eta harrizko mailak igaro ahala, eta Zuberoako mendien bista zoragarriez gozatu ahal izanen du. Irtengune harritsu samar bat pasatuko du, biribilduxea. Ehun bat metro gorago, bertze bat aurkituko du. Gero, azken-azken maldari ekinen dio, zenbait elorri zuri eta gorostiren ondotik pasatu, eta tontorreko harkaitza ikusiko du, baita pibote hori bat ere, Erretzüko tontorrera ailegatu den erakusgarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.