Mendi ibilaldia

Granado sakana

Granado sakaneko atarian izen bereko baseliza erromanikoa dago; desagertutako herri baten tenplu nagusia izan zen behiala. Haren atzetik ibiliko gara, Faidu herrian abioa hartuta.

Granado sakaneko meategiko formazio bitxiak. JOSEAN GIL-GARCIA
Granado sakaneko meategiko formazio bitxiak. JOSEAN GIL-GARCIA
Arabako ibilbidea. Granadoko sakana
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Oso erraza
  • Tontor eta leku izenak: Faidu, Haitzeko Andra Maria baseliza, Krutzia mendia, Harrobia, Granado baseliza
  • Distantzia: 6 km
  • Iraupena: 1 ordu eta 30 minutu
  • Ingurunea: Trebiñu
  • Estekak: Granado sakana
Josean Gil-Garcia.
2026ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Faidu herrian ibilian hasiko gara. Herriko plazan gaudela, elizaren atari nagusiaren aurretik igaro, eta Haitzeko Ama Birjinaren kaletik jarraituko dugu. Urizaharrera doan zidorra berehala utzita, ez bat eta ez bi, maldan gora abiatuko gara. Igoera lasaia egingo dugu Krutziako hegaletik zehar. Baselizari itsatsita dagoen haitzulo artifizialaren aurrean izango gara arin-arin. Gero, eskailera mailak igota, tenpluaren sarrera nagusiaren alboan jarriko gara. Baseliza ezagutu ezean, interesgarria izaten da bisita gidatu bat antolatzea. Hala, Goi Erdi Arotik hasita, bidaia harrigarria egin liteke denboran zehar. Ermitaren eskuinetik jarraituko dugu goratasuna hartzen. Sigi-sagaka, kanpandorrearen ondoan jarriko gara.

Eskuinera egingo dugu kanpandorrean, eta muinoaren gainalderantz abiatuko gara. Behin lepoan, bazterrak begiztatzen dituzten hegaztien inguruko informazioaz bapo janzteko aukera emango digu behatokiak. Lepotik behera egingo dugu, eta, jaitsiera xumea eginez, iparraldera joko. Laster batean, ordea, jaisteari utzi, eskuinera egin eta bizkarra korritzen den ertzera hurreratuko gara. Meategiko sakana aurrez aurre izango dugu. Eta haranaren gainean Txarratuko harkaiztegi zauritua, hots, Barandiaranek 1928an deskubritu eta 1965-1966. urteetan induskatu zuen paraje ezaguna.

Lerro gainetik jarraitu ordez, eskuinera jo eta sakanean barrena gidatuko gaitu zidorrak. Erkameztiarekin bat egindakoan, ezkerrera hartu eta zehar-zehar jarraituko dugu harrobira jaisteko asmoz. Jariatzeak eraginiko higadura dela eta, hamaika formazio bitxi ikusiko ditugu paraje zurbilean. Faidu eta Albaita herrien artean dagoen aire zabaleko meatzea funtzionamenduan egon zen orain hamarkada batzuk arte. Bistan da industria haren lanek paisaian eragin zutena. Tamalez, dinamita karga batek eztandarazi zuten 1979an Barandiaranek induskatutako ondarean, eta atzera-bueltarik gabeko hondamendia eragin zuen horrek. Gaur egun, hareazko zintzur ahokatuak eta forma bereziko eskultura hauskorrak agertuko zaizkigu han eta hemen. Eta gora begira, tanpez, malkarrean eginiko ebaketa herdoildua.

Granado baseliza

Harrobia eta hareazko eskulturak ezkerrean utzita, bidean aurrera egingo du. Dekantatze baltsak berehala agertuko dira. Bideak eskuinera egingo du orduan, eta bi hezeguneen artean zabaltzen den bidetik jarraitzeko gonbitea egingo zaigu. Harrobiko zabalgune nagusira helduko gara ziztuan. Ustiaketarako erabilitako makineria astuna orain urte batzuk eraitsi zuten. Egun, ordea, industriaren eskeletoa baino ez da geratzen han. Baita frontoia eta bulegoa izandako eraikin zahar bat ere.

Lañu herrira doan bidexka alde batean laga eta ezkerretik jarraituko dugu. Granado sakanean aurrera eginda, izen bereko baselizara iritsiko gara. Landa zabal batean ikusiko dugu tenplu historikoa. Duela mende batzuk izen bera zeraman herri baten parrokia izan zen. Kondairak dio izurrite batek hondamendia ekarri ziela bertoko bizilagunei. Herria despopulatu zen orduan. Bizirik atera zen andre zahar batek herriko ondarea gertuko herrien artean banandu behar izan zuen. Albaita eta Fuido herriei parajea bera egokitu zitzaien; Granadoko parrokiaren kanpaia, ordea, Lañu herriari.

Baselizaren ezkerrean bidexka hartu eta, jaitsiera xumearen ostean, nekazari bide batera irtengo gara. Ezkerretik jarraituko dugu orduan, eta hego-mendebaldera urratsak egiten hasiko gara. Krutziako hariztia inguratzen hasita, San Bartolome haitzaren azpian jarriko gaitu bideak. Bidebanatzean, zuzen segi eta Mesanza eta Faidu herriak lotzen dituen errepidera jaitsiko gara. Asfaltoaren gainetik egingo ditugu Faiduraino geratzen diren azken metroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA