Geoffray eta Santamaria, garaipena eta errekorra Gorbeia Suzien proban

Emakumezkoetan, frantziarrak jaitsieran hartu die aurre lehiakideei. Gizonezkoetan, Ezcarayko (Errioxa, Espainia) korrikalariak ondo eutsi dio gurutzera iristeko azken maldetan lortutako aldeari. Onditz Iturbe eta Markel Urigoitia izan dira lehen euskaldunak.

Ramon Olasagasti.
2023ko irailaren 23a
14:55
Entzun

Azkarra, oso azkarra izan da aurtengo Gorbeia Suzien. Aurreko egunetako euriak ibilbidea zertxobait lokaztu arren, hegan egin dute korrikalariek Gorbeialdeko zidor, bide eta malkarretan, eta bi garaileek, Clementine Geoffray frantziarrak eta Alain Santamaria ezcaraytarrak (Errioxa, Espainia), hobetu egin dituzte orain arteko markak: Geoffrayk hiru ordu, 34 minutu eta 25 segundo behar izan ditu probaren 32 kilometroak eta 2.400 metroko desnibela osatzeko. Santamariak, bi ordu, 57 minutu eta zortzi segundoan geratu du kronoa helmugan.

Iris Pessey (bigarrena), Clementine Geoffrey irabazlea eta Anastasia Rubtsova (hirugarrena), helmugan. Gorbeia Suzien

Emakumezkoen lasterketa zirraragarria izan da. Iris Pessey frantziarra, Skyrunning World Series zirkuituko liderra eta iaz bigarren izan zen Onditz Iturbe igorretarra (Bizkaia) bizi-bizi abiatu dira lasterketaren lehen txanpan. Pessey bera igaro da aurrena Gorbeia tontorreko gurutzean, Anastasia Rubtsova errusiarra minutu bat eta 28 segundora, eta Onditz Iturbe minutu bat eta 47 segundora. Gailurrean, bi minutu eta 53 segundora igaro da Clementine Geoffrey.

Jaitsieran, ordea, goitik behera aldatu da proba. Clementine Geoffray denbora jaten joan da aurrekoei, eta azken kilometro ikusgarriak eginda bera helmugaratu da aurrena Zeanuriko plazan. Iris Pessey herrikidea izan da bigarren (3,35.50) minutu bat eta 25 segundora eta Anastasia Rubtsova hirugarren (3.39.55) irabazlearekiko bost minutu eta 30 segundora. Euskaldun onena Onditz Iturbe izan da, laugarren (3.43.06).

Santamaria, bikain

Gizonezkoetan ere su bizian abiatu dira lasterkariak. Lehen kilometroetan, Frederic Tranchand frantziarrak hartu du lasterketaren burua, erritmo ikaragarri bizian, baina uneoro hurbil izan du Alain Santamariaren arnasa, eta Gorbeiako gurutzera iristerako, Santamariak aurre hartu dio Tranchandi. Frantziarra hamasei segundora igaro da gailurretik, eta Antonio Martinez espainiarra, hiru minutu eta 15 segundora.

Gizonezkoen podiuma. Gorbeia Suzien

Beheranzkoan, ezcaraytarrak jakin du aldeari eusten, eta berak hautsi du helmugako zinta eta probaren errekorra (2.57.08) Zeanuriko plazan. Antonio Martinez Alacanteko (Espainia) korrikalaria izan da bigarren (2:58.04), 56 segundora eta Frederic Tranchand frantziarra hirugarren (2.58.30) irabazlearekiko minutu bat eta 33 segundora. Lehen euskalduna Markel Urigoitia (3.08.28) izan da; otxandiarra (Bizkaia) zortzigarren izan da Santamariarekiko 11 minutu eta 20 segundora.

Proba laburrean, 21K lasterketan, Andoni Uzkiano eta Aroa Calvo izan dira irabazleak.

Sailkapen guztiak kronoak.com webgunean.

SAILKAPENAK

SKYRACE
EMAKUMEZKOAK

1. CLÉMENTINE GEOFFRAY 3:34:24
2. IRIS PESSEY 3:35:49
3.ANASTASIA RUBTSOVA 3:39:54

GIZONEZKOAK
1.ALAIN SANTAMARIA 2:57:08
2.ANTONIO MARTÍNEZ 2:58:04
3. FRÉDÉRIC TRANCHAND 2:58:30

21K
EMAKUMEZKOAK

1. AROA CALVO 2:32:35
2. LEIRE URIBE 2:43:11
3. UXUE ZORRILLA 2:45:13

GIZONEZKOAK
1. ANDONI UZKIANO 2:10:46
2. BEN MOUNSEY 2:11:23
3. ENEKO GONZÁLEZ 2:14:49

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.