Mendi ibilaldia

Jorriosen harrizko kaskora Karrantzako El Suceso auzotik

Ibilbide guztiz panoramikoa egingo dugu Jorriosen tontorrera, Karrantzako haranaren eta Guriezoko haranaren arteko mugan.

Jorrios mendiaren tontor harritsuaren oinarria
Jorrios mendiaren magalean oinez. GORKA LOPEZ
Bizkaiko ibilbidea. Jorrios, Karrantza
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: El Suceso (Karrantza), La Lama tumulua, Jorrios
  • Distantzia: 15 m (520 m+)
  • Iraupena: 3 ordu eta 45 minutu
  • Estekak: Ibilbidea
2025eko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

El Suceso auzo berezitik Jorriosen tontorrera (840 m) doan ibilbidea oso arina da. Basoz estalitako mendi hegaletatik igaro ondoren, Armañon inguruko zelai garaietara iritsiko gara, Armañongo tontorra inguratuta. Zelai horietatik bista paregabeak izango ditugu, Karrantzako haraneko larre berde eta leunak ikusiko baititugu. Tontorrera iristeko azken tartean haitzetatik ibili beharko dugu, baina igoera ez da batere zaila, betiere arreta jartzen badugu bide zuzena seinalatzen duten mugarriak aurkitzeko.

Armañongo magalean aurrera

El Suceso auzo bitxian hasiko dugu ibilbidea. Han ermita bat, zezen plaza bat eta baserri bat ikusiko ditugu. Multzo arkitektoniko hori atzean utzi, eta aurrera egingo dugu bidegurutze bat ikusi arte, baserri batera iritsi baino lehen. Eskuineko bidea hartu, eta aurrera jarraituko dugu Armañon/Jorrios eta PR BI 121 La Lama markatzen duten seinaleei segika. Larre eta arboladi misto batzuetan zehar ibiliko gara, hartxintxarrezko bide batera iritsi arte. Ezkerrera joko dugu, maldan gora.

Magal malkartsuan aurrera jarraituko dugu, larreak zeharkatuz, eta orduan ikusiko dugu Karrantzako harana lehenbizikoz. Pinuak eta eukaliptoak dituen gune batetik igaroko gara, Pico del Carlista eta Peña del Moro haitzen arteko zintzurraren barrenean. Mendi hegalean zehar apur batean ibili, eskuineko eskailerak igo —baranda bat ere badago—, eta gorostidi bat zeharkatuko dugu basotik atera arte. Hala, Armañon hegoaldeko muinoen magalera iritsiko gara, eta aurrera jarraituko dugu zuhaitzik gabeko eremu batean. Malda bat igo, eta ezkerrera joko dugu, pista batera iritsi arte.

Ezkerrera egingo dugu, eta, 30 metro aurrerago, bidea bitan zatitzen denean, eskuinera. Aurrera egingo dugu, eta, tarte horretan, beherago dauden tontorren bista ederrak izango ditugu: hegoalderantz begiratuz gero, Baljerriko mendilerroa ikusi ahalko dugu, eta, ekialdean, berriz, Kantabriako mendilerro harritsuak. Pago batzuen ondotik igarotzean, Sopeñako artadia ikusiko dugu pagoen azpian, sakan batean. Eskuineko belardian La Lama tumulua dago, eta ezkerrean, PR ibilbideak Sopeñarako norabidea hartzen du, eta El Sucesora itzultzen da. Ez dugu bide hori hartuko. Pistan aurrera jarraituko dugu, eta Armañon inguratzen hasi; eskuinera geratuko zaigu tontorra.

Ikuspegia Jorriostik

Gora egingo dugu, gailur lerro biribilkararen azpitik. Apur batean aurrera segitu, eta maldan behera joango gara tarte txiki batez. Hala, Peñas de Fuente Fria mendien gailur lerrora iritsiko gara, eta bat egingo dugu GR 123 bidearekin. Eskuinera joko dugu, Jorrios eta Turtzioz aldera, eta eskuinerago geratuko zaigu Armañonera igotzeko bidea. Aurrera egingo dugu mendi magaletako larreetatik, eta ezkerrera sakana ikusiko dugu, barrenean basoa duela. Pagoz eta pinuz osatutako baso bat zeharkatu, eta bidea bitan banatuko da: ezkerretik joko dugu, eta, hala, eskuinean utziko dugu beste bidea, Armañongo aterpera doana, hain zuzen; handik aurrera jarraitzen du GR 123 bideak.

Izeidi bat inguratu, eta hesi bat gurutzatuko dugu oinezkoentzako tartetik. Gero, bidexka bat hartuko dugu Jorriosen harrizko kaskoaren oinean dagoen lautadarantz. Tontorraren oinera iritsi, eta ezkerrerantz joko dugu apur bat. Gero, eskuinetik igo, eta adi joan beharko dugu, hasierako metroetan zenbait mugarri baitaude ezkerraldean. Aise aurkitzen baditugu, mugarriek markatutako igarobideetatik igotzea besterik ez dugu; horrela, zuloz eta sastrakaz betetako eremuak saihestuko ditugu. Bestela, ahalik eta zuzenen egin dezakegu gora, baina aipatutako oztopo naturalak aurkituko ditugu bidean. Gailurreko haitzetan aurrera eginda, oreka galdu gabe, Jorriosen tontorrera iritsiko gara, eta Kantauriko kostaldea ere ikusiko dugu handik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.