Pasai Donibanetik Higer itsasargiraino, Jaizkibelgo itsasertzean hamaika bazter eta txoko harrigarri ikus daitezke, mendeetan zehar naturaren indarrek zizelkatu dituzten forma eta irudi harrigarriak bezain ikusgarriak. Ibilaldi zirkular honetan, itsasertz horretako zatirik ederrenak ezagutzeko parada izango dugu.
Lezo eta Hondarribia lotzen dituen Jaizkibelgo errepidetik joan, eta 11. eta 12. kilometroen artean dagoen lurrezko aparkalekuan utziko dugu ibilgailua; eskuinetik ateratzen den pista zabala hartuko dugu. Berehala iritsiko gara Aierdiko parajeetara, eta Talaia bidearekin bat egingo dugu. Camino Forestal a Gastarroz izena duen errotarriaren ondoko lurrezko pista zabaletik lau kilometro bete ostean, Gaztarrotz baserriaren aurrien ondora helduko gara.
Harresi handira gerturatu eta, bertan, bigarren arrailean ikusiko dugu hura gainditzeko igarobidea (Marpasa hitza eta lauburu bat harrian tailaturik). Gain aldera atera, eta zuzen-zuzenean kostalderantz jaisten hasiko gara. Putrekabi haranaren hasieran kokatuta, Labetxuko arroa osatzen duen mendebaldeko ezproitik jarraitu behar da jaisten. Baso txikian murgiltzen den xendari jarraituz, Pasai Donibanetik datorren bidezidor nagusiarekin bat egin, eta harkaitz nagusiaren gainera iritsiko gara. Sakonunera jaisteko dagoen bide bakarra kontu handiz hartuko dugu, eta tarte batean soka baten laguntza izango dugu.
Sakonunera ailegatzean, Jaizkibelgo itsasertzeko bitxirik preziatuenarekin egingo dugu topo, ezkutuan gordetzen den altxor ikusgarriarekin. Hamaika bidezidorrek ingurune honetako bazterrak zeharkatzen dituzte, eta, bide batez, haren hormetan aurkituko ditugun kolore eta irudiez gozatzera gonbidatu. Gazta-beta itxura duten harkaitzetan askotariko koloreak aurkituko ditugu: gorriztak, horiztak, zuriak, grisak, okreak, nabarrak… koloreen sinfonia paregabea! Gaur egun, zulo horiek era askotako formak hartzen dituzte (hostopilak, abaraskak…) eta, duten burdinagatik, oxidatu eta kolore bereziak agertzen dituzte.
Atzera egin, erreka gainditu eta haitzen artean marrazten den xenda txikitik gorantz egingo dugu. Garo eta belar artean irekitzen den xenda txikiak —bi marra zuriz balizatua—, biratu, eta Labirinto Zuriaren sarreran utziko gaitu. Haitz zurien anabasa gure aurrean eta irudi bereziak nonahi zizelkaturik. Berehala bi bloke handi ikusiko ditugu bata bestearen ondoan, gruyere gaztaren itxura duten bi harritzar, eta barrenean hamaika zulo eta forma. Ingurune polita eta magikoa. Bi eskultura natural hauek atzean laga, eta aurrera segitu dugu, Bobeda edo La Concha deitzen zaion horma zuri batekin topo egin arte.
Balizatutako bidetik aurrera jarraitu, eta Erentzingo Zabalaren ikuspegi osoa eta ederra eskaintzen duen talaia bikain batera iritsiko gara. Erentzingo portua izan zena gertutik ikusteko, Club Vasco de Camping elkarteak marra zuriz balizatutako xendatik erraz galduko dugu altuera garai batean portua izan zenaren ondora heltzeko. Portu hori erromatarrek erabili zuten kala bat da, eta, gerora, kontrabandistek ere sarri erabili ohi zuten.
Eszenatoki liluragarri honetaz gozatu eta gero, bi marra zuriz balizatutako xenda bilatuko dugu, eta bertatik Erentzingo Zabalera iritsiko gara. Bat-batean, gure mendean paramoudra izeneko egitura bitxien munduko kontzentraziorik handiena ikusiko dugu. Osorik ikusi ahal izateko, marea behean egotea komeni da. Xenda utzi, eta bertara jaitsiko gara. Esferiko eta biribildu itxura hartzen duten geoforma bitxi horiek dantzan jarriko digute imajinazioa, eta forma desberdinak irudikatuko ditugu: dortokak, arrautzak, anforak, esponjak...
Ibilbide zirkularra ixteko, xenda balizatura itzuliko gara, eta Biosnar lurmuturrerantz joko dugu, Kantauri itsasoan gehien barneratzen den lurmuturrera hain zuzen ere. Labar txiki baina bertikalen gainetik marrazten den xendak Talaia bidearekin bat egiten duen lekuan, Biosnar ezkerrera utzi, eta maldan gora abiatuko gara itsasotik urrunduz. Pista zabalak Aierdira eramango gaitu, baina, lehenago, aldapa piko eta belartsu batetik joan eta ibilaldia laburtuko dugu hasieran, eta jaisteko erabili dugun lurrezko pista zabalera igoko gara. Apenas kilometro bat egin, eta abiapuntura itzuliko gara.