Araia herrian jarriko gara abian. Asparreneko udalerriari dagokion herrira helduta, ajuriatarrek bizitoki izandako jauregi parean lagako du autoa, Sagastui kalea hasten den lekuan. Plazara jo beharrean, eskuinera egin eta pauso geldoz ekialderantz abiatuko gara. Kiroldegi paretik igaroko gara laster, eta, GR 120 ignaziotar bidearen seinaleek lagunduta, ekialderantz abiatuko gara. Ezkerraldeko magalean bermatuta ikusiko dugu Amamioko San Joan baseliza. Gerardo Lopez de Gereñu ikerlariak jakinarazi zigunez, gaur egungo tenplua xumea izanagatik ere, XI. mendetik ezaguna da. Donemiliagako Ermandadeari zegokion hura, eta izen bera zeraman herrixka bati egiten dio erreferentzia. Tenplu erromaniko aparta Araia eta Albeiz herriek partekatu dute betidanik.
Ermitara igo beharrean, eskuinera egingo dugu bide sarda horretan. Ehunen bat metro egin ostean, bide zabala laga eta Zalbidetik jarraituko dugu. Behin gainaldean, hesiaren paraleloan jarraitu eta langa batera iritsiko gara. Barrera igaro ostean, Hamalau Zuhaitzak izena hartzen duen parajera helduko gara. Ondoko muinoaren magalean ikusiko ditugu erkametzok. Haien tamaina eta piura apetatsua ez dira oharkabean igaroko. Tradizioari men eginez, urtero-urtero elkartu ohi dira berton Albeizko bizilagunak Amamioko ermitara bidea hartzen dutenean. Estakuru ezin hobea, beraz, erkametzon babesean erabakiak hartzeko, aldarte onean hizketan aritzeko, bai eta pausu hartzeko ere.
GR 120 zidorreko pintura arrastoari men eginez, hegoaldera jarraitu eta Albeiz herrira helduko gara.
Mariturritik Urabainera
Boriotxo parkea eta errota atzean laga eta elizaren ezkerraldetik pasatu ondoren, Luis Dorao Albeizko irakasle eta errepublika garaiko foru aldundiko presidentea izan zenaren omenezko eraikinaren aurretik igaroko gara. 10. zenbakidun etxearen parean, ezkerrera jo eta tren geltokira iritsiko gara. Mariturri ur jario ezaguna bidetik pitin bat urrunduta utziko dugu, zer gerta ere! Nonbait, Urabain aldean esaten dute sorginak hara joan ohi direla orraztera. Geltokiko lehen bi burdinbideak zeharkatu ostean, hirugarrena jauzi txiki bat eginez zeharkatuko dugu —adi, bidea ez baitago egokituta—. Estazioko instalazio elektrikoen inguruan topatuko dugu Durrumaraino lagunduko digun bidea.
Durrumako kale Nagusitik jarraituta, iturri zaharrera helduko gara. Ezker-eskuin eginez, Baio mendirako bidea hartuko dugu. Bideak berehala banatzen dira. Ezkerreko bide zabaletik jarraituko dugu orduan, GR-25 zidorra gidari-bidari. Urabain herrira doan basabidea izaki, haren eskutik egingo dugu zeharkaldi polita erkameztian barrena. Hala, igoera xumea egin ondoren, ezkerretik segituko dugu mazelako bazterrak korritzen. Langa metaliko batera helduko gara ziztuan. Behera jo gabe, pinpirin-panpirin jarraituko dugu basoa zipriztintzen duten erkametz dotoreek liluratuta. Une batez, basabideak altitudea irabaztera behartuko gaitu. Aldapa amaitu eta ezkerretik segituko dugu, hasierako noranzkoari eutsirik. Pagoak basabidera irtengo zaizkigu segituan. Zuhaitzok izurtzen xenda batek lagunduko digu. Basabidea berriz zabaltzean, ezkerretik segitu eta Urabain eta Entziako mendateak lotzen dituen bidearekin topo egingo dugu. Goratasuna galdu besterik ez dago Urabain herrixkara iristeko. Hihazarretako monasterio ttipia han izan zela behiala gogora ekarri dute historialariek. Gaur egun, ordea, tenplu haren arrastorik ez.
Herrigunea zeharkatu eta kalean behera eginda, errepidea zeharkatu eta autobia paraleloan doan nekazari bidera iritsiko gara. Ilarduia aldera joko dugu han, autobia bera ezkerrean dugula. Errepidearen azpitik igaroko gara ehunka metro ibili ostean. Tuneletik irtendakoan, eskuinera segituko dugu Zulateko parajean altxatzen diren benta eta gasolindegi zaharra jomuga ditugula. Trenbide gainetik igaro, eta Ilarduira iritsiko gara. Autobus geralekura helduta, eskuinera egin eta Urbieta bidetik jarraituko dugu. Kukuma errekaren gainetik igaro, eta Lezeko naturagunea eta Araia lotzen dituen lekura iritsiko gara. Ezkerretik jarraituko dugu gero, eta, paseo lau bezain luzearen ostean, Araian emango diogu amaiera ingurubira honi.