Mendiko bizikleta

Iratiko mendietan zehar, basoari so

p025 f01
p025 i01
  • Herrialdea: Nafarroa Beherea
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Distantzia: 41,9 km.
  • Iraupena: 4 ordu.
  • Estekak: Ibilbidea
Ivan Ruiz.
2023ko urriaren 24a
09:00

Iratiko basoa da Europako pagadi-izeidirik zabalenetan bigarrena; Urtxuri eta Urbeltz ibaiek ureztatzen dizkiote lurrak, eta biek bat egiten dute Irati ibaian, basoari izena ematen diona. Haren urak, Irabiako urtegitik igaroko dira ondoren, basoaren bihotzean aurkitzen dena. Basoaren perimetroan, ordea, Mendebaldeko Pirinioetako gailurrik nabarmenetako batzuk daude: esaterako, Orhi, Bizkaiko itsasotik hasita 2.000 metro baino altuagoa den lehena; eta Okabe, Nafarroa Behereko tontorrik gorena. Ibilbide honetan, basoa altueretatik ezagutuko dugu, bere handitasuna baloratu ahal izateko.

Bagargietako lepoan (1.327 metro) hasiko dugu gure abentura: informazio postuaren ondoan hasten den bidea hartu, laster ezkerrera biratu, eta Hegixuriko lepora (Iratiko txaletak) daraman basabideari jarraituko diogu. Bertan, GR-10 ibilbidea segituko dugu. Hegixuri mendiaren gailurrera abiatuko da, eta, ondoren, Iratiko lakura eramango gaitu jaitsiera tekniko batean.

Errepidea zeharkatuta, GR-10aren aztarnek mendian gora eramango gaituzte Harpea mendiaren ipar lepora; zati laur horretan bultza egin beharko dugu ziurrenik. Beste jaitsiera bizkor baten ostean, Garaziko txaletetatik hurbil D-19 errepidera lehenengo, eta D-18ra ondoren aterako gara, Pedroren txaletaren noranzkoan.

D-301 errepidea hartuko dugu laster eskumara, Surzai lepora daramana, izen bereko errekaren parera. Ia goian gaudela, ezkerrera nabarmen biratu ondoren (1.140 m), errepidea laga, eta hego-mendebaldera mendian gora egingo dugu, margo urdin eta horiak gidari ditugula. Aurrerago, Okabe eta Gorostia idatzia duten seinaleak ikusiko ditugu, gure kasuan bigarrenari kasu eginez. Hala, Gorostibizkar mendira igo, eta 180 gradu biratuko dugu, eta GR-10 ibilbidearekin bat egin berriro, eta, hari jarraituz Okabera igo (1.466 m). Goian, Iratiko basoaren ikuspegi zabala izango dugu, haren gainean Orhi mendia nabarmentzen delarik.

Iparraldera luzatzen den gailurreriari jarraituz, Hilarrietako mairu baratzearekin egingo dugu topo; toki magikoa bezain misteriotsua. Bertan, ia 180 graduko bira egin beharko dugu, eta Oraateko lepora eramango gaituen xendari jarraitu. Han, Urbeltz ibaiak sortutako sakanera jaitsiko gaituen pista aurkituko dugu.

Xaxpigaña eta Orhi, bizkarrez

Sakaneko pistarekin bat egiten dugunean, Iratiko etxeetara daramana, hari eskumatik jarraitu, eta, metro gutxi barru, ezkerrera desbideratzen den bideari jarraituko diogu, ibaia zeharkatuta (921 m). Ikatz txondor bat ikusiko dugu laster, eta, gero, legarrezko pista ekialderantz biratuz doa, eta Errekaidorreko sakanetik Jauregizar lepora igotzen da.

Lepoa gainditutakoan (1.262 m), bidea iparralderantz biratuz doa pixkanaka, Bizkarze mendiaren hego magalean zehar, Ibarrondoko kayolarrera iristen den arte. Ezin hurbilago ditugu Xaxpigaña eta Orhi ikusgarriak orain, gure bizkarrean daudenak, pista Leherra-Mürkhüilla leporako norantzan jarraitzen dugun momentuan.

Lepora iritsita (1.528 m), pista alde batera utzi,ezkerrera jo, eta Iratiko etxeetara daraman bidea hartuko dugu. Hurrengo bidegurutzean, zuzen jarraituko dugu, BTT zentroaren 2, 3 eta 4 ibilbideen seinaleei kasu eginez. Laster, basabide erosoa, ekialdera lehenengo, eta iparrera ondoren, biratuz joango da, eta GRT-10.1 ibilbideari jarraituko diogu Odeizügaña, Pelüsagaña eta Txardeka mendien magaletan zehar.

Azkenik, pista nagusia zeharkatu, eta, ur depositu baten ondotik igarota, Organbidexka mendiaren magalera igoko gara, eta Iratiko txaletetara itzularaziko gaituen xenda topatuko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.