Uraren Bidea Donezteben hasi, Elgorriaga eta Iturengo lurrak zeharkatu, eta Zubietan amaitzen da. Ibilaldia Ezkurra ibaiaren ondotik hedatzen da, eta oinez zein bizikletaz egiteko oso aproposa da. Hemen proposatzen dugun ibilaldia, berriz, Uraren bidearen zati bat besterik ez da, Ituren eta Zubieta herriak lotzen dituena, hain zuen ere. Inauterietan bi herri horietako joaldunek egin ohi duten lez, bi herrien arteko joan-etorria egingo dugu, baina Ezkurra ibaiaren beste aldetik.
Herrian badira jatorrizko egitura mantendu duten Erdi Aroko bi zubi: Marizeneko zubia eta Latsagakoa. Herriko sarreran dago Marizenekoa, eta handik emango diogu hasiera ibilaldi honi. Erdi puntuko arkua duen zubiak Ezkurra ibaiaren beste aldera igarotzen lagunduko digu, eta bertan, Zubietaraino jarraitu beharreko bidea erakutsiko dizkigute bide seinaleek. Pista zabalari jarraituz, berehala helduko gara gisu labe (kisulabe) baten ondora. Garai batean, kareharria erabiltzen zen Euskal Herriko etxeak eraikitzeko, eta karobi izeneko labeen bidez eskuratzen zuten material hori. Karobiak —Iparraldean eta Nafarroan gisu labe esaten zaie— mendian egindako zuloak ziren, eta labe horietan botatzen zuten kareharria, egosi eta kaltzio oxido (karea) bihur zedin, hauts moduko gai zuri bat.
Gisu labea atzean utzi, eta Latsaga auzora helduko gara. Etxe armarridun ederren artean zabaltzen den bidetik aurrera egingo dugu, antzinako bide harriztatuarekin bat egiteko. Aldapa irristakor batetik Latsagako zubira jaitsiko gara, Iturengo Erdi Aroko bigarren zubiaren ondora. Iturengo Latsaga eta Aurtitz auzoak lotzen dituen zubia eskuinera utzi, eta Uraren Bidetik aurrera egingo dugu. Bidea basoaren eta ibaiaren artean dago, eta tarte batzuetan gora eta behera ibiliko gara aldapa txikietan.
Hiru auzoen arteko muino batean, Toursko San Martin eliza ikusiko dugu, eta aurrerago, Aurtitz auzoaren ikuspegi osoaz gozatzeko aukera izango dugu. Auzoaren gainetik, Mendaurreko tontorretan Hirutasunaren (Trinitatea) ermita agertuko da. Borda baten ondotik igaro, eta ibai aldera gerturatuko gara segidan. Baso misto eta larre artean hedatzen den bide zabal eta erosoan zehar erraz egingo dugu aurrera. Ibaiaren beste aldean, XVI. mendeko San Anton ermita ikusiko dugu, Aurtitz eta Zubieta lotzen dituen errepidearen bazterrean.
Landako bidetik jarraituz, gertu ikusiko dugu Zubieta herria, baita goialdean nabarmentzen den Jasokundearen eliza ere. Baratze eta arto soroen artean, etxe zaindu eta ederrak dituen Malerrekako herri honetan murgilduko gara. Ezkurra ibaia harrizko zubitik igaro, eta garbitegi zaharberrituaren ondotik zabaltzen den egurrezko pasarelara jaitsiko gara, Zubietako errota ekomuseora ailegatzeko. Errepidean beste gisu labe bat dago. Zubietako errotaren lehen erreferentzia 1547. urteko da, baina errota 1785ean eraiki zen, eta gaur egun martxan jarraitzen du. Ekomuseoak hiru zati ditu. Lehenak errotazainaren lanean murgiltzen du bisitaria, eta garia eta artoa nola ehotzen diren ikusteko aukera ematen du. Segidan, erakusketa txiki batean, ehotzeko, zura lantzeko eta usadiozko nekazaritzako tresna etnografikoak ikus daitezke. Azkenik, audio batek herriko usadioen berri ematen du.
Abiapuntura itzultzeko, etorritako bidetik atzera egingo dugu, eta, Iturenera iristean, herriko etxe ederren artean, XVIII. mendeko udaletxea eta jauregia ikusi ahal izango ditugu. Behe Erdi Arotik izan dute jauregi honen berri. 1712an Juan Bautista Cortajarenak jauregia eta hari lotutako ondasunak erosi zituen; Ameriketan egondakoa zen, eta urrezko astoa esaten zioten. Jabetza horiek eskuratu ondoren, eraikina bota eta orain dagoena jaso zuen 1715erako. Marizeneko zubira heldu aurretik, Malerrekako herrietako arkitektura herrikoiaren estiloan egindako etxe artean ibiliko gara. Etxe horietako batzuk XVII. mendekoak dira, eta beste batzuek, berriz, elementu gotikoak dituzte.