Ibilbide honek Legarreko leizeraino igotzea du helburu. Gazteluko paraje natural hori bisitatzea, 1936ko uztaileko matxinada militarraren ondorioz Nafarroan izandako krimenik bortitzenetako baten eszenatokia, alegia, eta laurogei urtez isiltasun itxi batek gorde dituen Sagardia Goñi familiaren nondik norakoak ezagutzea.
Gazteluko Santo Domingo elizaren ondotik abiatu, herriko kale nagusia zeharkatu, eta herriko ostatuaren ondoan dagoen iturri garbitokira iritsiko gara. 1888an eraiki zuten Kubara emigratutako gazteluar batzuek eta, 2008an, auzolanean eraberritu zuten. Aspaldian behiak ferratzeko erabiltzen zen ferratokia ikus daiteke. Haritzaldea, Sanjulur, Argiñazpi eta Otsartegi baserri eta borden ondotik pasatzen den porlanezko errepide txikian barna igotzen jarraituko dugu. Joaneseko bordaren ondotik igaro ondoren, gure mende izango dugun ikuspegi eder eta paregabeaz gozatzeko aukera izango dugu.
Mendi aldera ateratzen den lurrezko pista baten ondora ailegatzean, errepidea utzi eta Kopako bordaren ondora iritsiko gara. Bide nabarmenak pagadian murgildu eta Legarreko leizearen ondora eramango gaitu. Pago baten azpian dago leizea, burdinazko barrez itxita, eta ondoan, Mikel Iriarte eskultoreak Sagardia Goñi familiaren omenez egindako oroimenezko eskultura, eta, azkenik, inguru horretan izandako gertakizun krudelak jasotzen dituen argibide taula.
Nafarroan krimenik lazgarrienetako bat gertatu zen leize horretan: zuloaren hondora bota zituzten Juana Josefa Goñiren eta haren zazpi seme-alabetako seiren gorpuak. 1936ko abuztuaren 30ean, Gazteluko 38 urteko emakume bat, Juana Josefa Goñi Sagardia, desagertu egin zen, seme-alabekin batera. Hamabost egun lehenago etxetik eta herritik kanporatuak izan ziren lapurreta txikiak egitea egotzita. Tarteko egun haietan, mendian bizi izan ziren, adarrez egindako txabola batean, Pedro Sagardiaren, hau da, Goñiren seme-alaben aitaren zain. Aita eta seme nagusiena kanpoan ziren mendiko lanetan, eta ezin izan zieten lagundu senideei. Gau hartan, norbaitek txabola erre eta familiako kideak leizera bota zituen, ziurrenez aurrez hilda.
2016ko irailean, Aranzadi zientzia elkarteak eginiko indusketa lanei esker, gorpuzkiak leizetik atera zituzten, eta baieztatu zuten kontakizuna egiazkoa zela. Alabaina, ez dago behin betiko adostasunik motibazioei buruz, aurreiritzi sozialak eta politikoak nahasten baitira. Urtebete geroago, 2017ko irailean, Sagardia Goñi familiaren omenezko ekitaldi bat egin zen leizean bertan, eta, ondoren, Gaztelun, senideei eman zizkieten gorpuzkiak, herriko hilerrian ehortz zitzaten. Azpimarratzekoa da Jose Mari Esparza idazle eta historialariak egia azaleratzeko egindako ahalegina.
Memoria historikoko gune izendatutako paraje horretatik aldendu, eta Irisoko bordaren ondoan dagoen porlanezko errepidera iritsiko gara. Mendiko bide zahar horretan aurrera eginez, Zamargiñeneko bordaren ondotik pasatu eta Legasa herriraino jaitsiko gara. Herrian sartu gabe Bidasoko bide berdetik hirurehun bat metro egin ondoren, Gaztelura doan pista hartuko dugu, ezkerretik. Baserri artean hedatzen den bide honetatik abiapuntura helduko gara, Gazteluko elizaren ondora hain zuzen ere. Tarte bat izanez gero, interesgarria da herriko hilerrira joatea —handik gertu baitago—, eta Sagardia Goñi familiaren hilobia bisitatzea.