Hernialde eta Alkiza herriak (Gipuzkoa) lotzen ditu ibilbide honek, euskal literaturako pasarteak eta naturako parajeak uztartuz. Joxean Sagastizabalek 1994an argitaratutako eleberri ospetsuan, bide bera egiten zuen Juan Martin donostiar gazteak egunero, Hernialdetik abiatu eta Alkizako barnetegira, euskara hobetzeko asmoz.
Hernialdeko udaletxea eta Ama Birjinaren Jasokundearen elizaren aurrean dagoen plazan emango diogu hasiera ibilaldiari. Plaza horretan ikusiko dugu lehen aldiz ibilbidearen bide sinbolo berezia izango dena: lau hortzeko sardea. Ibilbide osoa ederki seinaleztatuta dago, eta, bide seinale horiekin batera, eleberriarekin zerikusia duten zenbait gune ikusiko ditugu.
Gurutze bidean zehar, Txingurri bailara aldera abiatuko gara. Lehen bidegurutzera iristean, Lizarbakarrera doan bidea utzi, eta lau hortzeko sardeak erakusten digun norabideari jarraituko diogu. Laster iritsiko gara lehen gune berezira, kalbarioaren ondoan etzanda dauden enborren ondora. Eleberriko pertsonaien protagonisten izenak agertzen dira enborretan: Ixabel indigenarena eta Juan Martin kalekume euskaldun berriarrena.
Lehen gune berezi hori atzean laga ondoren, galtzada zaharrean zehar jarraituko dugu hurrengo bide tartean. Basoan murgilduko gara, eta, pista zabal eta eroso batean zehar, bi herrien arteko mugan dagoen lekuan, bigarren gunera helduko gara. Zutik jarritako zortzi enborretan, eleberriaren paragrafo eta esaldi batzuk irakurri ahal izango ditugu. Bakoitzean agertzen den QR kodearen bidez, hiztegiari eta bestelako erreferentziei buruzko informazioa jaso daiteke.
Alkizako lurretan barneratu, eta Arana bailarara iritsiko gara. Lehen baserrien ondora iristean, Arritzagako informaziogunea ikusiko dugu. Erdi etzanda dauden sei enborretan, eleberriaren hiztegiarekin zerikusia duten zenbait hitz eta esamolde agertzen dira. Mandabe errekaren gainetik pasatu, errepidean zehar metro batzuk bete, eta, Urruzola upategi aldera igotzen den bidea hartuko dugu. Lau hortzeko bide seinaleek erakusten duten bideak mahastian barneratuko gaitu, eta, ataka bat gainditu eta gero, lurrezko pistan barrena aurrera egingo dugu.
Kilometro erdi pasatxo bete beharko dugu Etxabetxiki baserriaren ondoraino iristeko. Aurrera eginez, Alkiza herriaren ikuspegi osoa edukiko dugu, ederra oso; izan ere, Hernio-Gazumeko mendigunearen magalean kokaturik, ederra dira herria eta ingurunea. Zementuzko bideak Santiago ermitaraino eta hari atxikita dagoen hilerriraino eramango gaitu. Gertu dugu herrigunea, eta, etxe artean ibiliz, San Martin eliza eta udaletxearen aurrean dagoen plazara iritsiko gara.
Plazan, ibilbideari buruzko argibide taula dagoen lekutik Arana bailararen ikuspegiaz gozatu ondoren, Anoetara jaisten den errepidean zehar beteko dugu hurrengo tartea. Herritik atera aurretik, lau hortzeko sardea duen bide seinaleak errepidea utzi behar dugula erakutsiko digu. Xendaren hasieran, ibilbidearen azken informazio gune berezia ikusiko dugu. Zutik jarritako lau enborren goiko aldean, eleberriari buruzko informazioa irakurri ahal izango dugu.
Xendak errepideraino eramango gaitu. Errepidean zehar jaisten jarraitu, eta, gure eskuinera Antzieta baserria utzita, Alkizara igotzeko hasieran erabili dugun ibilbidearekin bat egingo dugu. Hernialdera bueltatzeko bidea dagoeneko ezagutzen dugu.