Mendi ibilaldia

Gustaldapako meatze-iragana

Gustaldapa mendia Korres eta Atauri herrien artean gailentzen da, eta mendigune ezin hobea da asfalto naturalen meatze paisaia ezagutzeko.

Berdez tindaturiko lakua, Atauriko meategi handiaren zokogunean
Berdez tindaturiko laku bat ikusiko dugu Atauriko meategi handiaren zokogunean. JOSEAN GIL-GARCIA
Arabako ibilbidea. Gustaldapa
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Antoñana, Atauriko tunela, Atauri, San Ildefonso herrixka, Korres, Antoñana
  • Distantzia: 15 km (350 m+)
  • Iraupena: 3 ordu eta 45 minutu
  • Ingurunea: Arabako Mendialdea
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2025eko irailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, meatze ustiapenak erabat aldatu zuen Arabako Mendialdeko leku askotako paisaia. Lurpeko aberastasun handienetako bat hainbat enpresaren esku jarri zen orduan, laku edo depositu erdilikidoetan bildutako asfalto naturala erraietatik askatzeko. Geroago, asfaltozko harriak —kareharriak, Atauriko kasuan— ustiatzen hasi ziren. Harriok, tenperatura beroan eta destilatuetan behar bezala tratatu ostean, nahasketa ona ematen baitzuten obra hidraulikoen eta zoladuren estalduran aplikatzeko. Asfalto naturalak hizpide, beraz, parada ona dugu orain, besteak beste, Atauriko harrobi zaharrak, meazuloak, galeriak eta San Ildefonso meatzarien herrixka ezagutzeko.

Antoñana herrian hasiko dugu ibilbidea. Errepide ondoan euskal trenaren interpretazio zentroa dago. Errepidea zeharkatuko dugu trenbidean egokitutako zubi metalikotik. Ega ibaiaren paraleloan doan bide berdeari men eginez, Ataurirantz abiatuko gara astiro-astiro. Soilako kaskoaren begiradapean egingo ditugu lehen urrats geldoak, behiala trenico ezagunak egingo lukeen moduan. Astigarrak, zuhandorrak, erkametzak eta arteak gogaide, galeria batetik bestera igaroz joango gara. Lehen tunelean izango gara bizkor. Fuentefriako parajean dago eraikita, eta 110 metro luze da. Galeriatik aterata, ezkiek, astigarrek eta erkametzek batzarri ona egingo digute. Halaxe jarraituko dugu gero, leun eta samur, Ega ibaiaren altzoan gordetzen diren natur sekretuak argitzen. San Saturninoko zubia gurutzatuko dugu laster. Pagadiak bere egindako zoko-moko ederrean ikusiko dugu zubia, Ega ibaitik zortzi metrora eraikia.

Lucia eta San Ildefonso meategiak

Atauriko pagadiaren abaroan jarraituko dugu gero, bide bazterretan egokitutako parkeei darien soseguan begirada pausaturik. Ataurira iristeko gutxi falta delarik, trenbideak errepide azpitik igaroarazteko gonbita egingo digu. Porlanez eraikitako etxebizitzak eta aspaldiko meatze lanaren arrasto ugari ikusiko ditugu errepideaz bestaldean. Eraikinek hor diraute, nahiz eta Gustaldapako iparraldeko mazelak alderen alde zulatu zituen konpainiak aspaldi itxi zituen ateak. Tuneletik irtendakoan, 1967ko abendura arte martxan egon zen tren txikiak baliatutako geltokira iritsiko gara. Eskuinera egingo dugu han, eta, ibilbide berdeari men eginez, Ataurirantz abiatuko gara. Herrira jaitsi gabe, El Fraile muinoa alderik alde zeharkatzen duen tunelari (362 metro) bisita egingo diogu. Ederra! Iparraldeko ahotik irtetean, eskuinera okertu eta ibaiaren ondoan jarraituko dugu harik eta Atauriko elizara iristen garen arte.

Elizaren atarian ezkerrera egin eta Lucia meategirako bideari lotuko gatzaizkio. Lehen aldatsa gaindituta, meatzera doan bidea laga —bisita gidatuak izaten dira—, eta, erkameztia lagun, ur biltegira iritsiko gara. Bide sardan, aurrera egingo dugu, noranzkoa aldatu gabe. Teresa eta Carmen meatzeak bereizten dituen bidegurutzera iritsiko gara berehalakoan. Eskuineko bidetik San Ildefonso meatzarien herrixkarantz abiatuko gara baratxe-baratxe. Carmen izena hartu zuen aire zabaleko meategira helduko gara trosta arin batean. Behatoki bat gertatu dute zulogunearen ertzean, ibiltaria geologiaz jantzi dadin. Bide nagusian aurrera egingo dugu segidan. Pagadiak tanpez hartuko gaitu. Herrixkara heldu baino 400 metro lehenago San Ildefonso meazuloraino laguntzen digun bidea agertuko zaigu. Aukera dago hor zuloraino joan-etorria egiteko. Paseoak ez digu huts egingo, bertatik bertara ezagutuko baitugu Korresko, Atauriko eta Maeztuko herri lurretan 1858an hasitako meatze lanik garrantzitsuenaren agertokia.

Bisita egin ostean bide nagusira itzuli, eta herrixkaren hondarrak ikusiko ditugu ehunka metro aurrerago. Bisitarako ondo prestatuta dago, 2018tik hainbat indusketa arkeologiko egiten ari baitira bertan. Herrixka eskuinean laga, eta mendian gora egingo dugu, Korres eta Maeztu herriak lotzen dituen errepideraino. Bihurgunean utziko dugu errepidea, eta Gustaldapako artadira jotzen duen nekazari bideari heldu. Aurrena, ezkerrera joko dugu lehen bidebanatzean. Hurrena, bi aldiz eskuinera. Eta, azkena, Korresera doan errepidera irtengo gara. Asfaltotik metro batzuk egin ostean, eskuinetik doan xendra hartuko dugu, Korres herriraino baitoa.  

Antoñanara bueltatzeko, Soilako gaztelu zaharraren ondotik doan harbidea aukeratuko dugu. Beraz, elizako atarian hasten den bidea hartu eta Gaztelubidean aurrera eginda, goratasuna hartzen hasiko gara. Erkameztiarekin bat egitean, ordea, bide nagusia utzi, eta eskuinetik doan GR 282 zidorrari jarraituko diogu. Hala, gazteluaren hortz karstikoaren ondotik igarotzen lagunduko digu zidorrak. Gero, basoan barrena maldan behera jarraituta, behatoki batera helduko gara. Aukera galanta, zinez, soa Kanpezuko lurretan galtzeko. Antoñanan itxi egingo dugu Gustaldapako ingurubira, betiere Izkiko natur parkeko bide seinaleei men eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.