Mendi ibilaldia

Illuntzarko leku gutxietsiak

Lea Artibai eta Busturialdea eskualdeen artean dago Illuntzar, eta Leia mendilerroko gailur garaiena da. Ohiko bideetatik aparte egingo dugu txangoa, Aulestiko Narea auzotik.

Pagoetako putzua, Illuntzartik gertu.
Pagoetako putzua, Illuntzartik gertu. ALI BARINAGA
Bizkaiko ibilbidea. Illuntzar
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Narea (Aulesti), Akaputxer, Illuntzar, Irurkitza, Ineritzeko Leizea, Saraua, Narea.
  • Distantzia: 7,5 km (500 m+)
  • Iraupena: 3 ordu
  • Ingurunea: Lea-Artibai - Busturialdea
  • Estekak: Ibilbidea
Ali Barinaga
2025eko irailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Illuntzar mendia 726 metro garai da, eta, ipar-ekialdeko magalak Bizkaiko Lea Artibai eskualdean hedatzen badira ere, gailurra Busturialdea eskualdeari dagokio; Nabarniz udalerriari, hain zuzen ere. Leia mendilerroko punturik garaiena da, eta paisaia karstiko malkartsua du inguruan, kareharrizko erliebe eta guzti. Mendi biribil hori igotzeko ohiko bideak Nabarniz eta Aulestitik abiatzen dira, baina gure ibilbideak Aulestiko Narea auzo dotorean izango du abiapuntua. Inguruko baserri hutsetatik, nahiz arte, haritz eta ereinotzen basoetatik igaroko da bidea, harik eta gailurrera heldu eta ikuspegi zabalez gozatzeko aukera izango dugun arte.

Aterpe baten ondoan dagoen aparkalekuan emango diogu hasiera gure txangoari, eta, pauso apur batzuk ematearekin batera, taket bat aurkituko dugu, gailurrerako bi bide seinalatzen dituena. Ezkerrekoa hartuko dugu, berehala eskuinera desbideratzen dena, eta porlanezko aldapa piko batek antena dorre batera eramango gaitu. Hasieran, seinale zuri-urdinei jarraituz, Lexarregoikoa baserrira helduko gara. Gero, basolanetarako makineriak egindako lokatzezko bideak nekez zapalduko ditugu, lubeta batean dagoen kolore biziko puntu bat ikusi arte. Hark eskuinerantz doan bidexka estua erakutsiko digu; aldapatsuagoa da, baina baita politagoa ere. Poliki-poliki, gorago egin eta zuhaitzak atzean uzten ditugun heinean, Aulestiko herria miretsi ahal izango dugu behean, inguruko mendien artean babesturik. Berehala, marka zuri-urdinak agertuko dira berriro ere, eta iparralderantz gidatuko gaituzte, arteak eta hurritzak gogaide, itsasoa ikusi arte. Berehala, taket batek ohartaraziko digu koba bat dagoela gertu: mendi bereko ekialdeko magalean, Illuntzarko leizea zabaltzen da; 120 metroko sakonera du. Hala ere, guk hortik mendebalderantz joko dugu. Nabarituko dugu bidexkak ugarituz doazela. Gora egingo dugu oraindik, baina zelai leunak ere topatuko ditugu jada, arantzen eta zuhaixken artean, eta mugarriak ikusi. Akaputxer tontor xumea (683 m) ia ohartu gabe zapalduko dugu, harri batzuk bakarrik geratzen dira eta, pilatuta. Eskuinean, Otoio ikusten da, antenagatik ezaguna, eta barnerago, Amoroto herria. Metro batzuk aurrerago, Illuntzarko gailur geodesikoa erraz identifika daiteke; batez ere haizeak astintzen duen ikurrina galantagatik.

Bitxikeria moduan, inguru horretan kanpamentu militar bat eraiki zuten erromatarrek Kristo aurreko I. mendean, eta, arkeologoek diotenez, gotorlekuaren aztarnak gailurrera egokitzen dira, koroa zabal baten gisa. Baina, egia esan, aurriak ez dira sumatzen lehen begiratuan. Hortik, beste isurialdeko toki esanguratsuak ere miretsi ditzakegu, tartean Ereñoko San Migel, Urdaibaiko biosfera erreserba eta Sollubeko antena. Atxabrin lepoa zeharkatuz, aurrera egingo dugu muinoz beteriko paisaiaz gozatuz eta Pagoetako putzuan atsedenaldia eginez; argazki bat aterako dugu han, txoko bitxia iruditzen baitzaigu.

Irurkitzako tontorrera iristean (672 m), saiak buru gainean bueltaka dabilzkigula konturatuko gara, eta, badaezpada ere, Ineritze leizeko eremura agudo jaisten ahaleginduko gara.

Ineritzeko leizea

Ineritzeko edo Inusijako leizea inguruan oso ezaguna da; 340 metroko sakon da, eta, beraz, Lea-Artibaiko sakonena. Kondairak dioenez, ama bat eta haren semea leizean amildu ziren, haitzuloaren sarreran hostazuri baten lore bat hartzen saiatu zirenean. Beherago, burdina duten ur gorrixkak sortzen dira, eta kolore gorria amak zeramatzan jantzi gorriei egozten zaie. Informazio taula bat dago, eta hartan ageri da leizeak zer ezaugarri dituen espeleologiari dagokionez, eta jaisteko nolako rappelak egin behar diren.

Azkenik, gailurren lerroa osatzeko, Potrollokorta mendia (665 m) igoko dugu. Kostaldeko ikuspegi zoragarriak izango ditugu handik: Lekeitio eta Garraitz uhartea ikusiko ditugu, besteak beste. Ibilbide zirkularra ixteko, mendiaren mendebaldeko magaletik hegoalderantz joko dugu. Otadi artean kilometro batzuk beherantz eginez, Lekerikaren irudia bidelagun izango dugu eskuinean. Itzultzeko bidea aspergarri eta luze samarra bada ere, behin pista zabalera irtetean erraz jaitsiko gara, batez ere laburbideak aukeratzen baditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.